Dokumentuaren akzioak
Laster arte Dantzan!
Jare Rodriguez Zabala
Betidanik gustatu izan zait dantzan egitea, betidanik sentitu izan dut dantzan egiteko beharra; gorputza mugitzeko eta mugimendu horren bitartez espresatzeko beharra. Etxean ez dut jaso dantzaren inguruan ezer askorik. Musika bai, asko, etxean ia denak dira musikariak. Nik musika horri mugimendua emateko izugarrizko gogoa izaten nuen, baina ez dakit oso ondo zergatik, gure etxean ez zaio dantzarik lekurik gorde. Are gehiago, esango nuke puntu bateraino erauzia izan zitzaidala. Gogoan dut umetan nola ematen zituzten noizean behin ETB3n Barbieren pelikulak euskaraz; musika klasikoa eta balleta. Arratsalde hartan, “Beltxargen aintzira” tokatu zen, eta nik ez nuen telebistatik begirik aldentzen. Orduan, aitona sartu zen salara, eta hala mintzatu zitzaidan: “Hau bai musika ederra, dantziaz ez fija, fija musikiaz”. Esan beharra daukat, kulturari diodan maitasunaren zatirik handiena berari zor badiot ere, nire aitonak ez zuela izan egun hartan berea sentitzen ez zuen kultur adierazpen harekiko sentsibilitate handirik. Argi eta garbi, bera bezala musikaria izatea nahi zuen. Asko jota sei edo zazpi urte izango nituen, baina atzo bailitzan gogoratzen dut esaldi hark eman zidan mina. Nik ezin nituen bereizi, dantza eta musika, musika eta dantza, biak behar nituen.
Gerora egin dudan ariketa izan da dantzara hurbiltzea. Asko kostata, baina gainditu nituen beldurrak eta apuntatu nintzen dantzara. Orduan, gure herrian bi aukera zeuden: jazza edo balleta. Eta azken hau praktikatzen zuten lagunek ikastolan zuten dantza molde zurrunak, gaztelaniaz dioten bezala “de estirada”, beldurtuta edo, jazza aukeratu nuen. Hamabi urtez dantzatu dut talde horretan, eta asko disfrutatu dut. Gerora, Bilbon ikasten ari nintzela, hip-hop klaseetan ere apuntatu nintzen, beste zerbait probatzeagatik. Alabaina, ez nuen asko behar izan konturatzeko klase hartako “estirada” neu nintzela. Nik ez nuen besteek zuten praka zabalik, ezta flowrik ere. Orduantxe konturatu nintzen nolako eragina duen dantzan ikasten duzun lehenengo mintzairak, hizkuntzez berbetan ama hizkuntzak duen bezala. Norberak bere egiten duen lehenengo horretatik abiatzen da bat ingurukoak ezagutzera.
Kontua da, nik neure egin nuen dantza estilo hori ez zela neure ingurukoekin partekatu nezakeen zerbait. Hori Britney Spearsekin partekatzen dudana da, baina ez neukan neure herrikideekin gorputzaren bitartez dantza partekatzeko tresnarik. Labur esateko, dantza, neure kulturan errotzeko oinarrizko elementu izan beharrean, neure kulturatik deserrotzen ninduen zerbait zela konturatu nintzen. Dena dela, orain dela gutxi arte horren inguruan identifikatzen nuen gauza bakarra pena edo deserosotasuna zen. Ez nuen atzetik egon zitekeen meloiaren tamaina usaindu ere egiten. Eta beste bide batetik iritsi naiz gai horren inguruko kontzientzia hartzera, bide teorikotik.
