Dokumentuaren akzioak
Sestaoko San Pedro jaietako aurreskuaren lehenbiziko dantza-soka
Duela 40 urte, 1982ko ekainean, izan zen Sestaoko udalerriaren jai nagusiko lehen aurreskua. Lehen jai herrikoietan Eusko Lorak taldeak, batzordekide izanik, aurreskua pregoi aurretik dantzatzeko proposamena egin zuen, eta harrezkero taldeko kide batek dantzatu du. Aurten soka osatu da.
Urteetan, jaietako aurreskua dantzatzea lagun bakar baten ardura izan da. Horietan nabarmenenak izan dira Abel Baños, Pedro Gonzalez, Edu Hidalgo eta Sergio Barrios. Txistulariekin gorabehera gehiago izan ziren, baina aipagarrienak Fernando Baños eta Ibon Rodriguez izan ziren. Geroago taldearen txistulari eta dantzari bana izan dira, baina erregulartasunik gabe.
Sestaoko jaiek bereizgarri dute jai-batzordea: erabakimena batzorde misto batek dauka. Politikariekin eta teknikariekin batera, herriko talde eta kolektiboek parte hartzen eta erabakitzen dute. Alabaina, 2000. urtean, orduan aurreskularia Sergio Barrios izanik, garaiko alkateak jai-batzordea desegin zuen, eta jendeak protestarako baliatu zuen pregoia, eta ondorioz aurreskua; danbolinaren kolpeek baino, arrautzenek jo eta zikindu zuten. Hurrengo urteetan, taldearen ekimenez, talde bera korporazioaren erabakiaren aurkakoa ere izan arren, batzordeko kide izan ziren taldeek adostu zuten aurreskua eta pregoi aurrea guztientzat izan zedila, eta hain zuzen dantza-une hori baliatu zuten aldarrikatzeko jai herrikoia itzul zedin. Geroago, jakina, batzordea berrezarri zen.
Aurten, 40 urte luze eta hausnarketa beharrezko baten ondoren, sokan eman dugu aurreskua. Eguna, joan den larunbata, ekainak 25; lekua, jaien hasiera hartzen duen udaletxearen aurrea. Aurretik aipatutako bereizgarritasuna kontuan hartuta, jai-batzordearena izan da soka, taldeak gidatuta. Kultura-zinegotzia, batzordeburu izanik, sokaren burua ere izan da, eta batzordekide diren askotariko taldeen ordezkari bat sokan izaten saiatu gara. Sokara gonbidatuak, ezbairik gabe, pregoilariak izan behar ziren, jai-antolatzaileek emandako ohorea baita pregoilari izatearena. Aurtengo pregoilariak AFISES elkartea zen, dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkartea.
Lehena izan da 40 urtean, eta dena ez da imajinatu bezala izan, baina balio izan digu aurtengoak datozen urteetan egin behar eta nahi duguna neurtzeko, etor daitezela beraz!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Eusko Lorak
Sestaon 1957an sortutako euskal dantza taldea.