Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kresala Dantza Taldea Kresala taldearen "Oteizaren kaxa beltza" dantza estreinaldia

Dokumentuaren akzioak

Kresala taldearen "Oteizaren kaxa beltza" dantza estreinaldia

2015/06/05 17:00
Kaixo lagunok,

Atxikituz datorren ekainaren 13an, larunbata, iluntzeko 20:30etan, Kresala taldearen eskutik Gernikako Lizeo antzokian estreinatuko den "Oteizaren kaxa beltza" lanaren inguruan argibideak bidaltzen dizkizuegu.

"Oteizaren kaxa beltza" XI. Dantza Zirkuituan aukeratua izan da. Pasa den martxoan aurrestreinaldia izan zen. Egun jada, behin betiko estreinaldi ofiziala ekainaren 13an Gernikan izango da. Behe aldean sinopsi laburra.

Milesker eta laster arte!
Eneritz Ardanaz
Kresala Dantza Taldea

Sinopsia:

Oteizaren kaxa beltza ikuskizunaren estreinaldia
Ekainak 13, larunbata, 20:30 / Lizeo antzokia, Gernika
Dantza XI. Zirkuituan aukeratua


Kresala dantza taldearen ekoizpena. Zuzendaritza artistikoa Faustino Aranzabal

Oteizaren kaxa beltza dantza-ikuskizun bat da, kaxa beltza nozioaren hiru ardatz funtsezkotan oinarritzen dena: lehenik eta behin, eszenaren eta teatroaren zentzuan; bigarrenik, Oteizak hala izendatuta, bere-bereak diren kaxa beltzak direlakoetan, hots, artistaren ibilbide plastikoari azkena eman zioten obra metafisikoetan; eta, azkenik, hirugarren adierarekin, egiazko kabitate gorabeheratsuan, zeinaren barneko elementuak ezezagunak baitira, eta soilik “kanpotik” antzeman baitaitezke, kanpoko manipulazioen edo behaketen bidez.

Azken kaxa beltz berezi horrek ingurunearekin zer-nolako interakzioa duen interesatuko zaigu; aurreko kaxa biak zer, nola eta zergatik diren ulertzeko. Zabal dezagun, bada, pittin bat. Diziplinarteko materialen bilketa eta erregistroa azalduko dira bertan, misterio ezkutuak argitzeko eta deskodetzeko ahaleginean. Ahalegin hori, hain zuzen ere, Oteizaren kaxa beltza obraren baitatik egingo da.

Jorge Oteizaren gainean eraikitako mitoa barik, haren obra hartu da aintzat dantza-ikuskizun berri hau zuzentzeko orduan. Ikuspegi kaleidoskopiko bat ematen saiatu gara, erabateko begirada bat, interesa bere “egitekoan” jarrita. Era berean, egiteko hori marko honetan ulertu behar da: bere bizi proiektu pertsonalak, nahiek, asmo esperimentalaren metodoek eta emaitzek, poesia eta saiakera-sorkuntzak, ikerketek eta haurren heziketa estetikoak adierazi duten guztian. Haren lan guztia interpretatzen da halabeharrez hil, eta, ondoren, pertsonen baitan birsortuko den bitarteko gisa. Artea errealitatea eta bizitza helburu dituen teknika gisa ulertu, eta konfiantza osoa izan zuen beti giza existentziaren baldintza tragikoa salbatzeko arteak duen boterean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kresala Dantza Taldea

Kresala Dantza Taldea

KRESALA DANTZA TALDEA. 1968an sortua Gene Yurre dantzari eta koreografoaren eskutik. Talde aitzindaria Euskal Herrian euskal dantzaren bilakaera berrian. 1993ko ekainetik Faustino Aranzabal da taldearen zuzendari artistikoa. Tradizioa sormenerako inspirazio iturritzat hartuta, dantza antzezpen berritzailea burutu du, hogeita hamar ekoizpen saiotik gora osatuz: Sokadantzan, Besta Berri, Marixe, Sehaska, Ayres for the theatre, Buba eta Bubu, Oteizaren kaxa beltza, Argia, keinuka, Ródchenko edo Hala ere ikuskizunekin. Lan guzti hauek, formatu ezberdinetan aretoko eskaintza erregistro zabala eskainiaz, ikusle helduei zein haurrei zuzenduta daude. Nazioarteko dantza jaialdi ugarietan parte hartu du, hala nola: Suitzan, Belgikan, Herbeheretan, Alemanian edo Finlandian. Artearen beste diziplinekin elkar eragiten du, sortzaileekin batera lankidetzan.

 

www.kresalaedt.com