Nik badut interesa. Nik badut interesa axola zaizkidan gauzetan, eta, euskal kultura bada horietako bat. Gogoan du amarekin mandatuak egitera Bilbora joan nintzen arratsalde hura. Indautxuko kaleetan barrena, nire etorkizunaren inguruan hizketan aritu ginen: zer egin gradua bukatu ostean, zertan ikusten nuen neure burua lanean… Orduan aipatu nion lehen aldiz amari euskal kulturaren eragiletzan lan egitea gustatuko litzaidakeela. Ama, berak egin ohi duen moduan, zuzenki eta gordinki mintzatu zitzaidan. Argi esan zidan oso ibilbide gogorra izango zela: “hiltxa doien kultura baten alde eingozu biherra”. Hitzen gogortasunak mugituta, banku batean negarrez bukatu nuen arratsaldea eta mandaturik egin gabe bueltatu ginen etxera. Behin malkoak lehortuta, argi ikusi nuen, oso argi, datozen urteak zertan emango ditudan; ez dakit zertan zehazki, baina nik euskal kulturaren alde lan egin nahi dut, gaur gaurkoz ez dut neure burua beste ezertan imajinatzen. Hala, gaiaren inguruan ikertzeari ekin nion, neurea nuen kultura sakonean ezagutzeko eta etorkizunera begirako gakoak aurkitzeko ahaleginean.
Errotzea ezinbestekoa da edonorentzat, munduan egoteko modu bat zeure egiten ez duzun bitartean, zentzurik gabeko bizitza biziko duzu bestela. Norberaren lurrean sakonduta botatzen ditu batek sustraiak. Horrek ahalbidetzen dio gero adarrak ere luze zabaltzea. Kontrara, sustraiak sakon botatzen ez dituena, adarren pisuarekin erori egingo da. Argi azaldu zuen hau Joxemiel Barandiaranek berak euskal gizabidea aztertzen ibili zenean: inor ezagutzeko lehenik norbere burua ezagutu behar da. Zoritxarrez, errotzearen eta deserrotzearen arteko atakan dago gure herria, eta, martxa honetan deserrotzen jarraituz gero, ohartu orduko non errotu ere ez dugu izango. Hartzen dugun erabaki bakoitza hil ala biziko posiziotik hartzen dugu, eta, bide okerra aukeratzea garesti ordaindu beharreko zerbait da. Horregatik, aurretik beste belaunaldi batzuk egin zuten moduan, orain gure txanda da herri honen premiei kontzientziaz erantzuteko. Bueltan, hausnarketa horretatik heldu naiz neure herriaren dantza ezagutzeko beharraz jabetzera.
Halaxe ekin nion bide honi, ezjakintasun handiz, baina jakin-min are handiagoz. Dantzaneko atea jo nuen, eta ireki zidaten. Beste aldean aurkitu nuena ez zen txantxetarako gauza. Sekulako zaplaztekoa aurpegian, nire hipotesi antzuak lurrera. Tontorramendikoa baino horma handiagoan eskalada librea. Motibazioa eta zirrara bizia. Miresmenez entzuten nituen Oierren edo Amaiurren hitzak, muturra sartzeko gogoz, baina aldi berean errespetu handiz. Ez neukan oso argi zer eskaini nezakeen nik leku honetan, orain are gutxiago; baina suposatzen dut olatu artean arraunean ari zarenean, beti etortzen dela ondo zure alboan norbaitek arraun egin nahi duela sumatzea. Konplexuak konplexu, goxo hartu ninduten beraien artean eta ez nuke jakingo hilabete gutxitan ikasitakoa hitz gutxitan azaltzen. Dena dela, ahalegina egin dezaket.
Galdera oso konkretu batekin heldu nintzen: zein da euskal kulturaren eragiletza egiteko bide zuzena? Guk kultura egiten dugun moduan, kulturak gu egiten bagaitu, tentuz pentsatu beharko dugu zer nolako kultur eredua bultzatu nahi dugun.
