Dokumentuaren akzioak
"Miña Nai" Ikuskizuna berriro ere ikusgai, azaroak 29, Eibarren
Ibarra-kaldu elkartea
Azaroaren 29an, larunbata, istorio baten bidez azalduko zaigu galiziarrek Euskal Herrira egindako emigrazioa, Eibarko Coliseo antzokian, 20:00etan.
Patxi Laborda dantza maisuak zuzendurik, dantzak, kantuak, testuak eta bideoak uztartzen dira emanaldian. Hainbat taldek hartuko dute parte bertan: dantzan, Barakaldoko Ibarra-kaldu eta Doces Lembranzas taldeek; musikan, berriz, Ibarra-kaldurekin batera, Folketan eta Ceo do Sil taldeek. Horietaz gain, Arantzazu Iglesias eta Anxo Deive narratzaile arituko dira.
Patxi Labordak proposaturiko ideiari gogoz heldu zioten aipatutako taldeetako kideek, pandemiaren sasoian, baina orduko murrizketak zirela-eta, ez zen taularatzeko modurik izan, harik eta orduko neurri haiek indarrik gabe utzi ziren arte, eta, ondorioz, 2021eko abenduan eman ahal izan zen aurreneko aldiz jendaurrean, Herrien arteko Barakaldoko Folklore Jaialdiaren barruan, hain zuzen ere. Geroago, Gasteizen eman zen, 2023an, eta, orain, bi urte igaro ondoren, hirugarrenez ikusi ahal izango da, Eibarren, Euskadiko galiziar etxeen Irmandadeak antolatutako jardueren egitarauaren barruan.
Ikuskizunak “Miña nai” du izen, hots, “Ama geurea” galizieraz, eta emigrazioa era desberdinean bizi duten belaunaldi desberdineko ondoz ondoko hiru amaren istorioa kontatzen da, benetako gertaerak oinarri harturik. Ikuskizunaren muina osatzen dute atzean utzitakoaren oroiminak, ezagun eta ezezagun diren munduen arteko talkak, eta azkenean lortzen den orekak. Izan ere, lanaren bidez erakutsiko den bezala, bi kulturak ez daude hain urrun elkarrengandik.
Lurralde bakoitzak duen hizkuntza koreografikoari erreparatu dio Labordak, eta, haren hitzetan, akademizazioak leku ezberdinetara eraman gaituen arren, erroetatik hartuta ez gaude horren urrun, eta gauza asko komunean baitugu, izan ere, Galiziako eta Euskal Herriko melodiak zein dantzatzeko moduak oso antzekoak dira-eta.
Ikuskizunerako, bi lurraldeetako urratsak eta erritmoak landu dira, baita gauza berriak sortu ere, komunean ditugun dantzak eta kontraesanak erakusten dituztenak taularatuz. Hala, aurrez aurre jarriko dira hango eta hemengo dantzak: batzuetan, bien arteko kontrastea nabarmentzeko, eta besteetan, berriz, antzekotasunak azpimarratzeko.
SINOPSIA
Miña Nai, hiru amaren istorioa. Emigrazioa era desberdinez biziko dute haiek. Maruxak agur esango dio alabari, gosetik ihesi, Mariak Euskal Herrira alde egiten duenean. Lur arrotz eta asaldatu hartan bakarrik sentituko da, baina babesa eta maitasuna aurkituko du bertoko galiziarren komunitatean, eta han Pedrucho ezagutuko du. Alaba bat izango dute, Mari Carmen, hura ere galiziar kulturan hezia, eta berak Txomin ezagutuko du gerora. Haren bidez, beste kultura bat aurkituko du, bera beso artean hartzeko prest. Maitale biak elkarrenganaturik, bi kulturek elkar aberastuko dute harreman horretan. Elkartze horren emaitza Miren izango da, aurreiritzirik eta zamarik gabea, bere kontakizuna oraindik ere eraikizun.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ibarra-kaldu elkartea
Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.
Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.
S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38
http://ibarrakaldu.webcindario.com


