Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ibarra-kaldu elkartea Beurko-Bagatzako inauteriak 2024

Dokumentuaren akzioak

Beurko-Bagatzako inauteriak 2024

Otsailaren 16 eta 17ko asteburuan berriro ere izango dugu aukera Beurko-Bagatzako inauteriak gozatzeko. Izan ere, Ibarra-kaldu elkarteak berariazko egitarau hau prestatu baitu egun bi horietarako:

Lehen-lehenik, “Momotxorro gaua” ospatuko dugu, otsailaren 16an, ostiral horretako 20:30ean. Hala, Altsasuko inauterietako izaki izugarriak berriz jabetuko dira gure auzoko kaleez, hala nola momotxorroak, Akerbeltz, sorginak, lamiak, maskaritak, zakuzaharrak baita beste batzuk ere.

Barakaldon 2014an hasi ginen ospatzen inauteri jai hori, eta, harrezkero, heldu eta haur asko eta asko erakarri ditugu ospakizunean parte hartzera, eta, nolabait, esan genezake tradizio bihurtu dela, ia-ia, Beurko-Bagatza auzoan. Hori dela eta, berriz gonbidatu nahi ditugu auzokide guztiak, gurekin batera aurtengo Momotxorro Gauean parte har dezaten.

Bigarren ospakizuna biharamunean izango da, otsailaren 17an, larunbata. Orduan, 12:00etatik aurrera, Ibarra-kalduko musikari eta dantzariak kalejiran ibiliko dira auzoan, kalez kale, Iñude eta Artzaiak izeneko konpartsa plazaratzeko, eta toki jakin batzuetan zenbait dantza egin ostean, elkartearen egoitzara joko du segizioak, hantxe bazkalduz indarrak berritzen.

Arrsatsaldean, 18:00etan, emanaldi nagusia eskainiko da, eta oso-osorik antzeztuko da iñude eta artzaien konpartsa,  Ibarra-kalduko sail guztiek parte harturik, kide txikienetatik nagusienetara, guztiek elkar harturik.

Baina kultur elkarteko atal guztietako musikari eta dantzariez gain, aurten ere erasoan etorriko zaigu guraso talde eder bat ere, inauterietan dantza egitearekin biziki zaletu direnak. Auskalo zertan arituko diren oraingo honetan!

Animatu eta zatoz parte hartzen edo ikusiz gozatzen!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ibarra-kaldu elkartea

Ibarra-kaldu elkartea

Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.

Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.

S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38

http://ibarrakaldu.webcindario.com