Dokumentuaren akzioak
Jesus Mari Garate Mujikari agurra
Apirilaren 16a, astelehena, arratsaldeko 19etan hiletako kanpaiekin batera hasi gara gerturatzen dantzari eta musikariak Ordiziako eliza atarira. Negu gogorraren ondotik, eguzkiak egun dotorea utzi digu gaurkoan eta zeru urdinean lainorik ez da ageri.
Dantza maisu ordiziarra agurtzeko deialdia Euskal Herri osora iritsi dela nabaria da, dantzari txikienetatik hasi eta dantza maisu beteranoetaraino dantza familia handia elkartu baikara gaurkoan. Aspaldian ikusi gabeko dantza-lagunak elkarri musu eta besarkada estuak emanez ikusten dira nonahi, dantzan elkarrekin bizitako oroitzapen eta momentu ederrak gogora ekartzen ditugularik.
Iritsi da soka osatzeko unea. Txapela buruan eta zapiak lepoan, soka zapi zuriez lotuta atera dute Jose Luis Sanz Roa Txapelgorriko dantzari historikoak eta Izaro Intsausti Zinkunegi Amets Bideko kideak. Sokaren atzetik, ezpata dantzaren segizioa dator eta azkenik ezpata dantza dantzatuko duten kapitainak; Mikel Sarriegi Etxezarreta, Jon Intsausti Zinkunegi, Eneritz Iturrioz Urteaga eta Mikel Insausti Zeberio.
Hileta amaierako kanpaiekin batera, Jose Luis sokara hurbildu da bere lagun mina zen Jesus Mariren euskal makila eskuan duelarik. Izarok Amets Bideko txapela jantzi dion bezain laster abiatu da soka zortzikoaren doinuan. Ordiziako txistulariekin batera, hainbat herritako musikariek osatu dute hiru ileretan formatu duten 20 bat laguneko musikari taldea. Hauen atzetik 140 dantzarik osatutako soka eta azkenik dozena bat ezpata dantzari, 4 kapitainekin batera.
Soka eliza atarira iristean lehertu da txalo zaparrada eta txistulariak Dorrea etxera iritsitakoan, sokak bihurgunea hartu eta borobildu da eliza ataria. Soka bigarren aldiz eliza ataritik pasatzean, Jose Luis Jesus Mariren ama Anttoni, emaztea Kontxi eta alaba Aizpearen ondoan geratu da eta Izarok aurrera jarraitu du soka Santa Maria kalean luzatu eta dantzariek ahalik eta leku gehien izan dezaten.
Jarraian ezpata dantzariek arkua osatu dute Ordizian orain hamarkada batzuk egiten zen moduan eta lau kapitainek ezpata dantza egiterako momentuan amaitu da txalo zaparrada. Isiltasuna nagusitu da eta ezpada dantzaren doinuan lau kapitainek indarrez dantzatu dute.
Dantza hunkigarri honen ondotik, dantzari guztiek agurra batekin eman diogu azken agurra Jesus Mari Garate Mujika dantza maisuari.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amets Bide
Ordiziako Amets Bide dantza taldea 1964. urtean sortua. 5 urteko dantzari txikietatik hasi eta taldeko beteranoetaraino, talde anitza eta zabala. Zer daukagu amankomunean? Dantzarako gogo eta griña. Aurten gure 50. urteurrena ospatzen ari garen honetan, guztion gonbidatuta zaudete antolatuko ditugun ekintzetara.