Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ibarra-kaldu elkartea Hemen da Barakaldoko Folklore Jaialdiaren 2023ko edizioa: Herrien arteko XXVI. folklore jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Hemen da Barakaldoko Folklore Jaialdiaren 2023ko edizioa: Herrien arteko XXVI. folklore jaialdia

2023/11/22 12:00
Hemen da Barakaldoko Folklore Jaialdiaren 2023ko edizioa: Herrien arteko XXVI. folklore jaialdia

Herrien arteko XXVI. Folklore Jaialdia-ren kartela

Barakaldoko Herrien arteko Folklore Jaialdia 26. ediziora iritsiko da aurten, mende laurdenaren muga dagoeneko igarota. Beurko-Bagatzako Ibarra-kaldu elkarteak antolatuta, azaroaren 25etik abenduaren 10era bitartean garatuko da jaialdia.

Ohi den bezala, babesle izango ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Barakaldo Antzokia eta Kutxabank; laguntzaile, aldiz, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, Metro Bilbao eta, oraingo honetan, Zallako Ibai Lorak dantza taldea eta Zalla Kultura.

Egitarauan atariko bost ekitaldi eskaintzen dira, jaialdia irekitzeko, azaroaren 25etik abenduaren 6ra arte. Ondoren, hiru ekitaldi nagusi egingo dira: bi, abenduaren 8an eta 9an, Barakaldo antzokian, eta azkena, abenduaren 10ean, Zallako Zine Antzokian, jaialdiko kanpo-egunean.

Duela 26 urte eman zitzaion hasiera jaialdi honi, eta parte hartzaile ugari pasa dira aurreko 25 edizioetan. Izan ere, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, 46 dantza taldek hartu dute parte, Estatuko autonomia erkidego guztietakoak, baita beste estatu batzuetakoak ere, hala nola Andorra, Belgika, Frantzia, Italia eta Portugalgoak. Horietaz gain, 31 musika talde eta hainbat bertsolari aritu dira jaialdian. Gainera, Bizkaiko 17 talde anfitrioi gisa jardun dute kanpo-eguneko emanaldietan.

Atariko Jarduerak

Azaroak 25, larunbata

  • 18:00-20:00 Zirku saioa. Iazko zirku saioak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere sartu nahi izan dugu egitarauan zirkuaren mundua, hartara, azken urteetako ildoari jarraituz, indar handiagoa emateko txikienei zuzendutako ekitaldiei. Azaroaren 25ean izango da, larunbatarekin, 19:00etan, non eta leku berezi batean, Zirkodomo deritzan karpan, Barakaldoko Arauti kalean. Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik gonbidapenak jaso beharko dira Ibarra-kalduko lokalean, astegunetan, 18:00-20:00 ordutegian.

Azaroak 28, asteartea

  • 20:00 Hitzaldi dantzatua. Aurtengo jaialdiko bigarren ekitaldia Barakaldo Antzokiarekin elkarlanean antolatu da: hitzaldi dantzatu bat. Horretan, "Tra, Tra, Tra - Tradizioa, Transmisioa, Traizioa: begirada garaikidea tradizioari” izenburupean, Toni Jodar artista eta dantza maisuak paseotxo bat egingo du dantza garaikidearen historian eta bilakaeran barrena, arreta bereziki dantza tradizionalean jarriz, sustraietan eta sorkuntza berrian arakatuz. Tradizio eta traizio hitzak jaso dira izenburuan. Elkarren aurkakoak direla eman arren, jatorri bera dute, “tradere” aditza: transmititu, entregatu, eman, harago joan... Ekitaldia begirada bat da, arian-arian elkarri transmitituta ere, azkenean elkar traizionatzen duten sustrai horietara. Barakaldo Antzokiko areto nagusian izango da saioa, eta sarrerak 12 eurokoak izango dira.

