Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Bizkai Euskal Folklor Elkartea Omenaldia Sabin Egigureni Bizkai euskal dantza tradizionaleko eskolaren 40. urteurrenean

Dokumentuaren akzioak

Omenaldia Sabin Egigureni Bizkai euskal dantza tradizionaleko eskolaren 40. urteurrenean

Aurten gure Bizkai euskal dantza tradizionaleko eskolaren 40. urteurrena betetzen da. Abagune horri helduta, gure ikasleek Sabin Egiguren Apraizi omenaldia egitea erabaki dute, euskal dantza tradizionala ikasi, irakatsi eta transmitizeari eman dizkion urteengatik.

Ibilbide oparoa

Sabin Egiguren Apraiz Bilbon, 1940/IX/5ean jaio zen. Bere bizitza osoa Euskal Herriko dantza tradizionalari eskaini dio, lan nekaezin eta nabarmena eginez.
Dantzari gisa, hamar urte zituela lehen dantza-eskolak hartzen hasi zen Bittor Olaeta irakaslearen eskutik.

Gerora Bilboko Bizi Nai eta Gaztedi dantza-taldeetako kidea izan zen. 1963an, Bizkaiko Aurreskularien Txapelduna zelarik, Garai Elizateko jaietara joan zen, Durangoko Merindadean, Bizkaiko benetako Folklorearen jatorria ezagutzeko asmoz.

Han ikusitakoak halako eragina izan zuen harengan, ordutik hango Folklorea ikertzeari ekin zion eta Euskal Herriko dantza tradizionalekiko interesa piztu zitzaion. Hori dela-eta, dantzen jatorria diren tokietara modu  nekaezinean bidaiatzen hasi zen bertako Dantza-irakasleengandik ikasteko xedearekin. Irakasleen artean honako hauen aipamena egin dugu: Durangaldean, Garaiko Santos Oregi Etxebarria eta Balendin Negugogor «Prantxo zaharra»; Abadiñoko Azkarate Etxeandiatarrak eta Berrizko Serafin Amezua eta Alejandro Aldekoa. Baztanen Maurixio Elizalde eta Xabier eta Patxi Larralde; Luzaiden Patxi Arrikaberri.
Lapurdin Betti Betelu. Zuberoan Etxahun-Iruri, Gat Arhane, Pierra Elizabe, Erramun Tartaxü eta Camille Laborde.

1964an Gorantza dantza-taldea sortu zuen. Talde horrek historian zehar Herrikoi eta azkenean Bizkai izenak ere izan ditu, eta horrekin sari oso garrantzitsuak irabazi zituen Durangoko Merindadean.

Dantzari-dantza eta beste

1969an Sabin idatziz Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 150 talderengana jo zuen Bizkaiko Dantzari-Dantza ikasteko gonbidapena eginez.

Bere talde Gorantzako kide batzuekin batera Bizkaiko talde gehienei eta Gipuzkoako bi talderi DantzariDantza irakasten hasi zen; izan ere, SABINek egindako proposamenari, hau da, Dantzari-Dantza Durangoko Merindadean antzinatik dantzatzen zen moduan ikasteari, baiezko erantzuna eman zioten.

Sasoi hartan Dantzari-Dantzaren egoera Euskal Herriko hirietako taldeei dagokienez, ez zen ona; izan ere, salbuespenak salbuespen eta urratsak eta koreografiari dagokienez, benetako eraz oso bestela dantzatzen ziren. Sabinek, sasian, Euskal Dantzarien Biltzarra sortu zuen Bizkaian eta Presidentea izan zen 1968 eta 1972 bitartean.

1971n eta Garaiko (Bizkaia) ezpatadantzari-taldeko dantza-irakaslea zen SAntos Oregi Etxebarriaren eskariz, Sabin Durangoko Merindadeko Elizate horretako taldeari Ezpata Joko Nagusiaren koreografia irakasten hasi zen Berrizko beste koreografia-aldaera bat dantzatzen ari baitziren. Gaur egun, Garaiko taldeak SABINek irakatsitako Ezpata Joko Nagusiaren koreografia dantzatzen jarraitzen du.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeko dantza-irakaslea zen Betti Beteluk eta Baionako Lauburu Elkarteko kide Thierry Truffaut antropologoak hala eskatuta, ikastaro bat eman zuen Lapurdiko euskal dantza-taldeetako dantzariei zuzenduta Lantzeko Zortzikoa ikas zezaten.

Ikastaroa Baionako Maison des Jeunes et de la culture. Maison pour tous de Balichon delakoan izan zen. Lehen aldiz Ipar Euskal Herrian eta Sabinen bitartez, Euskal Herriko mugez gaindi ere hain ezaguna bihurtu zen Lantzeko Zortzikoari dagozkion urrats tradizionalak sartu ziren. Bizkai dantza-taldea desegin ondoren, 1976an, Bizkai Euskal Dantza Tradizionaleko Eskola sortu zuen. Euskal Herrian sortutako dantza tradizionaleko lehen Eskola izan zen, hamasei urtetik gorako jendeari zuzendua eta adin-mugarik gabe.

40 urteroko ikastaro

Gaur arte bertan euskaldantza tradizionaleko 40 urteroko ikastaro egin dira, bai eta beste hamaika ikastaro trinko ere, eta SABINek Dantza-eskolak zuzentzen jarraitzen du. Era berean, 1982an Euskal Dantza Tradizionaleko Irakasleen Prestakuntzarako Lehen Ikastaroa eman zuen. 1987an, Alemanian, munduko toki ezberdinetako Dantza-irakasle profesionalen taldean parte hartu zuen (nahiz eta bera profesionala izan ez), 15. Bonn’87 Nazioarteko Dantza Tailerrean. Kasu horretan Ssbinek euskal dantza tradizionala izeneko ikastaroa eman zuen. Nazioarteko dantza tradizionalari buruzko zenbait ikastaro antolatu ditu jatorriko irakasleekin. Pirinioez bestaldeko Dantza-jauziak Hegoaldean Sabinen lanari esker sartu ziren.

