Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Emilio Xabier Dueñas Soinuenearen hogeigarren urteurrena

Dokumentuaren akzioak

Soinuenearen hogeigarren urteurrena

2022/03/04 07:55
Soinuenearen hogeigarren urteurrena

Soinuenea.

Martxoaren 1ean 20 urte bete dira Soinuenea Fundazioko Herri Musikaren Txokoa museoak Gipuzkoako Oiartzun herrian ateak zabaldu zituenetik.

Tarte horretan egindako lana asko sendotu da. Zenbakiek, hazkunde nabarmenean, bermatzen dute: erakusketara joan diren bisitariak; kontzertu, tailer eta jardunaldietan parte hartu dutenak, eta hizlarien eta musikarien kalitatea.

Soinuenea 20 urte

Euskal Herrian ez dago museo honen ezaugarri berdinak dituenik, Juan Mari Beltran musikariaren bizitzaren zati garrantzitsuaren isla da (Gipuzkoako Ondare Saria 2021). Bertan, ikuspegi didaktikotik eta egituratutik, gure inguruko soinu-tresna eta hots-jostailuak eta planetako beste txokoetan dauden parekideak ikus ditzakegu. Ez da motza, inondik inora, txistua bezalako hurbileko objektuek eta Alpeetako adarra bezain anitzak edo exotikoak diren tresnek osatzen duten zerrenda. Horiek guztiak hainbat hizkuntzatan erakutsi eta azaltzen dizkio interesdunari bisitaldian egokitutako gidariak.

Soinuenea
Emilio Xabier Dueñas eta Juan Mari Beltran inauterien inguruko jardunaldietan, Herri Musikaren Txokoa, Oaiartzun, 2010-11-27.

Baina Soinueneak ez du kutsu teoriko-praktikoa duen erakusketa hau soilik eskaintzen, albokari baten lan-bankua ere mirets baitezakegu. Jarduera serioen eta ludikoen artean, berriz, tailerrak, urtaroko kontzertuak, kalejirak, paperezko zein argitalpen digitalak, disko-liburuak eta hainbat jatorritako parte-hartzaileekin antolatutako urteroko musika-jardunaldiak daude.

Museoa bertatik bertara bisitatu nahi duen guztiak 943 493 578 telefono zenbakira deituz egin dezake. Egoitza Tornola kaleko 6. zenbakian dago (Ergoien auzoa).

Bestalde, ikertzaileen eskura daude Liburutegia, Fonoteka eta Irudi artxiboa: milaka liburu eta aldizkari, ehunka audio, argazki eta bideo formatu ezberdinetan. Informazio horren guztiaren ez nolanahiko kopuruak jai ugaritara eramaten gaitu, azken batean ahozko transmisioa izanik balio historiko, musikal eta etnografiko-folkloriko ukaezina duen ondare-espazioa.

Soinuenea 20 urteAzken urte hauetako inguruabarrak direla eta, min gehien eman digun pandemia bat tarteko, webgunean (www.soinuenea.eus) eskaintzen den material guztia eguneratu da. Material horretan museoan dauden soinu-tresna guztiak ikus ditzakegu, bazter guztietatik ateratako horien irudiekin, jatorrizko soinuekin eta interpretazio historikoekin batera. Elementu bakoitzak bere fitxa du, dagozkion datuekin.

Urtemuga hau ospatzeko aurreikusita dauden ekitaldiak Euskal Herriko Albokarien lehenengo Batzar Orokorrarekin hasi eta astebururo herriaren erdialdean izango diren kanpai-bueltekin jarraitzen dute. Hilabete honen amaiera gisa zarrabete joleen topaketa izango da martxoaren 26an eta 27an.

Soinuenea 20 urte

Soinuenearen aurpegi nagusia museoa bada ere, ezin dugu ahaztu bere inguruan dagoen guztia eta, jakina, Beltran jaunak azken 50 urte hauetan, eta oraindik heldu direnetan, egindako lana. Zorionak!

Dokumentuaren akzioak

2022/03/04 11:03
Zorionak, bai, eta eskerrik asko, altxor eder eta iturri oparo honengatik. Urte askotarako, eta hazi bedi oraindik!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.