Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ehun Ta Hamaika 'Zuria, gure erara' dantza ikuskizuna Andoainen maiatzaren 22an

Dokumentuaren akzioak

'Zuria, gure erara' dantza ikuskizuna Andoainen maiatzaren 22an

2015/05/21 09:25
'Zuria, gure erara' dantza ikuskizuna Andoainen maiatzaren 22an

Emanaldi bakarra izango da hilaren 22an Andoainen eskainiko dena. (Argazkia: Kali Gomez)

Zuria, gure erara dantza ikuskizuna Urnietako Egape Dantza Taldeak eta Anabas Musika Taldeak prestaturiko ikuskizuna da, Urnietan bertan urtarrilean mustu zutena arrakasta handiz. Ikuskizuna Juan Ignazio Iztueta idazle eta dantzariari buruzkoa da, 1767. urtean Zaldibian jaio, artzain herri batean, eta 1845.ean jaioterrian bertan hil zena. Iztueta aldaketa sakonen garaian bizi izan zen: ilustrazioa, iraultzaren ondorengo frantsesadak, eta lehen karlistaldia bertatik bertara ezagutu eta bizi izan zituen. Zuria ezizenez zen ezaguna eta horixe da, hain zuzen ere, ikuskizunak hartu duen izena.

Iztueta, dantzari fina, pentsakeraz aurrerazale eta liberala zen baina bertako usadio eta folklorearen babesle sutsua, bizitza oso gorabeheratsua izan zuen eta bere bi idazlan nagusiek arrasto sakona utzi zuten bere garaiko euskaldunen artean, baita ondorengo belaunaldien artean ere: batetik 1824. urtean argitara emandako Gipuzkoako dantzen bilduma (Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira...), eskuliburu zurruntzat erabili dena urte luzez, egileak beste ororen gainetik gauzak bere erara egitea, aske izatea, maite zuen arren. Bigarrena, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, lurraldeko historia, gertakari, usadio eta ateraldi ugariz hornituriko lana, Iztueta hil ondoren argitaratua.

Mari Juli Azkueren omenez
Egape Dantza Taldeak eta Anabasa Musika Taldeak Zuriaren izatea, bere obra eta haren garaiko Gipuzkoa ezagutzera emateko sortu dute ikuskizuna, Iztueta gaurko gipuzkoarrei hurbiltzearren, eta horretan bat egin du orain euskal literaturazaleen 111 Akademiak, euskal literaturak XIX. mendean izan zuen idazle oparo honi buruzko ikuskizuna berriro ere oholtzara ekarriz. Izan ere, 111 Akademiak maiatzaren 22ko emanaldia joan den abenduan zendu zen Mari Juli Azkue asteasuarraren omenez antolatu du, hari eskainiko dio, Mari Juli Azkue 111 Akademiaren sortzaile eta kide izan baitzen, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren sortzaile eta lehendakariorde izatearekin batera ia 25 urtez.

Juan Ignazio Iztuetak gauzak bere erara egitea gogoko zuen, neurri batean behinik behin. Mari Juli, berriz, munduari begira bizi zen, ikuspegi zabalarekin, jakinminez noranahiko. Askatasuna maite zuen eta jendeak bizitza, kultura, askatasunez bizi zezan, munduari eta aurrerabideari irekia, baina belaunez belaun jasotako ondasunean biziz, haiek galtzen utzi gabe.

Dantza ikuskizuna Edu Muruamendiarazek zuzendua da, Luis Mari Zalduak eta Mikel Agirregomezkortak idatziriko gidoiaren arabera. Antzezpen eta eszena zuzendaritza Agirregomezkortarena berarena da ere eta musikaren atala, berriz, Antton Jauregik zuzendu du.

Sarrerak, salgai
Ikuskizuna iluntzeko zortzietan hasiko da eta bertaratzeko sarrerak dagoeneko salgai daude 10 €-ren truke, Andoaingo Stop eta Ernaitza liburudendetan eta Aiurri aldizkarian (Arantzibia plaza), Asteasuko Mattin liburudendan, Villabonako Amasa kafetegian eta, azkenik, Urnietan, Sarobe zentroan eta Kantoi tabernan. Emanaldi bakarra izango da.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ehun Ta Hamaika

Ehun Ta Hamaika