Dantzari eta dantza-irakasle gisa egindako lanaz gain, euskal dantza tradizionala berrindartu eta zabaltzeko ahalegin handia egin du beste alderdi batzuei dagokienez, eta horien artean honako hauek nabarmendu ditzakegu: 1972an Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketa Nagusia sortu zuen. Folklore Jaialdi eredu hori bakarra zen eta lehen aldiz aurkeztu zen Euskal Herrian. Basaurin 1972tik 1981 arte, biak barne, egindako euskal dantza tradizionalaren 10 erakustaldiek zortzi eta hamar ordu bitarteko iraupena izan zuten eta urtero, gutxi gorabehera, bertako bostehun dantzari inguruk hartu zuten parte, Euskal Herriko Lurralde Historiko guztietatik etorriak.

1987an Balendin Enbeita ospe handiko bertsolariaren omenaldia zuzendu zuen, astebeteko iraupena izan zuelarik. Omenaldiaren azken jaialdian, Arriaga Antzokian, Durangoko Merindadeko Soka-dantzaren (Erregelak) erakustaldi bat ere izan zen. 1988an eta Arriaga Antzokiko zuzendaria zen Luis Iturrik hala eskatuta, Euskal Herriko Kultura Tradizionalari buruzko Erakustaldia antolatu zuen. Guztira 10 saio izan ziren, bina ordukoak.

2000n, Bilbo Hiria sortu zeneko 700. urteurrenaren kariaz, hiriko udaletxearen aurrean burututako euskal dantza tradizionaleko ikuskizuna antolatu eta zuzendu zuen Zorionak Bilbao! Bizkaiko agurra izenarekin. 2000n Bilboko Areatzan Bilbo Dantzan, Bizkai elkartearen euskal erromeria aurkeztu zuen. Gune horretan euskal dantza tradizionala maite zutenek bazuten dantzaz gozatzeko aukera lau orduz jarraian, erromeria egiten zen egun bakoitzean. Ekitaldi horrek, hasieratik, Hego Euskal Herriko herri eta hirietarako jai-ekitaldien eredu gisa balio izan zuen. Azken edizioa 2012an burutu zen.

2007an 93 minutuko DVD bat editatu zuen Berrizko Folklorea. Dantzari-dantza eta Soka-dantza izenburupean. Bertan, Berrizko aldaera jasotzen da San Lorentzo taldeko ezpatadantzarien eskutik. Ez dezagun ahaztu ere euskal dantza tradizionaleko urrats eta koreografiak bideoan biltzen egin duen lan itzela. Gaur egun, Bizkaik bere bideotekan, gutxi gorabehera, lau mila orduko grabazioak ditu dantza tradizionalak eta libertimendia, maxkarada eta pastoralen moduko antzezlan eta Folklore-ekitaldiei buruz.

Omenaldia

Horiek guztiak gure herriko altxor handia dira, baina zoritxarrez gure Kultura Erakundeek ez dituzte behar bezala baloratzen, izan ere, horiek aprobetxatu eta kontserbatzeak izugarrizko bultzada emango lioke gure Kultura Ondarearen zati handi bat ezagutarazteari.

Bizi osoan zehar izan duen dedikazio ikaragarriaren laburpena egin ondoren esan dezakegu erakunde publikoek edo Folklorearen erakunde batzuek ez dutela sekula ezta detaile txikiena ere izan harekiko, Ibilaldia 2004k eta Ipar Euskal Herriko Euskal Dantzarien Biltzarrak egindako aitortza ekitaldiez gain. Hori dela-eta, SABINen ikasleek pentsatu dute hirurogeita hamazazpi urte dituen honetan aitortza bat egin dakiola merezi duela eta, horrexegatik, omenaldi bat antolatu dute.
Omenaldia 2018ko apirilaren 21ean egingo da, Plentziako Astillero Plazan, Udaletxearen aurrean. Sabini harrera egingo zaio goizeko 10:30ean Plentziako Astillero plazan.

Egitaraua

  • 10:00etan: Roberto Etxebarria Trikitilaria. Kalejira Alde Zaharretik. Roberto Etxebarria Trikitilaria.
  • 10:30ean: Ongi etorria Sabin Egiguren Apraizi Astillero plazan Berrizko San Lorentzo ezpatadantzari-taldearen eskutik.
  • 10:45ean: Omenaldiaren aurkezpena.
  • 11:00etan: San Lorentzo dantza taldea: Berrizko dantzari-dantza.
  • 11:30ean: Zuberoako kantoreak: Jean M.Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Niko Etxart.
  • 12:00etan: Zuberoako Kontrapasa.
  • 12:15ean: Sabin Egigurenen bilobek Aretx eta Aiert Iruskietak eta Maddi Egigurenek bertso batzuk kantatuko dituzte
  • 12:30ean: Zuberoako kantoreak: J. M. Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Niko Etxart.
  • 12:30ean: Berrizko Soka-dantza
  • 13:00etan: Dantza-Jauziak, Jota eta Arin-arin... dantza egin nahi duten guztientzat.
  • 15:00etan: «El Kasino» jantokian bazkaria.

 

Sabin Egigurenen omenaldiko kartela

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Bizkai Euskal Folklor Elkartea

Bizkai Euskal Folklor Elkartea