Dokumentuaren akzioak
Ibarra-kalduren 50. urteurreneko urriko ekitaldiak
Urriarekin, Ibarra-kaldu elkartearen 50. urteurrena ospatzen hamargarren hilean sartzen gara. Hil berezi-berezia dugu, izan ere, Beurko-Bagatzako jaiak ospatzen baitira, eta auzoko jaiak oso hertsiki lotuak izan dira gure taldearen historiari.
Aurten, Beurko-Bagatzako jaiak urriaren 10etik 16ra bitartean ospatuko dira eta, gainera, gure 50. urteurrenarekin batera hainbat ekitaldi eta jarduera egingo ditugu auzoko jaien egitarauaren barruan.
Lehenik eta behin, eta 45. urteurrenarekin abiatu genuen bideari eutsiz, Txistularien VI. Elkartzea egingo dugu, urriaren 15ean, 11:00etan, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzatik irtenda auzoko kaleak girotzeko. Betiko legez, parte hartu nahi duten txistulari guztiak gonbidatuta daude, Ibarra-kaldukoak ez ezik, gainerako guztiak ere; hala beste dantza zein musika taldetan jardunean ari direnak, nola bere kasa dabiltzanak baita txistua erdi utzita daukatenak ere, elkarrekin txistua joz gozatu eder bat hartzearren. Goizeko 10:00etan bilduko gara, 11:00etan kalejiran irteteko.
Bada berrikuntza bat aurten: 50. urteurrena dela-eta, dantzarien elkartze bat ere antolatu dugu, Ibarra-kalduren historiako aspaldiko musikari eta dantzarien parte hartzearekin dantzan gozatzeko. Hala ere, Barakaldoko eta inguruetako dantza-taldeetako dantzariei ere zabaltzen diegu deia, dantzaldi horretan parte har dezaten. Une gorena Iturengo sokadantza izango da, ahalik eta jende gehiena bilduz. Dantzaldi horrek guztiek parte hartzeko moduko erromeria baten tankera izango duenez, interesa duen oro gonbidatzen dugu, gurekin batera dantza egiteko. Hitzordua urriaren 15ean jarri dugu, 18:00etan, Beurko auzoko barruko plazetan.
Igandean, berriro ere egingo dugu dantzari txikien alardea, 45. urteurrenean suspertu eta harrezkero mantendu duguna, hainbat dantza-talderen parte hartzeari esker. Egun horretan, 12:00etan batuko gara, Santa Teresa plazan, 12:30ean kalejiran atera eta 13:00etan alardea Xake plazan egiteko.
Eta igande arratsalderako, emanaldi berezi bat prestatu dugu 18:00etan hasteko, Ibarra-kaldun egun jardunean gabiltzan dantzari eta musikari guztiok parte hartuz, txikiek eta nagusiek elkarrekin, gure 50. urteurrena ospatzeko, baita auzoarekin partekatzeko ere, elkarteak bizi izan duen mende erdian haren sostengu tinkoa izan dugu-eta.
Beurko-Bagatzako jaiak igaro ondoren, eta 50. urteurrena ospatzeko, berariazko egitarauaren barruko beste ekitaldi bat izango dugu: hitzaldi interesgarri bat, Ander Ros irakasle idazle eta filologoaren eskutik, euskarak Barakaldon eta Enkarterrin izan duen historiaren gainean. Hitzaldia urriaren 20an izango da, osteguna, 20:00etan, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan.
Eta, azkenik, urrian bertan, hilaren 3tik abenduaren 3ra bitartean, Ibarra-kalduren 50 urteen gaineko argazki-erakusketa Errekatxoko interpretazio-zentroan izango da ikusgai, Barakaldoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko “Luis Choya” Zentroan, alegia.
Beti bezala, jarduera eta ekitaldi guztiak doakoak eta irekiak dira, parte hartzeko interesa duten guztientzat zabalik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ibarra-kaldu elkartea
Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.
Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.
S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38
http://ibarrakaldu.webcindario.com