Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zur eta lur

Dokumentuaren akzioak

Zur eta lur

Egilea
Elixabete Garmendia Lasa
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2024/01/04
Lotura
Berria

Duela bi astekoa da kontua, baina ez daukat ahazteko. Teleberri-n, kirolen tartean, aho zabalik utzi ninduen eszena: Mendizorrotzan Alaves eta Real Madrilen arteko partida. Bukaera aldera, hara non altxatzen den aulkitik bat-batean Alaveseko entrenatzailea —Luis Garcia Plaza—, ostikada eman eta botatzen du hozkailu bat; aurreraxeago joan, aulkian eserita dagoen teknikari bati sorbaldetatik heldu, eta astindu egiten du; hurrena txamarra eta txanoa erantzi eta jaurtitzen ditu urrutira, amorrazioz; eta bukatzeko, aulkira itzuli eta han jarraitzen du ostikoka, bere onetik erabat aterata. Sekuentzia osoa jarraitu eta ezin nuen sinetsi nola ez zen inor atera gizon hura menderatzera.

Kirol kronika batzuetan entrenatzailearen «sekulako haserrea» eta «histeria» ere aipatu zuten, baina ez dut inon aurkitu Futbol Federazioak txintik esan dionik; ezta Alaves taldeko agintariek, nahiz jokalariek edo zaleek. Aho bete hortz nago oraindik. Nik uste nuen futbol zelaian, ikusleriaren eta telebistako kameren aurrean, halako jokabidea erakusten duen entrenatzailea kargugabetu eta etxera bidaliko zutela, baina ez, hor jarraitzen du, Alaves entrenatzen. Eta inolako barkamenik eskatu gabe, publikoki behintzat, espektakulu lotsagarri hura muntatu ondoren. Futbol mundu ahalguztidunaren inpunitatea?

Hurrengo egunean, abenduaren 22an, beste ikuskizun negargarri bat eman zuten telebistek, oraingoan politikako albisteetan. Madrilgo Udalaren osoko bilkura. Eta hara non Voxeko Javier Ortega Smithek eraso egiten dion Mas Madrideko Eduardo Fernandez Rubiñori: paperak lurrera bota, ur botila jaurti... Egun horretan Voxek Iruñeko alkatetzaren auziari buruz aurkeztutako urgentziazko mozioa zuten eztabaidagai. Martinez-Almeida Madrilgo alkateak Voxeko zinegotziak egindakoa ez zela onargarria esan zuen, baina udalean jarraitzen du Ortega Smithek. Inpunitatea, kasu honetan, eskuin muturreko politikariarentzat.

Kontua da bi gertakarietan gizonezkoak izan direla protagonista. Eta ez dirudi kasualitatea denik. Kausalitatea ere garbi samar dago: indar ahalguztidun basatian eta nagusikerian oinarritutako portaerak dira. Madrilgo Udala urruti samar geratzen zaigu; Mendizorrotza, berriz, hortxe bertan dago. Alaveseko arduradunek pentsatu ote dute ze eredu mota ari zaien erakusten entrenatzailea ikusleei, haien artean gazteei?   

Demagun fabrika bateko enkargatuak, halako pieza gaizki atera dela eta, tamaina horretako pifostioa eragiten duela. Sindikatuek protestatuko lukete, ala? Edo unibertsitatean, pazientzia galdutako irakasleak liburu eta apunteak jaurtitzeari ekiten diola ikasgelan. Norbaitek eskatuko lizkioke kontuak, ezta?

Kirolera itzulita, ezin da ahaztu futbolak gazteengan daukan eragina, bereziki mutilengan. Oier Araolaza dantzari eta antropologoak abisatu izan du dantza-taldeetan azken urteotan gertatzen ari den mutilen urritzea kirolak eragiten duela, ez dielako astirik uzten beste ezertarako. Genero estereotipoa ere sartzen da tartean: dantza neskentzako egokiagotzat jotzen da, eta mutilentzat, berriz, kirola. «Niretzat —dio Araolazak— ez da kasualitatea kirolak gizartean, komunikabideetan, azpiegituretan, hezkuntzan... daukan pisua (...). Lotuta dago boterea eta erabakiguneak dituztenekin, horiek ezagutzen, bizitzen eta aintzat hartzen dituzten jarduera motekin». (BERRIA, 2022-10-19).

Kirolaren esparruan errege —aginte absolutuko erregea— futbola. Alavesen web orrian ikusi dudanez, futbol taldeak badauka Portaera Kode bat. Ez dut aurkitu, ordea, entrenatzaile amorratuak muga pasatzen duen kasuetarako erantzunik.
 

Dokumentuaren akzioak