Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ortzadar Euskal Folklore Elkartea Xeremies; Mallorca, Hernani eta Iruñeko herri musika taldeen topaketa

Dokumentuaren akzioak

Xeremies; Mallorca, Hernani eta Iruñeko herri musika taldeen topaketa

Es Reguinyol, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak eta Txilibita Fanfarreak bilatu dute elkartzeko parada eta, ohi dutenez, kalera atera nahi izan dute haien musika herritarrekin banatzera. Pere Joan Martorell, Mikel Lasarte eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean, Hernanin eta Iruñean izango dira asteburu honetan.

Xeremia esaten zaio Mallorcan jotzen den zahagidun gaitari; xeremier gaita joleari. Ohikoa da uhartean flabiol i tamborí jotzailearekin colla edo taldea osatzea (txistularien pare, esku bakarreko flauta eta danbolina jotzen dituztenak).

Egitaraua

Apirilak 19, ostirala – Hernani
18:30 kalejira herriko kaskoan barrena

  • Es Reguinyol – Xeremiers de Muro
  • Txilibita Fanfarrea
  • Hernaniko Dultzaineroak

Apirilak 20, larunbata - Iruñea
12:00 kalejira hiriko kaleetan barrena

  • Es Reguinyol – Xeremiers de Muro
  • Txilibita Fanfarrea
  • Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Taldeak

Es Reguinyol taldea Muro herriko xeremierrek osatzen dute, bi hamarkada daramatzatelarik balear uharteko herri musika landu eta zabaltzen. Herriko eta inguruko festak alaituz, eskola sendoa osatu dute urte horietan, eta tresna hauentzako konposizio sariketak urtero antolatuta, errepertorioa aberasteko lan garrantzitsua egin ere bai. Taldearen 20. urteurrena ospatzera Euskal Herrira etorri nahi izan dute, Hernani eta Iruñeako adiskideekin.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak berriz, 50 urte bete ditu aurten, Iruñetik euskal dantza, musika eta kultura ikertu eta zabaltzeko lan eskerga eginez. Mende erdi horretan, erreferentzia bihurtua da Ortzadar herri kultura lantzen duten euskal erakundeen artean. Horren erakusgarri dira Euskal Herriko Dantzen Atlasa, folklore jardunaldiak, herri kulturari buruzko ikerketen argitalpenak edo, azkenekoa, Nafar haziak dokumentala. Eta noski, Ortzadar dantza taldea eta bertako musikariak: txistulariak, gaiteroak, albokariak nahiz fanfarrea.

Txilibita Fanfarrea Hernani Musika Eskola Publikoan sortu zen 2009an eta 15 urte daramatza, beraz, euskal musika tradizionala lantzen, dantza soinua eta herri kantuak bereziki. Txirula, dultzaina eta akordeoiak bat egiten dute saxofoi, bonbardino eta tankerako instrumentuekin hau bezalako txaranga edo fanfarre herrikoietan, 1970eko hamarkadatik hona euskal dantza taldeen soinu berezia bilakatu direlarik txistulariekin batera. Horren adibide, Santa Barbara diskoa grabatu zuen joan den urtean Txilibita Fanfarreak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea