Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zumaia gorputzak astintzeko prest!

Dokumentuaren akzioak

Zumaia gorputzak astintzeko prest!

Egilea
Ainara Lozano
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2011/07/01
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

zUMAIAKO herritarrei dantza mundua hurbiltzea. Hori da sortu berri den Astindu Zumaiako dantza elkarteak duen helburu nagusia. Orain arte musika eskolako helduen dantza eskoletan aritutako herritar talde bat elkartu eta talde bat osatzea erabaki dute, euskal dantzaz gain, beste estilo batzuetako dantzak ikasi eta irakasteko asmoarekin. Honela, formazio eskaintza sendotzea eta zabaltzeaz gain, dantzarekin lotuta dauden ekintzak indartzen ahaleginduko da Astindu, herriko dantza kultura, ikertu, landu eta sustatzeko asmoz

Jone Osa da Astindu elkarteko kideetako bat. Dantza maite du eta zaletasun hori zabaldu nahi du herritarren artean. "Askotan dan-tza arrotza izaten da batzuentzat eta gerturatu nahi dugu herritarrengana, ekitaldi ezberdinen bitartez", azaldu du. Talde osatzen duten 30 kideak zumaiarrak diren arren, elkarte irekia da, inguruko herrietako bizilagunek ere Astinduko kide izan nahiko balute.

Hasieran Zumaiarekin lotura zuten "hamar mila izen" etortzen baldin bazitzaizkien ere burura, azkenean, Astindu izena jarri zioten elkarteari. Izan ere, hori dute helburu: herritarrek hankak, gorputzak astintzen jartzea. "Musika eskolarekin batera, Zumaian dan-tzako harrobia sortzen jarraitu nahi dugu eta ahal dugun guztian lagunduko dugu", nabarmendu du Osak. Honela, hurrengo urterako musika eskolak dantzarako duen eskaintza zabaltzea erabaki du eta euskal dantzaz gain, klasikoa, garaikidea eta gorputz adierazpena ikasteko aukera ere izango da Zumaian. "Gainera, ordubeteko eskolak izan beharrean soilik, bi ordukoak izango dira, guk hala eskatuta", gaineratu du Osak.

"Edozeinek hartu dezake parte gure elkartean. Soilik 20 euro ordaindu behar dira urtean bazkide izateko eta ez da beharrezkoa dantzatzen jakitea. Horretarako dugu taldea, ikasteko. Adin guztietako jendeak osatzen dugu elkartea", azaldu du.

lehen ekimenak, uztailean

Dantza garaikideko ikastaroa

Musika eskolako ikasturtea amaitu berri den honetan hasi dira Astindu elkarteko kideak lanean eta lehen ekimena uztailean eskainiko dute. Honela, Udalaren babesarekin, dantza garaikideko ikastaroa antolatu dute. Gazte zein helduentzako eskolak antolatu dituzte, baina gazteena aurrera atera ez denez, azkenean helduekin arituko dira eskolak ematen. Gaur da izena emateko azken eguna Alondegian (943 861056), kultur etxe berrian. Helduen taldeak 18 urtetik gorako pertsonek osatuko dute eta astearte eta ostegunetan, 19.00etatik 21.00etara jasoko dituzte eskolak, Torreberri eraikinean.

Ikastaroan parte hartzeko 40 euro ordaindu beharko dira (Astindu elkarteko bazkideek 30 euro). Astelehenan (uztailak 4) hasiko dira eskolak eta hilaren 29an amaitu. Dantza garaikideko eskoletan, espresio bide berriak esperimentatu, gorputzak dituen baliabideak eta aukerak ezagutu, espazio eta denboraren erabilpenaz kontzientzia hartu, irudimena aberastu, bakoitzaren baliabideak baloratu eta erabiltzen ikasi, mugimendu gaitasuna handitu, komunikaziorako espazio bat eraiki, zalantzak eta galderak sortu eta hauek argitu eta batez ere, ondo pasatzea lortu nahi dute. Ikastaroko azken egunean eta ekimena borobiltzeko asmoz, dantza emanaldia eskainiko dute Zumaiako kaleetan zehar eta bide batez, Astindu elkartea aurkeztuko dute.

Bestalde, abuztuaren 12an Euskal Jai eguna ospatuko da Zumaian eta, aurretik, gaztetxeko kideekin batera fandango eta arin-arin ikastaroa eskaini nahi du Astinduk. "Edozein motatako dantza kultura indar-tzeko grina sentitzen duen edonork parte har dezake Astindun", gogoratu du Osak. Helbide elektronikoa (astindu.zde@gmail.com)eta Facebookeko profila ere badituzte interesatuentzat.

Dokumentuaren akzioak