Dokumentuaren akzioak
“Miña Nai” ikuskizuna berriro ere ikusgai, irailaren 16an Gasteizen
Larunbat honetan, galiziarrek Euskal Herrira egindako emigrazioaren istorio bat azalduko zaigu Félix Petite antzokian, 18:30ean.
Emanaldian dantzak, kantuak, testuak eta bideoak uztartzen dira, Patxi Laborda dantza maisuak zuzendurik. Hainbat taldetako kidek hartuko dute parte: dantzan, Barakaldoko Ibarra-kaldu eta Doces Lembranzas taldeetakoak; musikan, berriz, Ibarra-kaldukoekin batera, Folketan taldeko kideak, Ceo do Sil gaita taldekoak eta Son Mesturado taldeko cantareirak. Horietaz gain, Arantzazu Iglesias eta Anxo Deive narratzaile arituko dira.
Patxi Labordak proposaturiko ideiari gogoz heldu zioten aipatutako taldeetako kideek, pandemiaren sasoian, baina orduko murrizketak zirela eta, ezin izan zen taularatu harik eta neurriak indarrik gabe utzi ziren arte, eta, hala, 2021ean eman zen aurreneko aldiz jendaurrean, Herrien arteko Barakaldoko Folklore Jaialdiaren barruan. Orain, bigarrenez ikusi ahal izango da, non eta Gasteizen, bertako galiziar etxeak antolatu baitu emankizuna.
Ikuskizunak “Miña nai” du izen, hots, “Ama geurea” galizieraz, eta emigrazioa era desberdinean bizi duten hiru amaren istorioa kontatzen da, benetako historietan oinarriturik. Ikuskizunaren muina dira atzean utzitakoaren oroimina, ezagunaren eta ezezagunaren artean sortzen den talka eta lortzen den oreka. Izan ere, lanaren bidez erakutsiko den bezala, bi kulturak ez daude hain urrun elkarrengandik.
Lurralde bakoitzaren hizkuntza koreografikoari erreparatu dio Labordak, eta, haren hitzetan, akademizazioak leku ezberdinetara eraman gaituen arren, erroetatik hartuta ez gaude horren urrun, gauza asko komunean baitugu: Galiziako edo Euskal Herriko melodiak zein dantzatzeko moduak oso antzekoak direla.
Bi lurraldeetako erritmoak eta urratsak landu eta gauza berriak sortu dituzte, komunean ditugun edo baita kontraesanetan ditugun dantzak taularatuz. Bi lurraldeetako dantzak aurrez aurre jarriko dira; kontrastea nabarmentzeko une batzuetan, eta antzekotasunak azpimarratzeko, besteetan.
SINOPSIA
Miña Nai, hiru amaren istorioa. Emigrazioa era desberdinez biziko dute haiek. Maruxak agur esango dio alabari, gosetik ihes Euskal Herrira alde egingo baitu Mariak. Lur arrotz eta asaldatu hartan bakarrik sentituko da, babesa eta maitasuna aurkitu arte bertako galiziarren komunitatean, eta Pedruchoren baitan. Alaba bat izango du, Mari Carmen, galiziar kulturan heziko dena. Horrek Txomin ezagutuko du eta, haren bidez, beste kultura bat, besoak zabalik, bera beso artean hartzeko prest. Maitale biak elkarrengana hurbildu eta bi kulturek elkar aberastuko dute harreman horretan. Elkartze horren emaitza Miren izango da, aurreiritzirik eta zamarik gabea, bere kontakizuna oraindik ere eraikizun.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ibarra-kaldu elkartea
Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.
Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.
S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38
http://ibarrakaldu.webcindario.com