Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Arkaitz Pascuas Mungiarentzako dantza proposamena: Santos soka-dantza

Dokumentuaren akzioak

Mungiarentzako dantza proposamena: Santos soka-dantza

2025/06/06 13:25
Mungiarentzako dantza proposamena: Santos soka-dantza

Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

Santos izena eman diogun soka-dantza plazaratu dugu Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako kideek. Badira urte batzuk gure lan lerroak herrira bideratuta daudela, uste baitugu gure eskolak agente aktibo eta parte-hartzailea izan behar duela herrian, eta horrela herri patrimonioari eta kultura lokalari balioa eman nahi ditugu. Bide horretan, Santos soka-dantza aurkeztu dugu; nostalgian edo erromantismoan erori gabe, erakutsi nahi dugu gure dantzak eta musikak garaikideak eta baliagarriak direla.

Santos Intxausti

Santos izena jarri diogu soka-dantzari. Santos Intxausti (Mungia 1868 - Bilbo 1925) musikari eta konpositorea zendu zela aurten 100 urte betetzen dira. Amaiera batetik bide berri bat hasi nahi izan dugu, bere lanari balio aitortu eta bere figura ezagutarazi nahi baikenuen.

Lide ta Ixidor edo Itsasondo operak idatzi zituen. Txisturako famatuak dira bere kontrapasak eta beste zenbait lan. Influentzia handia izan zuen txistuaren munduan. Jose Etxegarai Arostegi historialari mungiarrak Santosi buruz eginiko lana izan dugu eskuartean.

 

Santos soka-dantza 2025
Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

Lan horretan agertzen den informazioarekin (musika doinuak, esaterako) eta gure tradizioko soka-dantzen eskemekin, Mungiarako proposamena aurkeztu dugu. Mungiak erabakiko du aurrera jarraituko duen ala ez, horregatik izendatu dugu Santos soka-dantza eta ez beste formula batekin.

Ekainaren 1ean egin dugun aurkezpena ez da jai inguru edo egutegi konkretu batean kokatu. Asmoa izan da proposamena plazaratzea, eta etorkizunean data zehatz eta berezi batean kokatu nahi badugu denon artean erabaki dezagun ze festa eta testuinguru izan daitekeen soka-dantza honentzako egokiena.

Sokaren giltzak

Herrian ezagunak zaizkigun zein tradizioan ohikoak diren, baina azken urteetan Mungian erabili ez ditugun elementu koreografikoekin osatu dugu dantza. Beti ere, Jose Etxegarairen lanean aurkitu dugun materialarekin jokatuz. Ez dugu ezer berririk asmatu, puzzle osoa identifikagarria egiten da, doinuei eta urratsei dagokionez. Egin duguna da Mungiarako eredua proposatu; baina inguruko beste soken koreologian kokatuta.

Mungia: Santos soka-dantza 2025
Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

Santosen Musika erabili dugu, baina sinpletasunari eman diogu garrantzia. Berez Santosen lanak musikalki nahiko konplexuak zirela ohartu gara, baina Demetrio Garaizabalek (1889-1992), Sestaoko Udal Txistu Bandako kide izandakoak, Santosen partitura bat zuen, eta partitura hori soilagoa omen zen (Etxegarai 2007). Dantza aldetik, hara jo dugu, edonork dantzatzeko moduan diseinatu nahi izan dugu.

Mungia: Santos soka-dantza 2025
Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

Aipatzekoa da Santosen emaztea, Maria Prudencia Andikonagoitia Landaluze, Berrizkoa zela. Horregatik “Andreen Deia” bezala ezagutzen den doinua sartu dugu, baina berrizendatu egin dugu etaEskertzeko unea” deitu diogu. Dantzaren bitartez eskerrak emateko aukera ikusi dugu. Hala ere, dantzakera aldetik ohikoak diren keinu batzuk sartu ditugu. Une hori sartu dugu eta ohikoa den agurra kendu dugu, arrazoi sinple batengatik: Santosek bere lana garatzeko, etxean izugarrizko pertsona bat behar zuen, kasu honetan, bere emaztea, eta Berrizko eskemak aztertuz, aproposa ikusi dugu horrela egitea.

