Dokumentuaren akzioak
"Plateru" ikuskizuna Durangon
"Plateru" ikuskizuna prestatu du hainbat disziplinetako durangar talde batek Durangoko Plateruena Antzokiaren XIV. urteurrenerako. Durangoko zidarginak edo plateruak hartu dituzte abiapuntu ikuskizuna prestatzeko. Emanaldia urriaren 28an izango da, arratsaldeko 7etan, Plateruenean.
Orain dela urte bete inguru Aritz Lasargurenek eta Ixone Aromak landutako ideia, maiatzean hasi ziren gorpuzten eta lau hilabeteko prestaketen ostean domekan eskainiko dute lehenengo agerraldia. Ikuskizunaren gidoia Erika Lagoma bertsolariak idatzi du, musika berriz, Matxalen Ertzilla biolontxelistak atondu du. Sortzaileen asmoa ez da ikuskizun historikoa egitea, baizik eta, tradiziotik etorritako dantza eta musika gaur egungo mugimenduekin zein soinuekin uztartzea. Horregatik, eszenatokian azalduko diren partaideek hitzak eta bi garaietako musikak eta dantzak uztartuko dituzte.
Dantza garaikidetik datozen Uribarri Atxotegi eta Ane Gabilondorekin batera, dantza tradizionala landu duten Maider Zubizarreta, Eneko Txintxurreta, Beñat Martinez, Patricia González, Josu Fernandez, Leire Sagastagoia, Uxuri Gallastegi, Aritz Lasarguren eta Erika Lagoma azalduko dira. Musika jartzen berriz, Juan Antonio Aroma, Jone Ertzilla, Izaro Ertzilla, Iker Hernandez, Irati Sanz eta Matxalen Ertzilla izango dira.
‘Plateru’k proposatzen duen bi garai desberdinen arteko uztartzeaz gain, zidargin haien aitortza zein gaur egungo aldarrikapenak tartekatu nahi ditu. Orain arte Plateru ezagunak, Juan Cruz eta Antonio de la Fuente izan dira. Juan Cruz koplagile eta soinularia eta Antonio dantzaria. Oraintsu berriz, bi anaiekin batera, arreba bat ere dantzan aritzen zela aurkitu dut. Hariari tiraka, berau Maria Francisca Escolastica zela jakin du eta ‘Plateru’ ikuskizuneko sortzaileek emakume hori ere omendu nahi dute agerraldian.
Edozelan ere, ‘Plateru’, disfrutatzeko eta pertsonaia haien izpiritu saltseroa erreibindikatzeko sortu dutela diote egileek.
Dokumentuaren akzioak