Kulturaren merkantilizazioak sortzen dituen arazoetatik tiraka, modernizazioaren lehen pizkunderaino iristen diren erroak aurkitu ditut. Gure kulturaren alor guztiek, egiteko eta izateko moduetan jasan duten bilakaera zeinen bortitza izan den erakutsi du historiak. Dantza adibide hartuta, baieztapen horrekin laburbildu dezaket ikasitakoa: momentu jakin batean eta leku jakin batean dantzan egiteko dugun modua, gizarteko joera orokorragoek erdiesten duten bizimoduaren isla da.
Joera etnozida modernoek gero eta gogorrago kolpatzen dute hipermodernitatean. Horien baitan, euskal kultura termino kapitalistetan gauzatzeak dakarren banalizazioak euskaldunon gorputz eta identitate kolektiboan duen eragina zenbaterainokoa izan daitekeen ikasi dut. Adibide gutxi batzuekin, hezurretaraino beldurtzeko moduko errealitateak usaindu daitezke. Hala ere, badirudi batzuk ez dutela halakoetan sinesten. Beste guztien gainetik kultura kontsumitzailea gailentzea interesatzen den aldi honetan, diskurtso erredukzionista eta oportunistak bolo-bolo dabiltza; kultura zer den, nola ulertu daitekeen eta nola bizi beharko genukeen azaltzen duten aditu asko eta askoren iritzitik argi urteetara. Tamalez, diskurtso horiek gure egunerokotasuneko jardunean eta eztabaidetan lekua egiten duten momentuan hasten da arazoa, gure bestelakotze prozesua. Eta horrek, eragin zuzena eta erabakigarria dauka gure kulturaren garapenean, eta, horrenbestez biziraupenean. Dantzanen, diskurtso horien aurka, ikasi dut kulturaren arrakasta neurtzeko darabiltzagun elementuetan jarri behar dugula arreta: kapitala ala komunitategintza. Azken finean, neurgailu horiek finkatzen dituzte gure gizarteko balioak, gure gizabidea.
Esandakoak esanda, ezinbestekoa da begirada kritikoz jendeari joera horien azpian ezkutatzen den hori ikusaraztea. Horretarako, Dantzanen nire hizkera zaintzen ikasi dut, erabiltzen dudan terminologia modu koherenteagoan erabiltzen, eta, fenomenoen kontzeptualizazioari merezi duen garrantzia ematen. Horri lotuta, ikasi dut eztabaida konplexuetan erantzun absolutuak ematea zeinen arriskutsua izan daitekeen. Norberarena ez bezalako begirada nahikoa baita bat lekuz kanpo utz dezaten. Alabaina, zalantza une horiek ezinbestekoak dira ikasten jarraitu eta norbere begirada osatzen joateko, norbere begiradatik ekarpen handiagoa egin ahal izateko. Niretzako berria den esparru honetan erabakiak tentuz hartzen ikasi dut, nire helburua zabaldu nahi dudan mezu hori ahalik eta hobekien zabaltzea izanik, formak, berbak, keinuak eta momentuak ondo aukeratzen.
Dantzanen euskal kulturaren eragiletza egiteko bide zuzen posible bat aurkitu dut; beti koherentziaz eta zintzotasunez. Horrez gain, teorikoki asko janzteko aukera izan dut: neure narratiba propioari beste buelta bat eman diot, eta, lehen susmo hutsak zirenak, orain fundamentuzko argumentu bilakatu ditut.
Hemendik aurrera egin beharrekoak ez dauka misterio handirik: buruan bildutakoa gorputz osora mugitzea. Gure dantzetara kontzientziaz hurbiltzeko ahalegina egin behar dut, neure kulturan errotzen jarraitzeko, euskaldun osoagoa izateko eta hainbeste gozatzen dudan hori neure komunitatearekin batera egin ahal izateko. Eta hortik abiatuta, dantzaren potentzialtasun osoa aprobetxatuta, euskal kulturaren eragile eraginkorragoa izateko.
Beraz, hemen esandakoengatik eta esan gabekoengatik, eskerrik asko Dantzan!
Bidean ikusiko dugu elkar!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jare Rodriguez Zabala
Ondarru, 2003.