Egunak eta sokak emandakoak

11:30ean batu gara Agirre Jauregian, Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskolako egoitzan eta 12:00etan Santos liburuxka edo liburua estreinatu dugu, hantxe hitz batzuk irakurri eta parte-hartzaile guztiok sinatu dugu.

Mungia: Santos soka-dantza 2025
Santos liburuxka, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

12:30ean Torrebillela Dorretxera abiatu gara, udalerriko arkitektura zibileko eraikinik zaharrena da eta dantzatu aurretik talde-argazkia atera dugu Gernikako Arbolaren Kimuaren ondoan.

Santos soka-dantza 2025
Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Ander Elordui

Kanpandorreko kanpaiek 13:00etakoak jo ondoren txistulariak hasi dira Santosen Lehenengo Kontrapasa jotzen eta Torrebillelatik irten da soka. Honakoa da proposatu dugun soka-dantzaren eskema:

  • Plazaratzea eta zubiak
  • Aurreskularia eta Atzeskularia: Aurrez aurre (Desafioa)
  • Esku Aldatzeko Soinua: dantzari guztiek (13 dantzari) piramide formatu honetan, dantzari 1, 2 dantzari, 2 dantzari, 3 dantzari, 2 dantzari, 2 dantzari eta dantzari 1.
  • Eskertzeko unea: Banango Zaharra, Zubiak, Banango Zaharra, Zubiak.
  • Herria Sokara: Maiordomoek bertaratu diren pertsonei sokara gehitzeko gonbidapena luzatu diete, hori guztia Santosen musikarekin.
  • Dantzariek bere txapelak eskaini dizkiete sokara sartu diren pertsonei eta Banango Zaharra dantzatu dute.
  • Amaitzean txapelak errekuperatu eta fandango eta arin arina dantzatu dute(Santosen operatan agertzen diren piezak).
  • Biribilketan Torrebillelara (Santosen beste pieza batekin).

Mungia: Santos soka-dantza 2025
Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

Lehenengo Banango Zaharra Jose Etxegarai Arostegiri dantzatu diote, hau da, soka-dantza osatzeko baliatu dugun Santosen musika bildua zuen pertsonari. Eta bigarrena, Izusko Izagirre, Izaskun Legarreta eta Ana Ortizeri; Santos Intxausti Musika eta Dantza Eskolako langileen ordezkariak.

Santos soka-dantza 2025
Santos soka-dantza, Mungiako Santos Intxausti Udal Musika eta Dantza Eskola, Mungia, 2025-06-01. Argazkia: Arkaiz Pascuas

Aurten, aurkezpena izan denez, dantzariek bakarrik dantzatu dituzte fandango eta arin-arina, baina etorkizunean sokan dauden pertsonak ere gonbidatuko dira dantzatzera.

Parte-hartzaileak eta eskertzeak

  • Dantza: Zuzendaritza: Nagore de las Cuevas, Arkaitz Pascuas. Aurreskularia: Arhane Lekanda. Atzeskularia: Ilargi Plaza. Maiordomoak: Maialen Aparicio, Nikole Zuazo. Soka: Leire Abrisqueta, Nerea Abrisqueta, Maialen Bartolome, Maider Bodas, Mikele Garitano, Naia Hidalgo, Ilargi Lopitz, Amaiur Plaza eta June Querejazu.
  • Musika: Zuzendaritza: Maite Sagastibeltza. Txistu Banda: Gorka Apalategi, Mikel Apalategi, Andoni Arribalzaga, Nagore Arriortua, Ibai Astobieta, Iker Gangoiti, Joseba Pascual eta Maite Sagastibeltza.
  • Esker onak: Jose Etxegarai Arostegi, Izusko Izagirre, Izaskun Legarreta, Óscar Armendariz, Ander Elordui eta Santos Intxausti Musika eta Dantza Eskolako ikaslegoari euren aportazioagaz.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Arkaitz Pascuas

Arkaitz Pascuas

 

Sestao.