Dokumentuaren akzioak
Ezpatadantzari Egun gogoangarria
Urte asko igaro diren arren, gogoan daukat iluntze hura. Ezin ahaztu, Gerediaga elkarteak deituta, Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna antolatzeko, dantza taldeetako ordezkariok Astolan egin genuen bilera. Kriskitin taldearen ordezkari lez joan nintzen. Emakumeen partaidetza aipatu nuenean gora-goraka hasi ziren bildutako asko. Egia esan, gizonak ziren gehienak.
Biharamunean, Kriskitin taldean bileraren berri eman eta botazio baten ostean, emakumeen partaidetza barik ez ginela Ezpatadantzari Egunera joango erabaki zen. Erabaki horri oraintsu arte eutsi diogu. Harik eta, zenbait urtez kanpoko trumoi hotsei aurre egin ondoren eta barne gogoeta luzea tarteko, 2016ko Ezpatadantzari Egunean Izurtzako plazara gure taldeko 3 emakume irten ziren arte. “Natural egin dabe eta natural ikusi dogu” jarri zuen twitter-en lagun batek.
Natural ez eze, txukun egin zuten dantzan, bai neskek, bai mutilek. Dantzari-dantza osoa irriparrea galdu barik. Aurton berriz, Iurretako plazan izan da Ezpatadantzari Eguneko hitzordua. Kriskitin dantza taldeak lehen aldiz egin du dantzan Iurretako plazan. Egun historikoa guretzat. Oraingoan, taldeko 4 gizon eta 4 emakume, Merinaldeko 50. Ezpatadantzari Egunean. Orotara 84 gizon eta 4 emakume plazan.
Saioa amaitzean honako hau zioen emakume dantzari batek: “Hainbeste gizonen artean, neure begien aurrean, IURRETA errotulua ikustean sentitu dudan zirrara, ezin dot berbaz adierazi, itzela izan da”. Kriskitineko gizon dantzari batek berriz: “Negar anpuluak urten dauztie emoziñoagaz”.
Ni ikusle talaiatik pozez gainezka saio osoan zehar. Begiak eta belarriak zuhur. “Beittik neskak be” edadeko gizon batek nire ondoan. “Mutilek bestien edo ...” beste batek. Egia esan, dotore ikusi ditut gaur be gure neska-mutilak. Talde lanaren sekulako emaitza.
Halan zein holan, “Ezina, ekinez egina” pentsatu dut neure kautan. Txiri-txiri bagoaz plazan geure lekutxoa egiten. Eta, badatoz atzetik ere kimu berriak.
Egun ederra. Egun gogoangarria.
Dokumentuaren akzioak