Dokumentuaren akzioak
Zugaztibarrenan hasten dute eguna
Otsailaren 10ean goizeko zazpi eta erdiak inguruan jaikiko da Bedaioko Zugaztibarrena baserriko Roxi Goñi, talai dantzariei gosaria prestatzeko.
«Iker semea falta denetik hona etortzen dira bi taldekoak eta niretzako poz handia izaten da, oroitzapen asko etortzen zaizkit», dio emozioz Goñik. Talai dantzari izan zen Ikerri eskainitako omenaldia bihurtzen da une hori. Bi aldiz egiten dute dantza, gosaldu aurretik eta ondoren. «Gosaldu ondoren hobeto egingo dutela diote, eta hala izaten da, bai», esan du Goñik.
Talai dantzariei gosaria ematearenak zerikusia du parrandarekin. «Semeak joan behar izaten zuen bederatzietarako besteekin elkartzera, eta aurreko egunean parranda egiten zuenez, jaiki ezinik ibiltzen zen, eta askotan, bera jaiki baino lehen etortzen ziren lagunak hona», gogoan du Goñik. Kafea eta gailetak ematen zizkien. «Gero semeak ogitartekoa eskatzen zidan, eta azkenean pentsatu nuen zentzuzko gosari bat jartzea denentzako». Horrela, patata tortilla, txorixo frijitua eta txokolatea txurroekin ematen die talai dantzariei eguna hasteko. «Gustura hartzen dute gosaria, eta eskertzen dute. Lehen Tio Pepe ere eskaintzen nien, baina orain batzuk gaztetxoagoak etortzen dira eta...».
Goñi poztu egiten da ikusten duenean ohiturak jarraitu egiten duela eta gaztetxoak animatzen direla parte hartzera. «Gainera, lehen Bedaioko eta Amezketako gazteek ez zuten hainbeste lotura euren artean. Oraingoek lotura gehiago dute, Bedaioko haurrak eskolara Amezketara joaten baitira; gure etxekoak eskolara Amezketa joaten hasi ziren». Amezketarra da jaiotzez Goñi eta gogoan du talai dantzariak izaten zirela herrian, «nire osabaren garaian. Gero galduta egon zen eta Bedaion bizi nintzela hasi ziren berriro berreskuratzen». Orain 30-35 urte inguru egiten dute talai dantzariek ibilbidea Bedaioko baserrietatik, eta berreskuratu zenean «poz handia» hartu zuen Goñik. Bedaioko gazteak ere gogoz ikusten ditu ohiturarekin jarraitzeko.
Bedaioko baserrietan «gustura» hartzen dutela dio Goñik talai dantzarien ohitura, eta eskertzen dutela. «Orain eguna astelehenetik larunbatera pasa dela, baliteke jende gehiago izatea baserri eta etxeetan». Goiz guztia pasatzen dute ibilbidea egiten talai dantzariek. «Izaten da taldeko bat besteak pixka bat mugiarazten dituena, bestela, agian goiz osoa hemen pasako lukete», esan du Goñik barrez, eta talai dantzariei gogorarazi die ogia eramateko bere baserrira doazenean: «Ea gogoratzen diren, bestela ogi gabe jan beharko dute tortilla».
Parte hartzeko gonbita
Urtero moduan, talai dantzariek gonbita egin diote ohitura horretan parte hartu nahi duen guztiari. Entsegua egingo dute asteartean, otsailaren 6an, 20:00etan, Amezketako plazan, eta bertara azaltzeko deia egin dute.
EGITARAUA
OTSAILAK 10, LARUNBATA
08:00. Udaletxe azpian elkartu eta Bedaio eta Amezketako baserrietan ibiliko dira.
OTSAILAK 11, IGANDEA
08:00. Udaletxe azpian elkartu, eta Ugarte, Amezketako kaleak eta Zubillaga auzotik pasako dira.
Dokumentuaren akzioak