Dokumentuaren akzioak
'Iturri zaharretik, indar berriz' ikuskizuna taularatuko du Oberenak larunbatean
Iruñeko Oberena dantza taldeak 75 urte bete ditu aurten. Hori dela eta, otsailaren 20an Baluarten izanen da, Oberenako abesbatzarekin, Valentziako etxeko banda sinfonikoarekin eta Haizaldi gaita jotzaileekin batera. Iturri zaharretik, indar berriz deitutako obra 20:00etan taularatuko da areto nagusian
Maxi Aranburuk zuzendutako zortziko taldea abiatu zenetik, bide luzea egin du taldeak, eta gaur egun, 150 dantzari baino gehiago biltzen ditu bere baitan. Brillantezko ezteiak ospatzeko, egitarau zabala prestatu du Oberenak. 2015eko martxoan hasi ziren ekitaldiak, elkartearen urteurrenarekin batera. Orduan flashmob bat grabatu zuten Mercaderes plazan, gerora hedapen izugarria izan zuena sare sozialei esker. Hainbat ekitaldi antolatuagatik ere, 2016. urtera gogotsu heldu da Oberena.
Lau jarduera eginen ditu aurten. Nagusiena, otsailaren 20an izanen da, Baluarten. Oberena dantza taldeak bere ibilbideari begiratua emanen dio, gaur egungo ikuspegiarekin beti ere, Iturri zaharretik, indar berriz ikuskizuna taularatuz. Dantza taldearekin batera izanen dira Valentziako etxeko banda sinfonikoa, Oberena abesbatza eta Haizaldi gaita jotzaileak. Ekainaren 12an Gure dantzak dantzari beteranoen jaialdia antolatuko du taldeak, Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera. Abuztuaren 15ean Elon emanaldia eskainiko du Oberenak, 1941eko egun hartan dantzatu baitziren lehenbiziko aldiz, herri horretan bertan. Bukatzeko, urtero ospatzen den Oberenako Dantzarien Eguna izanen da abenduaren 3an, baina aurten berezia izanen da: Oberenatik kanpo eginen da emanaldia, eta belaunaldi guzietako dantzariak biltzeko ahalegina eginen dute.
Baluarteko ikuskizuna
Urteurrenari txapela jarriko dio Iturri zaharretik, indar berriz ikuskizunak. Otsailaren 20an taularatuko dute Oberenako dantzariek Baluarteko areto nagusian. Urteurrenerako erabilitako lelo bera izanen da ikuskizun nagusiaren izenburua, Joxean Artzeren poeman oinarriturikoa. Kantuak, musika eta dantza uztartzen dituen emanaldi berezi hau bi ekitalditan dago banaturik. Lehenbizikoan zaharra dena aurkeztuko da, eta bigarrenean, berritasuna, indarra eta gaztetasuna.
Soka dantza horretan garai bateko dantzariak agertuko dira buruan, gazteen errepertorio berriari eskutik harturik. Beti ere indar berriz; urte anitz dituen iturri zahar horretatik ur berria edanez.
Oberena dantza taldeak iturri horri omenaldia eginen dio, baita bertatik edan duten guziei ere. Ez edozein gisatan, aitzitik. Aitzinean dugu iparra, iturritik edaten jarraituko duten horien espartinetan. Atzera so eginen dugu, baina urratsak gibeleratu gabe, gaur-gaurko ikuspegiarekin egin baitugu gure iraganaren aurreikuspena. Ikuspegi hori txertatu dugu ikuskizunaren egituran, taularatzean eta generoaren lanketan. Hondarreko hori, generoaren gaia, oso garrantzitsua da, talde barnean egindako lanketen emaitzak ikusteko parada izanen baita Baluarten.
Gure dantzak
Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak urtero antolatzen duen jaialdia da. Dantzari beteranoak biltzeko sortu zuen, eta urtetik urtera arrakasta handia izaten ari da. Aurten Oberena dantza taldeak antolatuko du, NEDBrekin batera, eta, beraz, taldearen auzoan eginen da: Arrosadian. Egun osoko jarduna izanen da, eta Nafarroako dantzari beterano guziek parte hartzeko parada izanen dute.
Eloko emanaldia
Oberena dantza talderen lehenbiziko emanaldia Elon izan zen, 1941eko abuztuaren 15ean. 75 urteren ondotik, taldea herri hartara itzuliko da, lehenbiziko emanaldi hori gogoratu, eta herritarrei euskal dantza erakustaldia eskaintzeko. Maxi Aranburu zen garai hartako taldearen gidaria, eta egun osoko kronika idatzirik utzi zuen. Beraz, horretan oinarrituko da egungo taldea emanaldia plazaratzerako tenorean.
Abenduaren 3a
Oberenako dantzarien eguna ospatzen da urtero Nafarroako egunarekin batera. Oberenan izaten da, eta hainbat belaunalditako dantzariek emanaldia eskaini ondotik, bazkaria egiten da elkartean bertan. Aurten, baina, berezia izanen da. Alde batetik, emanaldia ezberdina izanen da. Oberenako historia kontatuko du, eta horretarako, belaunaldi guzi-guzietako dantzariak bilduko dira (450 lagunek jaso dute gonbidapena). Ikuskizuna ez da Oberenan izanen, arrazoi teknikoengatik. Jarduna afari batekin bukatuko da.
Dokumentuaren akzioak