Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantza egingo dute Sestaon 2018ko martxoaren 10ean
Sestaoko Eusko Lorak taldeak 60 urte bete zituen iaz eta urteurrenaren ondotik bere jardunerako bide berria urratzeari ekin dio. Horren barruan, Gipuzkoako ezpata-dantza egingo dute aurten estreinakoz, eta egun hautatua martxoaren 10a da: taldeak lehendabizi dantzatu zuenekoa, sorreraren urteurrena alegia. Eusko Lorak udaberriaren etorrerarekin sortu zen, eta oraingo ekitaldiarekin harrera egin nahi diote udaberriari eta garai berriari.
Koreografiak Larramendi eta Iztuetak idazkietan jaso zuten dantza moldeari jarraitzen dio, baita gerora, XX. mendean, zenbait dantza maisuk proposaturikoari ere, eta hori guztia Iñaki Ahedok lagunduta bereganatu dute. Urratsetan Arrateko Amaren dantzetarako argudioak inspirazio izan dituzte, baita jantziak hautatzerakoan ere. Idazkietatik edan arren, ez diote ezein agintariri dantzarik eskainiko ezta santu edo birjinarik ohoratuko ere. Kultura munduko pertsona edo erakunde bat omentzea da asmoa. Aurtengo eta lehenengo aldi honetarako Roberto Etxebarria trikitilaria hautatu dute, ia 40 urtez Sestao herriarekin hartu-emanean izan dena: Euskal musika tradizionalak transmisiotik eskola eta ikasketetara egin duen jauzian, berebiziko garrantzia duen pertsona dugu Etxebarria.
Esan bezala, martxoaren 10ean, larunbatez, plazarik plaza izango ditugu, 12:30ean taldearen lokalean hasita: Grupo Nuestra Señora del Carmen Taldea, Bloque M-2 lonja.
Taldearen folklore jardun eta ospakizunak nonbait hotsandiz atondu nahi ditugu eta urterik urte errepikatu, tradizioak maiz ekartzen dituen arauak eta prozedurak ezagutu nahian, eta Sestaoko kultur ondareari daukaguntxoa eman nahian. Aldarri dugu ere Euskal Herriko Far West-ean euskal kulturaren parte izan nahi duguna, eta haren zabalkundea artez egin nahia ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Eusko Lorak
Sestaon 1957an sortutako euskal dantza taldea.