Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eusko Lorak Trokeoak eta aurreskua Sestaon San Inazio egunez

Dokumentuaren akzioak

Trokeoak eta aurreskua Sestaon San Inazio egunez

2022/09/20 21:50
Trokeoak eta aurreskua Sestaon San Inazio egunez

Iruñeko eta Sestaoko dantzari-soka.

Duguna Iruñeko lagun dantzariak gonbidatu genituen San Inazio eguneko dantzaldira; trokeoak eskaini zituzten plazan eta guk aurreskuan hartu genituen.

Joan den uztailaren 31n, Iruñeko Duguna taldea etorri zitzaigun Sestaora, San Inazio Loiolakoaren egunez, nahiz eta saindu hau nafarren aurka borrokatu, eta euskaldunen hiri buruzagian jaso zauriak giltzarri izan bere geroko bideetan.

Euskal herri askotako jaia da uztaileko hau; izan ere, euskaltasunarekin lotu izan baita erromeria Bizkaian eta Gipuzkoan, XVII. mendean ospatzen hasi zenean horrela ez izanik ere (1682. urtean kanonizatu baitzuten Loiolakoa). Sestaon ere mende horretan hasi omen zen erromeria ospatzen, elizako zelaian eta Kaskoan. Horrela, 1892an kontratatuko musika-bandaren emankizun-programan sartuta zegoen, eta hamar urte geroago, 1902an, bandaz aparte, ezpata-dantzariak (“una comparsa de espatadantza”) kontratatu zituzten emankizuna emateko.

Hiru urte geroago Areatzako ezpata-dantzariak kontratatu nahi zituen udalak, 11 dantzari 6na pezetan, euskaltasun apurra emateko egunari, “que dará colorido regional”. Proposamen hori entzunda, delako Garcia jauna ezpata-dantzariak ekartzearen aurka azaldu zen, "erridikuluak" eta "baserritarkeriak" zirelakoan. Eztabaidaren ostean, dantzaren lekua zinema-proiekzioek hartu zuten. Hona bilera hartan izandako eztabaida:

 

sestaoliburua_si22
1905eko San Inazio jaia antolatzeko bileraren komeriak, Eleuterio Gagok bere liburuan jasoa.

Xelebrekeria hauetako askotan “2” zenbakia ageri da, eta, aurten ere, 2dun urtean, kanpoko ezpata-dantzariak izan dira Sestaon. Dantzaldi xume eta beroan elkarrekin dantzatu ginen Duguna eta Eusko Lorak taldeetako dantzariak. Dugunak trokeoak egin zituen zintzo-zintzo, tartean erraldoien dantzak izan zirela. Ikusleen artean baziren Iruñeko dantzak ikusi gabeak zituztenak, eta gogoz txalokatu zituzten.

 

kalejira_si22
Iruñeko dantzariak kalejiran

Horren ostean, aurreskua egin genuen eta desafio eta banakako zortzikoak eginda, sestaoarron sokan sartu genituen iruindarrak. Soka berean loturik, ingurutxo laburra egin genuen elkarrekin Aurizko ahaireetan.

Bizkaiko ohiko jota eta porruen ostean kalejiran agurtu genuen plaza eta tabernen epeletara abiatu ginen. Anitz urtez anitz dantzaldi datozela!

desafioa_si22
Eusko Lorak taldeko aurreskua eta atzeskuaren desafioa.

 

 Gago, E., 1996, Sestao... de aldea rural a concejo industrial, Tomo II, Sestao.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eusko Lorak

Eusko Lorak

Sestaon 1957an sortutako euskal dantza taldea.