Dokumentuaren akzioak
Kresala Ecuadorren jira biran
Gipuzkoan inauteri garaian itsasoa aurrez aurre zutela, Kresalako dantzariak maletak hartu eta Loiutik Quitora dauden 9.000 kilometroko distantzia egin dituzte Ecuadorreko Errepublikan dantza bira egiteko asmoz, azken muturreko herrixkak eta hizkuntzak bisitatuz: Gaztelania, Kitxua, Suar eta beste zenbait hizkuntza indiar. Bizkaiko Golkotik Ozeano Barean dauden 3.000 metroko latitudera igarotzean arnasestuka, Ambatoko Nazioarteko Folklore Jaialdian talde gonbidatu berezi bezala zortzi emanaldi, ikastaro eta hitzaldi eskeini dituzte. Horrez gain, Quito eta Ibarran bina ikuskizun ere egin dituzte.
Otsailaren 19an Donostiako Kresala dantza taldeko 20 dantzari, Hego Amerikara abiatu ziren Bilbotik Madrilera eta Madriletik Quitora zijoan hegaldian, Ecuadorreko Errepublikan bira txiki bat burutzeko asmoz. Faustino Aranzabal dantza-maisua eta Idoia Ibarzabal dantza-maistraren aginduz, hogei lagun hauek abentura honi hasiera eman zioten: Nora García, Asier Gómez, Maddi Llorente, Iker De La Hoz, Jone Murua, Manex Lizartza, Lorea Esnaola, Ibai Ochoa De Alaiza, Irati Garagorri, Harkaitz Ardanaz, Izaro Lozano, Markos Murua, Nahia Kalparsoro, Aimar Eceiza, Naia Lertxundi, Aitor Egaña, Garazi Labaka, Josu Sagardia, June Aizpurua eta Jone Muniategiandikoetxea; guztiak, maletak ilusioz beterik eta esperientziak partekatzeko desioan, eskarmentuko dantzari gazteak.
Aurretik etxeko lanak eginda, dantza tradizionaleko dozena bat pieza prestatuta moldatu dituzte -euren dantzari kopuruari egokituta-, dantza saioak han eta hemen eskaintzeko asmoz. Zeruko ikuskizunaren bildumatik hamabi obra hauek sakon landu dituzte errepertorioa txukun aurkezteko gogoz: Beltxarga zuria, Zentauroen labirintoa, Babiloniar biribila, Bufoi eroa, Janzu janto, Agoteen erromantzea, Hiru damatxo, Ageda, Ürrütiko khantoria, Zelaietako loreek, Ternua eta Errautsak garizumakoa dantza saioak; Gipuzkoako, Zuberoako eta Durangaldeko dantzaeren erakuslehio, dantza dramatizatutako eskema narratibo sendoa, non maitasuna, tragedia eta pasioa dantza tradizionaletik nola ikusten den adierazten duena, erreferentzia unibertsalak diren mito eta kondaira handiak oinarria hartuz.
Ambatoko jaialdia eta festa
Ecuadorren Quitoko aireportura iritsi bezain pronto, lehenengo parada Ambatoko 69. Nazioarteko Folklore Jaialdian (FFF) parte hartzea izan da, otsailaren 21etik 25era. Gutxitan bezala luxuzko hotela egokitu zaie eta lehenengo egunean ekipaia utzi eta gero, Ambatoko udaletxean bertan nazioarteko delegazioek ongi etorri beroa jaso dute Javier Altamirano Ambato herriko alkatearen, udal ordezkarien eta antolatzaileen harrera protokolarioaren eskutik. Jaialdiaren 2020. edizioa, aurrekoak ez bezala, interkontinentala izan da: Mexiko, Indonesia, Costa Rica, Bolivia, Ecuador eta Euskal Herriko konpainiek osatuta. Lehenengo aldiz, talde gonbidatu berezia ozeanoz bestaldeko talde euskaldun bat izan da.
San Juan Bautista de Amabato herrian, arratsaldero orduerdiko bi emanaldi eskaini dituzte. Zortzi saio guztira: Coliseoan, Centro Cultural UTA kulturgunean, Quinta de Juan León Mera parke naturalean, Museo de Juan Montalvo museoan, Jardín Botánico Atocha-La Liria lorategi botanikoan eta Sala de la Universidad de los Andes unibertsitateko aretoan. Emanaldi guztiak dohakoak izan dira eta ikuslez lepo bete dira areto guztiak. Honekin batera, Kresalako dantza-maisuek Ecuadorreko 18 dantza irakasleei goizero bi orduko tailer ikastaro monografikoa eman diete: Gipuzkoako, Zuberoako eta Durangaldeko dantza preklasikoaren sistema, teknika, analisia eta praktikak labur landuz, printzak moduko ezpalak emanez.
