Dokumentuaren akzioak
Folklorearen jabegoa izango da aztergai Ortzadarren jadunaldietan
Hurrengo urriaren 27an Ortzadar Elkarteak eta Nafarroako Materiagabeko Ondarearen Artxiboak elkarlanean antolatzen dituzten Jardunaldien XXXII. edizioa ospatuko da. Oraingo honetan, plazara ekarriko dugun gaia hau izango delarik: “Folklorearen jabegoa? Folklorea eta Jabegoa”. Izan ere, antolatuko dugun Jardunaldian Folklorea eta bere adierazpenen eta haiei atxikitutako balizko Jabego Intelektualaren eskubideen arteko harremanak jorratuko ditugu.
Bai hainbat adierazpen tradizionalen aspektu batzuen erabilerak, bai beste toki eta herrietan egin daitezkeen adierazpen horien kopiek eskubide moten honen esparruan gera daitezke, aspaldiko bertze Jardunaldi batean Bincheko (Beljika) inauteriaren ordezkariek adierazi bezala: haien maskarak erregistratuak daude, alegia. Bertzaldetik, dantza berrien sorkuntzak, tokian tokietako folklorari atxikitzen direnak, ez du galarazten sortzaileen edota beren gordailuzainen erregistratzea, modu horretan folklorearen ezaugarria izan den anonimotasunarekin hausten.
Horretaz guztiez mintzatzeko, folkloreari esleitu dakizkion jabego intelektualaren modalitateak eta bere ezaugarriak landuko duen mahai-inguru bat antolatu dugu aurten. Mahai horren hizlari nagusia EHUko Eskubide zibilaren irakasle titularra eta Jabego Intelektualaren eskubidean aditua den Isabel Hernando andrea izango da. Bere ondoan mahaian, Alfredo Asiain, Nafarroako Materiagabeko Ondarearen Artxiboko zuzendaria izango da eta Karlos Irujo, Ortzadar Elkarteko kidea, moderatzaile lanetan. Aurreko edizioetan bezalaxe, Jardunaldietarako sarrera librea da; hala ere, Ortzadar Elkartearen asmoa da folklorearen gai hauetan hertsiki inplikaturiko taldeak eta pertsonak gonbidatzea, mahai inguruari izaera zabalago bat emate aldera. Honela, gure ustetan, agian urrutiegi geratzen zaizkigun ideiak eta kontzeptuak hurbilekora ekartzeko parada handiagoa izango dugu.
XXXII Folklore Jardunaldiak
Noiz: urriaren 27an, 20:00etan.
Non: Iruñeko Descalzos kaleko 65, beherean.
Dokumentuaren akzioak