Dokumentuaren akzioak
Indarra Euskal Kultur Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko topa egingo dugu!
Aurten, Indarra Euskal Kultur Elkarteak 50 urte bete ditu, eta, ospakizunarekin hasteko, inauterien bezperan, "Topagure" ikuskizuna aurkeztuko dugu, gaur, otsailaren 17an, 20:00etan Gasteizko Plaza Berrian.
50. Urteurrena denez, aurten zerbait berezia egitea erabaki dugu, beraz, Indarrak antolatutako Gasteizko lehen inauteri-konpartsatik (1979), "Kimuak, iñauzi eta berriak hasi" (2022) ekitaldirarte bizitako inauteri guztiak berpiztuko ditugu. Urteetan zehar Indarraren ikuskizunetan agertuz joan diren pertsonaiek ere bisitatuko gaituzte.
Kultur Elkartea beti izan da Gasteizko inauterien parte. Lehen esan bezala, Indarrak hiriko lehen konpartsa sortu zuen 1979. urtean, eta urtez urte Gasteizko kaleak alaitzen ibili da. 2005ean, inflexio-puntu bat egon zen taldean, eta konpartsetatik kale-ikuskizunak sortzera pasatu zen. Urte horretatik aurrera, hainbat ikuskizun aurkeztu genituen: Lehena Godaleta izan zen, ondoren Sasi guztien gainetik (2009-2011), Naturaren indarra (2012-2013), Indarteriak (2015-2017), eta azkenekoa, lehen aipatu bezala, Kimuak, iñauzi eta berriak hasi (2019-2022) izan zen.
Horretaz gain, Indarrako talde guztiak elkartuko gara: fanfarrea, gaitariak, txistulariak, dantzariak, etab. Gainera, ikuskizun berezi honetan, Indarrako dantzari beteranoek ere parte hartuko dute.
"Topagure" ikuskizunarekin plaza musikaz eta dantzaz beteko dugu urtero bezala, jendeak gurekin ondo pasa dezan eta ekitaldiaz gozatu dezan.
Dokumentuaren akzioak