Dokumentuaren akzioak
HAFJ 2022: Eskerrik asko denoi
Ibarra-kaldu elkartea
2022/12/17 17:50
Duela ia astebete, abenduak 11, amaitu zen aurtengo Herrien arteko Folklore Jaialdia, Ibarra-kalduk antolatzen duen Barakaldoko folklore jaialdia. Edizio horretan 25 edizio bete ditu, nahiz eta 26 urte bete dituen.
Dagoeneko igaro da dena. Jarduera osagarriek inoizko markarik onenak hautsi dituzte bertaratzeari dagokionez, eta ekitaldi nagusiek oso harrera ona izan dute publikoarengandik.
Heldu da, beraz, astebeteko atsedenalditxoa hartutakoan, esker ona agertzeko unea, aurtengo jaialdian parte hartu duten lagun, elkarte eta enpresei eskerrak emateko.
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu Bizkaiko Foru Aldundiari, Barakaldoko Udalari, Barakaldo Antzokiari eta Kutxabank erakundeari, eman duten babesagatik. Beste batzuek emandako laguntza ere izan dugunez, eskerrik asko Metro Bilbao, Deia eta Tele7 Radio7, baita, bereziki, Susana Porras kazetaria ere, Objetivo Bizkaia telesaioaren ateak beti bezala ireki dizkigulako berriz, gure jaialdiak oihartzun handiagoa izan dezan, baita dantzan.eus webguneari ere, egin zigun elkarrizketarengatik, eta geure lana euskal kulturaren munduan ezagunagoa izateko aukera emateagatik.
Baina, nola ez, parte-hartzaileak ere aipatu egin behar dira. Errazagoa izan dadin, ekintza motaren arabera sailkatu ditugu:
Atariko ekitaldiei dagokienez, aurtengo edizioa parte hartzeko ekitaldien ugaritasunagatik nabarmendu da, eta, horietatik, lehen arrakasta Oier Araolazak eta Gari Otamendik emandako hitzaldi dantzatu bikainak lortu zuen: mila esker bioi, dantzatuz hainbeste irakatsi eta gozarazi zeniguten-eta.
Atal honetako bigarren esker ona, Jon Mayari, Kukai Dantza Konpainiako zuzendaria den lagunari: eman zigun "master class" pizgarriak erabat gainditu zituen espero genituen markak. Baina ezin eskertu barik utzi Barakaldo antzokia eta hango zuzendaria, Ana López Asensio, ekitaldi horretarako "Dantzalabea" gunea lagatzeagatik.
Hirugarrenik, umeei zuzendutako ekitaldia. Badaramatzagu urte batzuk txikienei gero eta arreta handiagoa eskaini nahirik, eta aurtengo ekitaldiak itzelezko harrera izan du. Arrakastaren errudunak, nor eta Mikel Pikaza, Zirkodomoa Barakaldo eta Malas Compañias Zirko Taldea. Eskerrik asko, benetan, egungo eta iraganeko kideei, baita musikariei eta teknikariei ere, une ezin gozagarriagoa pasarazi zeniguten eta.
Parte hartzeko ekitaldien artean berrikuntza bat izan dugu aurten, Kantu afaria. Zur eta lur utzi gintuen lortutako arrakastak, dela bertaratutako lagun kopurua, dela parte hartze gogotsua, nori eta #JosuEtaUnai bikoteari, hots, Josu Zarateri eta Unai Breari esker, ederto gidatu baikintuzten ia ordu biko afalostean, proposatu zizkiguten abestiak kantatzeko.
Eta parte hartzeko atariko ekitaldietan azkena, AIKO Taldearen erromeria, Barakaldoko pilotalekua bete zuena. Eskerrik asko Aiko talde osoari, bereziki, Sabin Bikandiri eta Patxi Labordari. Noski, ezin ahaztu soinu-argietan eta argindar kontuetan ibili ziren teknikariak: mila esker zuei ere!
Ekitaldi nagusien atalera pasako gara orain: Barakaldo Antzokiko biak, eta kanpokoa, Urduñan.
Barakaldo antzokiko ekitaldiak direla-eta, beti bezala eta lehen-lehenik, hango langileen lana eta laguntza nabarmendu nahi ditugu, berriro ere bi egunetan hainbeste orduz erakutsi zuten maila profesionala. Mila esker, Andoni, Arantza, Edu, Germán, Patxi eta txarteldegiko zein aretoko gainerako langileei. Berriz ere eman nahi dizkiogu eskerrak antzokiko zuzendariari, Anari, prest baitago beti antzokiaren erabilera errazteko eta ahal den laguntza guztia emateko.
