Dokumentuaren akzioak
Korrontzi taldearekin dantzatu nahi duzu?
Euskal herriko dantza taldeei proposamen irekia
Korrontzi folk taldeak 2008an argitaratu zuen “Getxo” disko bikoitza Getxoko Folk Jaialdian zuzenean grabatuta. Jaialdi hartan zuzeneko grabaketarako hainbat artista gonbidatu zituen Korrontzi taldeak eta horien artean Maya Anaiak dantzariak (Kukai) “Laiotz” eta “Urrutxu” abestietan atera ziren taula gainera dantzatzera Korrontzi taldearen melodien gainean. Hori izan zen estreinako harremana agertokian dantza eta Korrontzi taldearen artean.
Dantzak jantzi egin ohi du musikaren doinua. 2009an Villabonan zeukan hitzordua Korrontzi taldeak eta bertako Oinkari Dantza Taldeak hiru dantza prestatu zituen emanaldi horretarako propio. Ikuskizunak ez zituen bakarrik gustura utzi ikusleak, Korrontzi eta Oinkari Dantza Taldearen arteko loturaren hasiera izan zen. Dantza taldeari esparru berri batean sartzeko gogoa indartu baino ez zitzaizkion egin dagoeneko koreografia eta dantza garaikidea eta klasikotik eraginak sartzen ari zirenean euren dantzarien prestaketan. Ordutik aurrera Korrontzi taldearen zuzeneko guztietan Oinkari Dantza Taldeko dantzariak ikusi dira taula gainean Korrontzi taldearen doinuei koreografia tradizionalak eta garaikideak erantsiz, Edu Muruamendiaraz (Aukeran) koreografo ezagunaren eskutik. Korrontzi & Oinkari taldeen lana izan zen “Infernuko hauspoa” lana 2010 (DVD+ liburua). Korrontzi taldearen bideoetan hartuko du parte Oinkarik orduztik aurrera eta 2014an “Shymphonic Bilbon” CD + DVDan hainbat abestitan agertuko dira Oinkari Taldeko dantzariak. Tartean, Igor Yebra dantzari ospetsua ere igo da taula gainera Korrontzi taldearekin hainbat emanaldietan “Urratsa” lan garaikidea aurkeztuz. Ikuskizuna beti izan da premisa nagusia, jendea liluratzea musika eta dantzarekin. Horretara dator proiektu berria: “Korrontzi dantzan" edo beste era batean esanda, Korrontzi taldearen doinuekin dantzan.
Dantza talde askoren artean hedatu da Korrontzi taldearen musikarekin dantza egitearen zaletasuna. Herrietako dantza eskola eta taldeetatik hamaika dei jaso dituzte dantzen koreografiaren inguruan. Oinkari Dantza Taldearen lana herri askotan ikusteaz gaindi Korrontzirekin egindako zuzenekoarengatik, gero DVDan eta baita telebistako emankizunetan ere, piztu da grina Korrontzi taldearen doinu eta melodiak dantzatzeko. Proiektuaren ardatza da herrietako dantza taldeei eskaintzea euren herrietan Korrontzi taldearekin elkarlanean zuzenekoa ematea. Horretarako Oinkari Dantza Taldeak irakasle lanak beteko ditu edo, egokiago esateko, master class-ak emango ditu Korrontzi taldearekin batera prestatu, hezi eta irakasteko dantza horien urratsen zoko zein zirrikitu guztiak. Beraz, Korrontzik eta Oinkari Dantza Taldeak gonbidapena luzatu nahi die Euskal Herriko dantza taldeei anima daitezen euren dantzak ikusgarriagoak izan daitezen agertoki gainean Korrontzi eta Oinkariren elkarlanarekin.
Dokumentuaren akzioak