Dokumentuaren akzioak
Durangoko jaietan dantzan
Durangoko jaietan, gure herriko jai egun nagusian, Udaletxeko plazan egin dugu dantzan. Aurtengoa 19. aldia izan da eta lehenengo urtean bezain gogotsu jardun dugu.
1999. urtean erronka bikoitza izan genuen Kriskitin taldekook. Batetik 100 urtez ahaztuta egondako Platillu Soñua dantza berreskuratzea, bestetik, Durangaldeko gure dantzak, herriko jaietan, plazan dantzatzea.
Ez zen erraza izan orduko hartan, jai batzordeak traba bat baino gehiago jarri zizkigun programan gure saioa kokatzeko. Plazan ikusleentzat jarri genituen aulkiak ere, taldeko diru-poltsatik ordaindu genituen. Jaietako aurrekontuan ez baitzegoen gastu hori aurreikusita. Trabak traba, sasi guztien gainetan plazara irten eta gustura dantzatu genuen egun argi eta eguzkitsu hartan. Urriaren 9a izan zen. Zapatua. Txupinazo eguna.
Hurrengo urtean, txupinazo egunetik artopilen banaketa egunera pasatzea proposatu zigun jai batzordeak eta harrezkero egun horretan izan gara urtero Udaletxe Plazan. 2015etik hona berriz, neskek zein mutilek astintzen ditugu platilluak. Gainontzeko dantzetan ere ez dago genero bereizketatik gure taldean.
Txikia da gure Udaletxe Plaza, toki mugatua izaten dugu baina ingurukoen hurbiltasunak emoten duen energiak eguzkiaren izpi beroak eta lurreko hezetasuna gaintzeko indarra sortzen du. Mugak muga, ahalik eta ondoen dantzatzen saiatu gara. Aurten; Platillu Soñuaz gain, Agintariena, Binangoa, Txontxongilloa, Gorulariena, Dominguilloa eta Erregelak dantzatu ditugu.
Atsegina izan da txalo zaparrada entzutea, ikusleen aurpegi alaia ikustea eta esker oneko berbak jasotzea.
Dantzatzen duen HERRIA, goroldiorik egingo ez zaion HARRIA
Dokumentuaren akzioak