Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Euskal Dantzatik Feminismora Aurreskulari eta emakume, herriak nahi al gaitu?

Dokumentuaren akzioak

Aurreskulari eta emakume, herriak nahi al gaitu?

Aurreskulari eta emakume, herriak nahi al gaitu?

Emakume aurreskulari bat askoren artean

Zur eta lur geratu nintzen aurresku bat emakume izateagatik bertan behera utzi zidaten lehenengo aldian. Telefono dei batekin hasi zen guztia, eskaintzen genuen zerbitzuari buruz galdezka deitu zuen pertsona batek. Nik horren barneratuta neuzkan azalpenak eman nizkion eta berak gu kontratatu nahi gintuela ulertzera eman zuen. Data, ordua eta lekua esan zidan, baina deia amaitzear zegoela, nik esandako esaldi baten harira ulertu zuen dantzaria ni nintzela, emakume bat. Harrituta, ni ez nindutela nahi esan zidan eta ea gizonezkoa izateko aukerarik ez ote genuen galdetu ere. Ezetz esan nion; baina inertziaz ea gizon aurreskularirik dei nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Egoera hori izanik, interesatuta ez zeudela esan eta eskerrak emanez agurtu zen.

Ni momentu horretan ezin sinetsi nengoen, ez nuen ulertzen gertatu berri zitzaidana, baina aurrera egitea erabaki nuen neure burua konbentzituz galtzen ateratzen zirenak haiek zirela; "ellos se lo pierden" famatua buruan grabatu nuen (hortik aurrerako beste askotan bezala). Aurreko eguneko azken dei honetara arte, nire barnean zeozerk klik egin eta gutxietsia sentitu nintzenean. Izan ere, nire generoaren arabera nire dantzatzeko modua epaitua izaten ari da, nire gaitasunak aurreskua dantzatzeko nahikoak izango ez balira bezala. 

Aurreskua kontratatzeko deitu zuten azken aldi honetan ez nintzen neu izan telefonoz mintzatu zena bezeroarekin, eta bitartekoak dantzaria emakumezkoa edo gizonezkoa nahi zuen galdegin zion. Imajinatu galdera hau beste ezaugarri batekin planteatuta: dantzariak azal beltza edo txuria izatea nahi? Bertan argi eta garbi ikusten dugu diskriminazioa (arrazakeria). Bezeroaren erantzuna, beste behin, gizonezko aurreskularia nahi zuela izan zen, eta horren berri izan nuenean nire barruan zeozer apurtu zen. Barruan milaka sentimendu nituen, baina indartsuena oihu egiteko gogoa. XXI. mendean gaudela eta generoaren aurreiritziari buelta bat eman behar zaiola oihukatzeko beharra. Nire generoak dantzari bezala definitzen ez nauela oihukatzeko beharra. Dantzaria naizela oihukatzeko beharra, eta dantzan nire gorputza erraminta bat besterik ez dela adierazteko beharra.

2020ko azaroan Karla Agirre eta Amaia Marinek dinamizatutako Euskal dantzatik feminismora tailerrean parte hartzeko aukera izan nuen honelako hainbat gai lantzeko espazio batean. Gizarte eraikuntzari buruzko ideia bat pasa zitzaidan burutik, zergatik eskatzen dituzte gizonezkoak aurreskuak dantzatzeko? Eskatzaileak, orokorrean, ezkontzarako argazkia besterik ez du nahi, eta argazki hori gizonezko batek irudikatzea. Argazki perfektua zuriz eta gorriz jantzitako gizonezko dantzari batek osatzen du, postureoa ote? Beraz, zer da gaur egun ikusleak jasotzen duena? Ikusleak zabaldutako aurreskuaren irudia gizonezkoa denaren erantzukizuna dauka? Ala gurea da erantzukizuna, dantzari eta dantza talde bezala eskaintzen dugun dantzaren inguruko diskurtso eta irudiagatik? Gorputzen katalogo bat egin behar ahal dugu? Dantzatik aldenduz modelo desfile bat bihurtuta? Izan ere, emanaldi askotan plazaratzen ditugun dantzetan gizonezkoek gizon rolari (indartsu eta dibertigarria) lotutako dantzak eta emakumezkoek emakume rolari (lasaia eta ahula) lotutakoak soilik egiteak ondorio zuzena du ikuslearengan. Tradizioaren aitzakiaren atzean ezkutatzeak gaur egun jada ez du balio, ikusleari transmititzen diogunaren erantzukizun zuzena dugu, eta ikuskizunek aldaketa beharra dute gizarteak bezala aurrera egiteko.

Oier Araolazaren Genero-identitatea Euskal Dantza tradizionalaren eraikuntzan lanean ikus daiteke euskal emakumeen dantzaren historia debekuek, ukazioek, estereotipoek eta rolek markatua eta definitua izan dela. Dantzaren munduan generoaren kontzeptua suntsitzeari buruzko eztabaidarako momentua iritsi da. Diskriminazio honen berri izateak etorkizunean nola jokatu nahi dugun hausnartzera eramaten gaitu, beharra hor dago. Agian diskriminazio positiboa bultzatu behar dugu? Edo dantzariak indibiduo bezala tratatu haien generoan pentsatu gabe? Zer da trasnmititu nahi duguna? Gizonezkoek indarra errepresentatzen dute eta emakumezkoek fintasuna? Ala generoaz aparte dantzariari berari eman behar zaio garrantzia? Zein da dantzarion papera? Eta zein aurresku bat egiteko deitzen zaituztenena?

Has gaitezen mamuei izarak kentzen eta biluztu ditzagun bizi ditugun erasoak dantzan, josi ditzagun dantzarion sare feministak eta jarraitu dezagun iragana buruan izanda orainean datzan. Ni aurreskulari, emakume eta feminista naiz, zuk zer izan nahi duzu?
 

Emakume aurreskulari bat askoren artean

Dokumentuaren akzioak

2021/09/24 08:58
Genero-bazterketa argia da hemen agertzen dena eta eskerrak eman nahi dizkizu(e)t salaketa hau egin eta ezagutzera emateagatik, horren inguruko kontzientzia zabaltzen lagunduz. Nire elkartasun eta babes osoa adierazi nahi dizu(e)t.

"Argazki perfektua zuriz eta gorriz jantzitako gizonezko dantzari batek osatzen du" esaldian "gizonezko" kategoria ezabatzea izan behar da helburua eta "zuriz eta gorriz jantzitako dantzari" baten ideia nagusitzea, dantzariaren generoa kontuan hartu gabe. Hain zuzen, "Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan" lanean bada atal bat janzkera zuria eta dantzaren arteko lotura estua agerian jartzen duena eta emakumeek ere argazki hori gorpuzten zutela agertzen duena. Horren inguruan gogoeta egitea dagokigula uste dut, aurreskua genero gabeko dantza dela aldarrikatzearekin batera, janzkera zuri eta gorriak ere generorik ez duela agerian jarriz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.