Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amets Bide 50 urteren ondoren, Ordiziako Amets Bidek dantzan dirau!

Dokumentuaren akzioak

50 urteren ondoren, Ordiziako Amets Bidek dantzan dirau!

2014/05/12 09:37
50 urteren ondoren, Ordiziako Amets Bidek dantzan dirau!

Amets Bideko 50 dantzari 50.urteurrenaren berri ematen

Datorren igandean, hilak 18, Amets Bide dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du taldean ibilitako dantzari eta gaur egun dantzari direnekin, guztiekin batera.

“Mundua dantzan jarriko nuke jainkoa banintza” zioen Imanol Larzabalek kantuan… Mundura zabaltzeko, zer hobe herritik hastea baino?

Ordizian dantza tradizioa aspaldidanik dator eta herrian dantzari asko eta asko izan dira, gara eta, transmisio lanari eutsiz, izango dira.

Herrian dantza bizirik mantentzeko egin duzuen lanari esker, dantza taldea inoiz baino indartsuago dago eta aurrera begirako gogo eta ilusioarekin gainera.

Aurten gure Amets Bide dantza taldeak 50. Urteurrena ospatzen du eta urte gogoangarri hau zurekin konpartitu nahi dugu. Bai, zurekin…

Dantza gustuko duzunarekin, ikasketak aurrera atera eta dantza taldeko irakasle lanak baztertu ez dituzunarekin, txistu zein musika jo diguzuenokin, erromeriak egin ditugunean dantzara hurbildu zaretenokin, dantzari eguna antolatzen lagundu diguzuenokin (pankarta jarri duzunarekin, bokatak prestatzen aritu zarenarekin, mahai eta aulkiak jartzen zein paella prestatzen ibili zarenarekin), dantzarako harra sortu eta ikastarora animatu zareten guztiokin, seme alabei euskal kultura transmititzeko dantza taldera apuntatu duzuenokin, jantzi eta diru kontuekin mareatu zaretenokin, herriko tradizioaren alde lanean ari zaretenokin, emanaldietan txalotu gaituzuenokin…zuekin, guztiokin.

Laburbilduz, modu batera edo bestera, dantza bizi duzuenokin ospatu nahi dugu gure urteurrena eta horretarako, hemen bildu gara dantzan ibilitako eta gabiltzan 50 dantzari, 50. Urteurren honetan egingo ditugun ekintzak aurkezteko.

Maiatzari dagokionez, hilaren 18a izango da egun handia, III. Dantzari Egunean talde txiki eta helduekin ospatuko dugu eguna. Haurren taldeak 10 izango dira, herri ezberdinetakoak. Eta helduen taldeak berriz, 7; dantza taldean ibilitako ordiziarrez osatuak. Hauez gain, Nepaldarren talde bat ere izango da gure artean.

Goizean, herria alaituz desfile ezberdinak egingo dira eta 13ak aldera talde guztiok J.M. Barandiaran enparantzan elkartuko gara alardea ospatzeko. Bertan, talde bakoitzak bere erakustaldia eskainiko du. Ondoren, bazkari herrikoia egingo dugu eta arratsaldean haurrentzako elektrotxaranga eta 18etan erromeria izango dugu Plaza Nagusian Dantzadi taldearekin.

Maiatzaren amaieran, txikienen emanaldia izango dugu Herri Antzokian.

Ekainean berriz, garai bateko argazki zaharrak berreskuratu ditugu eta Barrena  Kultur Etxean erakusketa jarriko dugu eta San Pedro bezperako erromeria ospatuko dugu.

Festei begira, urte berezia denez, herriko festetan zein Euskal Jaietan, zenbait ekintzetan parte hartuko dugu. Urteari amaiera emateko berriz, emanaldi berezi bat antolatzen ari gara.

Hori bai, sorpresa bat edo beste ere emango dugu! Dena ezin baita kontatu.

Ez ginen geldik egoteko jaio, dantzan gozatzeko baizik! Dantzatzen duen herria inoiz ez baita hilko. Jarrai dezagun bada dantzan gure bidea eginez.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Amets Bide

Amets Bide

Ordiziako Amets Bide dantza taldea 1964. urtean sortua. 5 urteko dantzari txikietatik hasi eta taldeko beteranoetaraino, talde anitza eta zabala. Zer daukagu amankomunean? Dantzarako gogo eta griña. Aurten gure 50. urteurrena ospatzen ari garen honetan, guztion gonbidatuta zaudete antolatuko ditugun ekintzetara.