 Abenduak 1, ostirala

  • 21:30 Kantu-afaria. Iazko beste berrikuntza bat, aurtengo egitarauan sartu dena, kantu-afaria, azken edizioan lagun kopuru ederra erakarri baitzuen eta ahoko gozoa utzi baitzigun. Egitarauan bultzatu nahi dira horrelako ekitaldiak, non ikusle edo entzule gisa datozenek aktiboki parte har dezaketen, ohiko rol pasibotik aldenduta, kasu honetan, kantu-afaria gidatzen dutenekin batera kantatuz. Horretaz gain, kantu zahar eta berrien letra eta doinuak zabaldu nahi dira, baita taldean kantatzeko ohitura suspertu ere. Kantuetan gidari, "ERROTIK" bikote akustikoa izango dugu, Eider Zenarruzabeitiak eta David Nanclaresek osatuta. Ibarra-kaldu elkartearen lokalean izango da. Afariko menua 18 eurokoa izango da eta bi modutara ordaindu ahal izango da: batetik, aurrez aurre elkartearen bulegoan sarrera bertan hartuz, lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara; bestetik, BIZUM erabiliz, 620 343 484 telefonoan, NAN zenbakia zehaztuz eta "AFARI" kontzeptua adieraziz. Hala ere, Bizum bidez ordainduz gero, sarrerak afarira sartu aurretik jaso beharko dira, sartzeko unea ez oztopatzeko.

Abenduak 2, larunbata

  • 19:00 Dantza-solasaldia erraldoiekin. Ezagutza jorratzeko ekitaldietan ere sustatu nahi dugu ikusle-entzuleek aktiboki parte hartzea, eginez hobeto ikasten delakoan. Hori dela eta, aurtengo hitzaldia dantzako lantegi eta solasaldi izango da aldi berean, “Erraldoiekin jolas eta solas” izenburupean. Barakaldoko lau udal erraldoiak baliatuz, erraldoien tradizioa eta dantza egiteko modua ezagutaraziko digu Patxi Labordak “Birakari” konpartsako beste kideen laguntzarekin. Hala jakingo dugu nola egiten diren, zerk osatzen dituen, nola dantzatzen diren... Horretarako, koreografia erraz bat prestatu da, bertaratzen direnek praktikan jar dezaten. Ekitaldia Zirkodomon izango da.

Abeanduak 6, asteazkena

  • 19:00 Erromeria. Jaialdia norbera dantzatzeko plaza ere bihurtu nahi dugunez, atariko azken ekitaldiak ere aukera ematen die ikusleei aktiboki parte har dezaten. Horregatik, erromeria ireki bat antolatu dugu, nahi duen ororentzat irekia, Ibarra-kalduko musikariek eta dantza-maisuek gidatuta. Barakaldoko Pilotalekuan, sarrera doan.

Ekitaldi Nagusiak

Hiru dira, eta doakoak: Musika Eguna, Dantza Eguna eta Kanpo Eguna.

Abenduak 8, ostirala

  • 19:30 Musika Eguna. Saioak etxeko ukitua izango du, oso, talde guztiak barakaldarrak baitira; hala ere, euren musika askotarikoa da. Batetik, TaNborin taldea, euskal herritarrek garaiz garai lagun izan dituzten doinuak eskaintzen. Bestetik, RULA taldearen folk euskal irlandarra, Ruaille-Buaille taldearen bertsio txikiagoa eta berritua. Azkenik, IBARRA-KALDU musika taldea, saiorako berariaz prestatutako zerbait ematen. Barakaldo Antzokian, sarrera doan.

Abenduak 9, larunbata

  • 19:30 Dantza Eguna. Edizio honetan, Gaztela-Mantxa eta Valentziako Erkidegoa dira bisitatzen gaituzten taldeen jatorria. Batetik, "SEÑORA DE LA SIERRA" folklore elkartea dator, Ciudad Realeko Villarrubia de los Ojos herritik; bestetik, "Grup de danses y rondalla REPICÓ", Valentziako Manises herritik. Horiekin batera, jakina, Ibarra-kaldu taldea arituko da, ohi den bezala, ekitaldirako berariaz prestatutako dantza ikuskizun berezia ematen.

Abenduak 10, igandea

  • 12:00. Kanpo Eguna. Enkarterrira doa aurten ere jaialdia, Bizkaiko beste udalerri bat bisitatzeko egun honetan, Zallara, hain zuzen ere. Han, Gaztela-Matxatik eta Valentziatik bisitari datozkigun taldeekin batera, bertako Ibai Lorak dantza-taldeak hartuko du parte, anfitrioiarena ere eginez.  Zallako Zine Antzokian, sarrera doan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ibarra-kaldu elkartea

Ibarra-kaldu elkartea

Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.

Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.

S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38

http://ibarrakaldu.webcindario.com