Dokumentuaren akzioak
Aitzindariak: Aitzina Biga
Aitzina Biga ikusgarria
2007an Aitzindariak elkarteak Aitzina Pika ikusgarria plantan ezarri zuen. Berrogeita hamar bat xiberotar ari izan ziren dantzan, antzerkian edo kantan; dener parte hartzeko parada emana izan zen, belaunaldi desberdinak nahasiz.
Gaur egun, xiberotarren arteko trukaketen azkartzeko, ikusgarri berri baten proposatzeko beharra senditu dugu. 2025eko udaberrian, Aitzina Biga ikusgarria Xiberoan emanen dugu eta ondotik, Iparraldean behin eskainiko dugu eta beste behin Hegoaldean.
Ikusgarri berri honetan, xiberotar dantza tradizionalak, sorkuntzak, antzerkia, bertsoak eta kantuak izanen dira. Aitzina Biga ikusgarriak 107 parte harzale bilduko ditu: 52 dantzari, 29 kantari, 9 antzerkilari, 2 bertsolari eta 15 musikari.
Istorioa - egitura
Aitzina Biga ikusgarria hiru partetan zatitua izanen da:
- Lehen parteak, herrien arteko desafioak izanen ditu gaitzat, eta bigarren irakurketa batean munduko erresumen arteko lehiak. Egia da xiberotar dantza lehiaketa mota bat dela. Herri desberdinetako dantzari bakoitzak besteak baino hobea izan behar du. Maskaradetan adibidez, barrikada denboretan, herri batek bestea errezebitzen duelarik, arizale bakoitzaren parean, besteak baino hobea izan behar du.
Parte horren aurkezteko, ikusgarrian, antzerki momentu bat agerian ezarria izanen da. Horrek irria eta alaitasuna ekarriko dizkio ikusgarriari. Bi kantuk bi gaiak aipatuko dituzte momentu ozen eta eder batean. Zati honetan, hiru dantza tradizional izanen dira, horiek sinbolikoki herri bakoitzaren harrotasuna erakusten baitute.
- Bigarren parteak, xiberotar dantzaren transmisioa erakutsiko du. Parte honetan, dantzari, antzerkilari eta kantariek xiberotar dantzaren transmisioak ukan dituen gorabeherak aurkeztuko dituzte.
Zati hau antzerki momentu batekin hasiko da, gaia manera umoristiko batera itzultzeko. Ondotik, kantuak eta dantza tartekatuko dira. Momentu azkar bat izanen da, dantzari guziek makila batekin dantzatuko baitute, honek transmisioa sinbolizatuko duelarik.
- Hirugarren eta azken parteak, elkartasuna eta elgarretaratzea aurkeztuko ditu Xiberoan, baita Hegoaldean ere. Parte honen helburua, ikusgarriari ondorio baten ekartzea izanen da, betiere antzerkia, dantza eta kantua tartekatuz. Dantzaren aldetik, dantzari guziek elkarrekin emandako sorkuntza ikusgarria izanen da, bukaeran 52 dantzariak eszena gainean izanen baitira. Zati honek erakutsiko du denak batuz gauza politak egiten ahal direla.
Jaiaren bukatzeko azken kantu bat izanen da. Artista guziek kantatuko dute, pastoral batean bezala. Momentu ezinago eder bat date, dudarik gabe.
Dokumentuaren akzioak