Dokumentuaren akzioak
Karrika dantza berreskuratuz Ordizian
Iaz estreinatu zen Ordiziako Zortzikoa lehendabizikoz eta aurten ere larunbatean 12 urteko gaztetxoetatik hasi eta beteranoetaraino, 64 dantzari eta 10 txistulariek Ordiziako kaleak dantzaz eta musikaz alaituko dituzte.
Aurtengoan berritasun bat txertatuko da, Iztueta dantza-maisuak bere dantza ikerketa lanetan biltzen zuen karrika-dantza edota hedate dantza, alegia.
Euskal Herrian karrika-dantza izenarekin dantza-sail edo genero bat izendatzen dela esan daiteke, azken batean, kalean (karrikan) soka formazioan egiten diren dantzak lirateke. Azpimarratu beharrekoa da dantza mota honek eskatzen duen jai giroko izaera alaia: edateko dantza omen zen, beraz kalean gora eta behera ibiltzean, etxeetan ateratzen zituzten edariak edanez. Bada hala ere egileren bat, “edate” hitza “hedatu”ren adierarekin lotzen duena, kaleetan zehar hedatzen zen dantza bat zelako. Dantza mota hauek dantzatzeko erari dagokionez, zortzikoak direla ikus dezakegu, eta baita herri bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasunak ematen dizkiola ere.
Honenbestez, Ordiziako zortzikoarekin batera, karrika-dantzaz gozatu ahal izango da larunbat honetan Ordizian.
19:30etan hasita, honako ibilibide hau izango da: Barrena Parketik abiatuko da soka eta bertan dantzatuko dira: Ordiziako zortzikoa, ezpata-dantza eta fandango, arin arinak. Ondoren, Olano paretik, Kale Nagusiari jarraituz, Plaza inguratuko da eta Garagartza Plazara iritsiko da soka. Garagartza Plazako geldialdiaren ondoren, Santa Maria kaletik barrena Plazan bukatuko da ikuskizuna.
Eguna amaitzeko, Oiangu baserrikoek prestaturiko afaria izango da eta ondoren, sinadura ekitaldia. Ondoren, Ander eta Aimarren eskutik dantza-kantaldia.
Ordiziako zortzikoa aitzaki hartuta, asteburu guztiko egitaraua prestatu dute Amets Bidekoek:
-
Maiatzaren 19, ostirala, arratsaldeko 19etan Plaza Nagusian: #Haurrenemanaldia
Urtero Herri Antzokian egiten zen emanaldia kalera atera izan nahi dute. Espazio aldetik juxtu xamar ibiltzen zirela eta Plazan guztientzat ikusgai izango dira Euskal Herriko hainbat txokotako dantza bereziak.
-
Maiatzaren 20, larunbata, arratsaldeko 19:30etatik aurrera; #ordiziakozortzikoa
-
Maiatzaren 21, igandea, goizeko 11etatik aurrera: #ordiziakodantzaritxikia
Herriko Urdaneta eta Amets Bide taldeez gain, Gabiriako Goruntz, Legorretako Irrintzi Alai eta Lazkaoko Oin Arinek hartuko dute parte. Goizeko desfilearen ondoren, Plaza Nagusian bazkaria egingo da. Lehendabizi txikienek bazkalduko dute eta ondoren guraso eta helduek. Eguna amaitzeko txikienentzat jolasak izango dira Frontoi txikian eta Arboledan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amets Bide
Ordiziako Amets Bide dantza taldea 1964. urtean sortua. 5 urteko dantzari txikietatik hasi eta taldeko beteranoetaraino, talde anitza eta zabala. Zer daukagu amankomunean? Dantzarako gogo eta griña. Aurten gure 50. urteurrena ospatzen ari garen honetan, guztion gonbidatuta zaudete antolatuko ditugun ekintzetara.