Bestalde, dena ez da betebehar formala eta protokolarioa izan. Turismoa egin eta herriaz gozatzeko aukera ere izan dute. Ambato herriak bizi duen urteko festa garairik garrantzitsuena bait da Loreen eta Fruten Jaialdi. Egunez zein gauez herri osoak ospatzen duen festa da eta txoko ezagunenak bisitatzeko aukera izan dute jai giroan. Esaterako, katedrala, parke nazionala, mausoleoa, gobernazioa, Barrio Solís etab. Beste lurraldeetako dantzari mexikarrekin, indonesiarrekin, costarricarrekin, boliviarrekin eta ecuadortarrekin gau-egunak ziztu bizian joan etorrian, astebeteko jaialdia azkar batean pasa eta konturatu orduko itxiera klausura eguna iristean, antolatzaileek eginkizun protokolarioa eta koreografikoa bikain bateratu dute Coliseoan.
Quito hiriburua eta Ibarra herria
Ambatoko jaialdia amaituta, otsailaren 26an Quito hiriburura iritsi eta tour turistiko txiki bat antolatu diete Quitoko gune ezagunenak bisitatuz: Mitad del mundo monumentoa, Otavalo, Arte Colonial museoa, Quilotoa, Guayasamin museoa, Cotopaxi parke nazionaleko sumendi ikusgarria, eta beste gune interesgarri batzuk.
Ondoren, gau partean, Auditorio de la Universidad Andina Simón Bolivar unibertsitateko auditorioan ordu beteko bi emanaldi burutu dituzte. Ikusleen erantzuna oso ona izan da eta beste behin sarrera guztiak agortu dira. Ikusleen perfila Ambatokoarekin konparatuta oso bestelakoa izan da. Festa girotik at, unibertsitate giroko irakasle eta ikasle gazteen interesa nabarmena antzeman da. Emanaldiak arreta handiz jarraitu dituzte eta bost minutuko txalo zaparradaz eskertu dute pozarren Kresalaren bi dantza erakustaldietan. Ikuskizunaren ondoren, ikusle askok dantzariak zoriondu eta galderak egiteko asmoz zain egon dira sarreran.
Hurrengo goizean, Ibarra herrian parada egin dute eta Ecuador birako azken bi egunak herri honetan eman dituzte. Gauero, Zeruko programa osoa aurkeztu dute Teatro Nacional Gran Colombia antzokian; biek ala biek, Quiton gertatu bezala, aretoa ikuslez lepo bete dute. Familia asko hurbildu dira emanaldiez gozatzera. Egunez, erosketak egin eta ingurua bisitatzeko azkeneko orduak aprobetxatuz, gune ezagunenak ikusi dituzte. Hala nola, Arcángel San Miguel behatokia, Cotacachi bulebarra, Cóndor parkea, Catartas kataratak, Peguche ur-jauzia, edota San Pablo aintzira. Gauzak horrela, etxetik kanpo bederatzi egun pasa ondoren, otsailaren 29an Ecuadorreko birari amaiera emanez, Ibarratik Quito hiriburuko bidea hartu dute. Eguerdian Quitotik Madrilera zihoan hegaldian hartu eta Madriletik Bilborako bigarren bidaia baten ondoren, martxoaren 1ean Donostiara itzuli dira.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kresala Dantza Taldea
KRESALA DANTZA TALDEA. 1968an sortua Gene Yurre dantzari eta koreografoaren eskutik. Talde aitzindaria Euskal Herrian euskal dantzaren bilakaera berrian. 1993ko ekainetik Faustino Aranzabal da taldearen zuzendari artistikoa. Tradizioa sormenerako inspirazio iturritzat hartuta, dantza antzezpen berritzailea burutu du, hogeita hamar ekoizpen saiotik gora osatuz: Sokadantzan, Besta Berri, Marixe, Sehaska, Ayres for the theatre, Buba eta Bubu, Oteizaren kaxa beltza, Argia, keinuka, Ródchenko edo Hala ere ikuskizunekin. Lan guzti hauek, formatu ezberdinetan aretoko eskaintza erregistro zabala eskainiaz, ikusle helduei zein haurrei zuzenduta daude. Nazioarteko dantza jaialdi ugarietan parte hartu du, hala nola: Suitzan, Belgikan, Herbeheretan, Alemanian edo Finlandian. Artearen beste diziplinekin elkar eragiten du, sortzaileekin batera lankidetzan.