Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Elai Alai Kultur Elkartea Portugaleteko Maskaradak: Egoiren atzematea eta epaiketa

Dokumentuaren akzioak

Portugaleteko Maskaradak: Egoiren atzematea eta epaiketa

Portugaletekoa da irudizko herri-kondaira bitxi hau: Aldi batean ba omen zen EGOI izeneko gizaki bat, gaiztoa benetan, Peñota malkarreko haitzulo batean bizi zena*.

Gaiztakerietako lagunak zituen, MORROIAK deituak, eta, haiek lagunduta, mota guztietako bidegabekeriak eta amarrukeriak antolatzen omen zituen. Gezurrezko itsas-argiak jartzen zituzten itsasontziek barra* bildurgarria igaro behar zutenean, eta, hala, hondarrean hondoa jota geratzen ziren. Orduan, ontzian sartu eta harrapakinez beteta ateratzen ziren EGOI eta bere lagunak, jendearen bistan. Hondoratutako ontzi batetik, "Avlona"tik, atera zuen Urrestarazu buzoak kapitain-zubiko kanpaia. Gaur egun Errukietxe-Ospitalean dago eta bere tilin-tilin goibelak laguntzen du "sardinaren hileta".

Egoi ezizena –Hego-haizearen jainkoa–, ontziak hego-haizeko gauetan hondoratzen zituelako jarri zioten. Oso zaila da benetan ontzia zuzentzea itsasadarreko sarreran hego-haizeak jotzen duenean. Ikaratzeko moduko itxurakoa zen berez Egoi, baina are bildurgarriagoa kontakizunetan: bi metro baino gehiagoko gizona, txima luze eta zikinekoa.

Egoik eta bere Morroiek hizkera mordoilo bitxia zuten, jatorri ezjakinekoa. Ordenarik gabekoak ziren, zurrutariak, tranpatiak, zakarrak eta diziplinagabeak berez. Diziplinarena laster eta egoki konpontzen zuen Egoik zirti-zarta batean.

Atzemango zituzten beldurrez, oso gutxitan egiten zuten itsasadarrean gora; Santa Klara* haitza zuten muga, gaur Zubi esekia dagoen tokia. Inoiz Fraidearen haitzeraino* ere heltzen ziren; Lamiakon zegoen haitz hori, Udondo ibaitxoaren ahoan. Udondoko ur geldietan lamiak bizi ziren; haietakoren bat harrapatzeko asmoz joaten ziren haraino. 

Lamiak ederrak ziren eta beti gazteak. Beren xarmak baliatuz morroi baldar haiek liluratzen ibiltzen ziren; baina morroiek sekula ez zuten lamiarik harrapatzen: nahikoa irri egin ondoren, uretan ezkutatzen ziren, nora jakin gabe.

Lamien gidaria lamia on bat zen; ARGI zuen izena. Egoik gorroto zion, Argik behin eta berriro zapuzten zizkion eta, asmo txarreko planak. Argik lagundu egiten zien engainatutako itsasgizonei, argiekin bidea erakutsiz ekaitz-gauetan. Kristautasuna heldu zenean, Virgen de la Guíak/Bidatzeko Ama Birjinak ordeztu zuen Argi eta bere gain hartu zituen Argiren eginkizunak.

Inauterietako drama honetan Egoi gaiztoaren atzematea eta epaiketa irudikatzen dugu. Harrapatuko dutenak GALETEAK dira. Nondik datorkien izen hori? Argi dago: Portugalete izenaren jatorria "galete"en portua bada, galeteak gu geu garelako izango da, portugaletetarrak. Ez ala? 

Galeteek txingote-janzkerak dituzte eta aurpegia mozorroz estalita; horrek izenbakoaren itxura ematen die, ez-egiazko itxura. Inauterietan mozorroak guztiok berdintzen gaitu, lotsa eranzten eta gure ausarditxoa askatzen digu nahi duguntxorako.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Elai Alai Kultur Elkartea

Elai Alai Kultur Elkartea

Elai Alai dantza eta musika taldea Portugaleten sortu zen, 1962an, herri ekimenari esker eta herriaren tradizioari jarraiki.
Harrezkero, ELAI ALAI elkartearen nortasuna eta itzala sendotu egin dira, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere, apalki  Euskal Herriaren folklore eta kultura tradizional joriaa etengabe berreskuratu, gorde eta zabaltzen jardunez.
Gaur egun Elai Alai Kultur Elkartearen ...baitan, Dantza eta Musika taldea, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia, Folklore Azoka, Jarrillero Abesbatza eta Dantza eta Musika tradizionaleko eskola sustatzen ditugu besteak beste.