Dokumentuaren akzioak
Juan Mari Beltranek jaso du Gipuzkoako IV. Ondare Saria
Juan Mari Beltran 2021eko Ondare Saria jasotzen, 2021-11-15. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA
Euskal herri-musika eta instrumentuak ikertzen egindako ibilbide oparoa goraipatu ditu epaimahaiak Juan Mari Beltran Argiñena (Etxarri Aranatz, 1947) ikertzaileari eta musikariari 2021eko Ondare Saria emateko. Halaber, saria herri-musika interpretatzen, sustatzen eta zabaltzen egindako lan handiaren aitortza da. Gipuzkoako Diputazioak eman dio saria, Donostiako Santa Teresa komentuko kontzejuko aretoan azaroaren 15ean egindako ekitaldian.
Juan Mari Beltran
Juan Mari Beltran gaztetan hasi zen txistua jotzen Etxarri-Aranatzen, haren anaia Bixenterekin batera. 1960ko hamarkadan Donostiara joan zen familiarekin, eta hango mugimendu euskaltzalearekin elkartu ziren. Hala nola, txistulariak izanik, Donostiako zenbait dantza talderekin hasi ziren elkartzen: Goizaldi, Izarti edota Argia. Juan Antonio Urbeltzek Argia dantzari taldearen jardun-modua aldatu eta landa-lana egiteari ekin ziotenean, Beltran musika biltzen hasi zen eta horren erakusle dira hurrengo urteetan jasotako jaialdi eta musika emanaldi ugariren grabaketak eta materialen bilketak. Orduan hasi zen Euskal Herriko herri-musika eta dantzako instrumentuen bilduma egiten eta dokumentatzen, egungo Herri Musika Txokoaren oinarri dena, hain zuzen ere.
Mende erdi luzeko ibilbidean uztartu ditu ikerketa eta sormena bateratu ditu, ekitaldian adierazi moduan: "egin dudan gauza bakarra izan da jasotakoa hedatzeko bideak irekitzea, eta hori ezin konta ahala pertsonekin batera egin dut". Euskal Herritik abiatuta, herri-kultura askotako musikariekin egin ditu kolaborazioak. Ekitaldian Jon Bagüesek egindako sarrera-hitzaldian azpimarratu zuen Juan Mariren "pasioa transmititzeko gaitasuna", eta ondare-bilduma zabal eta aberatsa "herritarren zerbitzura jartzea". Jardun horren emaitza da Beltranek Oiartzunen 1999ean martxan jarritako Herri Musikaren Txokoa, gaur egungo Soinuenea.
Ondare Saria
Kultura hedatzearen eta sustatzearen alorrean, Gipuzkoako Diputazioko Kultura Departamentuaren eginkizunen artean dago adierazpen kultural eta artistikoak lantzen, zaintzen eta zabaltzen dituzten erakunde eta sortzaileei laguntzea. Helburu horrekin Ondare Saria, Gipuzkoako kultura ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko lanean nabarmendu ziren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko edo juridikoak saritzeko. Bi urtez behin emateko asmoarekin sortu arren, ez du izan aurreikusitako jarraipenik.
Orain arte saria jasotakoak:
- Fermín Leizaola Calvo (2009)
- Juan Garmendia Larrañaga (2011)
- Euskaltzaindia (2018)
Aho-batez onartu du Beltranen proposamena honako kide hauez osatutako epaimahaiak: Juan Bautista Mendizabal Juaristi (Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria), Rocio Peña Azpilikueta (Peña Gantxegi artxiboko zuzendaria), Carlos Olaetxea Elosegi (Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuko eta Museoen Zerbitzuko burua), Susana Soto Aranzadi (Donostiako San Telmo Museoko zuzendaria), Gabriela Vives Almandoz (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko burua), eta Maria Jose Telleria Etxeberria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia)
Dokumentuaren akzioak