Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Marisa Barrena Platillu soñu parekidea

Dokumentuaren akzioak

Platillu soñu parekidea

2015/10/14 16:05
Platillu soñu parekidea

Platillu Soñua. Argazkia: Marisa Barrena

1999ko egun eguzkitsu eta sargorian dantzatu zuten lehen aldiz Platillu Soñua Kriskitin taldeko 8 mutilek Durangoko Udaletxe Plazan. Egun hartan 100 urtez ahazturik izandako PLATILLU SOÑUAren hotsak ozen entzun ziren. Erronka izan zen dantzaren berregite lana baina, Iñaki Irigoienen laguntzari esker lortutako helburuak  lorratz gozoa utzi zien bai dantzariei,  bai antolatzailoi. Harrezkero urtero izan da platilluen soñua herriko jai nagusian.

Irigoienen esanetan, Platillu Soñuaren testigantzetariko bat Alexander von Humboldt bidaiari eta ikertzaile prusiarrak eskaini zuen, 1801. urtean Euskal Herrira eta Durangaldera egindako bidaiaren ondotik. "Ezkutu-dantza" izendatzen du Humboldt-ek eta umeek Corpus festan egin ohi dutela. Dantzari-dantzako sortako dantzak diruditen beste dantzen artean aipatzen du ezkutu-dantza edo Gipuzkoan brokel-dantza moduan ezagutzen denaren antzekoa.

Atzo, urriak 13,  berreskurapenaren 16. urteurrenean, gogoz astindu zituzten Platilluak Durangoko Dantzariek, Kriskitin, Txoritxu Alai eta Tronperriko taldeko neska-mutilek. Eguraldi umela baina gogo beroa durangarrena. Lehen aldiz irten ziren neskak Dantzari Dantza dantzatzera Durangoko Udaletxe Plazara. Platillu Soñuaz gain, Agintariena, Gorulariena, Txontxongilloa eta Erregelak ere dantzatu zituzten.

Parekidetasunaren arloan dihardugun dantza zaleontzat egun handia izan zen atzokoa. Itzela. Neskak zein  mutilek ederto egin zuten dantzan, inor ez zen atzean geratu, ez horixe. Zenbait ikuslek gure neskak “suplente” lanetan zebitzala pentsatu zuten hasieran, gerora argi geratuko zitzaien ez zela mutilik eza, baizik eta mutilak bidaide hartuta normaltasunerako urratsa eman zutela Durangoko neska-mutilek.

Nork asmatu ote zuen dantzen generoa? Dantzek ere generoa ote dute? pentsatu nuen neure kautan. Halan zein holan, jaietako egun handian platillu eta txilin hotsek denon bihotzak poztu zituztelakoan nago. Zorionez, Durangon dantza zaletasunak bizirik dirau. Gora Durangoko Dantzariak!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Marisa Barrena

Marisa Barrena