Dokumentuaren akzioak
Iruñeko Ortzadar Elkarteak Dantzaren Atlasaren eguna ospatu zuen
Aurreko larunbatean, irailaren 8an, Iruñeko Ortzadar Elkarteak Dantzaren Atlasaren eguna ospatu zuen. Nafarroako Dantzen Atlasa martxan jartzearen harira hasi ginen Ortzadarren honen inguruan zerbait ospatzen. Ez da aurtengoa lehendabiziko urtea, HIRUGARRENA baizik. Egun honen helburua Atlasean urtean zehar agertu diren edota martxan ari diren fitxen dantzak Iruñean erakustea alde batetik eta bestetik, bai gu eta nafar taldekiko harremana sakondu, bai eta ere taldeen artean elkar ezagutzea. Horregatik aurreko urteetan Murchante eta Leitza eta Bera eta Monteagudo elkartu egin ditugu eta haien dantzak Iruñeko karrika eta plazetan iruindarroi azaldu.
Gure ohitura honi ezin izan diogu aurten segida eman eta bakarrik talde bat (eta Ortzadar) ekarri ahal izan dugu gure plazetara. Izan ere, Iruñeko Udalak eguneko egitaraua bere kabuz aldatu egin du eta aurreko urteetan berak antolatutako ekitaldiak arratsaldez egiten baziren, aurten goizaldera pasatu ditu Iruñeko Alde Zaharreko erabilgarriak diren kaleak eta plazak bereganatuz Udala bera eta bere segizioa prozesio zibila egiteko. Ordutegiak, tokiak eta abar azken momentuan jaso izan genituen eta horregatik Nafarroa Behereko Burgaintzi taldearekin genuen hitzordua, beste egun baterako gelditu izan da. Baietz 2019an!!
Hala ere, Udalaren egitarau uzten zizkigun tarteak (fisikoak zein denborazkoak) erabili izan genituen eta Iruñean ikusi ahal izan ziren Fustiñanako Barde-Ribera taldeak dantzaturiko Paloteadoaren makil dantza guztiak eta Ortzadar Elkartearen Dantza Taldearen Lakuntzako dantzak.
Ondoren eta giro ezin hoberenean, “anaiatekotasunezko” bazkaria egin genuen Ortzadarren Txokoan.
Dokumentuaren akzioak