Antzokiko ekitaldietako lehena musika-saioa izan zen, eta horri gagozkiola, lehenik eta behin, Gaztedi Dantzari Taldeko musikariei eman nahi dizkiegu eskerrik eta zorion beroenak. Izan ere, lanez lepo ibili dira 2022. urtean, 70+1 urteurrena ospatzeko egutegi bete-betea aurrera eramaten, eta gure ekitaldia baino soilik bi aste lehenago gauzatu zuten ospakizun gorena. Badakigu zer-nolako ahalegina egin duten, eta, hortaz, munduko eskerrik handienak eurei.
Musika Eguneko bigarren saiora helduta, hirutan eskerrik asko: eskerrik asko, asko eta asko Ruben Isasi, Xabier Valle eta Argibel Euba hirukoteari, oholtzan oparitu zeniguten bikaintasunagatik. Eta ezin amaitu atal hau aipamen berezia egin gabe: mila eta mila esker, Alma eta Javi, saioko aurkezpena egiteko eskaera ezustean jasota ere, beldurrik gabe eta adorez beterik onartzeagatik.
Barakaldo antzokiko bigarren ekitaldia Dantza Eguna izan zen, eta horretan, lehenik eta behin, gogotik eskertu nahi ditugu bi dantza-talde gonbidatuak: Torrelavegako Tanos herriko "Virgen de las Nieves" eta Lugoko Lieiro herriko "Mistura"; izan ere, emanaldi ederra eskaini ziguten eta badakigu zenbateko ahalegina dakarren honelako gonbite eta erronka onartzeak, aurten, bereziki. Eta ezin eskertu barik Doces Lembranzas taldea, berriz ere laguntza bikaina eman baitigu gure emanaldian, gurekin batera dantzatuz: moitas grazas! Eta, azkenik, bihotz-bihotzez eman nahi dizkiogu eskerrak Mikel Pikazari, irudimenez eta umorez beteriko aurkezpenagatik.
Azken ekitaldira helduta, hots, Kanpoko Egunera, eskerrak eman nahi dizkiogu Urduñako Erauntsi Dantza Taldeari , ederto hartu baitu jaialdia euren herrian, bigarrenez, lan eta emanaldi ederra egin baitzuen, eta harrera ezin ederragoa egin baitzien talde gonbidatuei. Eskerrik asko, eta aurrera segi!
Badira beste lagun eta enpresa batzuk, gure eskerrak jaso behar dituztenak, jaialdiari itxura ematen lagundu baitigute: Aritz Garcia, kartelaren diseinatzailea, Las Manos de Leireko José Manuel, jaialdian parte hartutakoek jasotzen duten oroigarriaren egilea, Fasprint Barakaldo eta Bilbao Hostel aterpetxea. Eta eskerrik asko Arkaitz Buron lagunari, bere argazki zoragarrietan jasotzen baitu Barakaldon mugitzen den guztia. Eta ezin dugu inola ere ahaztu gure sukaldari-taldea: Isortze, Garazi, Txorbo, Koldo, Pitx, baita beste batzuk ere... badakigu gehiago direla, eta haiei ere mila esker.
Beti bezala, txalo handia merezi dute etxekoek ere. Ibarra-kalduko dantzariek eta musikariek, gaur egun dihardutenek eta edizio berezi-berezi honetan laguntzera itzuli diren kide ohiek ere. Ordu asko eman ondoren lanean, estresak eta urduriak jota, nork bere onenak emateko tematuta, azkenean lortu dugu agertokian erakustea jaialdiaren 25 urteon historia, eta hala, adierazi digutenaren arabera, ukitu eta hunkitu ditugu ikusleen bihotzak.
Azkenik, eskerrik asko gure lanak zentzua eta emaitza baduela sentiarazi diguten guztioi. Eskerrik asko atariko ekitaldietara etorri eta bertan parte hartu dutenei; inoiz baino parte hartzekoagoak izatea lortu dugu, gero! Eta, nola ez, mila esker Barakaldo Antzokiko eta Urduñako ikus-entzuleei ere. Laguntza horregatik bagara eta nahi dugu izaten jarraitu.
Tira, espero dugu inor utzi ez izana. Hala bada, barkatu eta barkatu: ez da nahita izan.
MILA ETA MILAKA ESKER GUZTIOI!!!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ibarra-kaldu elkartea
Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.
Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.
S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38
http://ibarrakaldu.webcindario.com