Dokumentuaren akzioak
"Zubi lana biziki gustatzen zait”
Dena dela, Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen Seaska
federazioko lehendakari izan zinenean ezagutu zintugun gehien Euskal
Herrian. Nolatan hartu zenuen ardura hura?
Nik euskara ikasi egin nuen, eta orain katea ezin da moztu, transmititu
egin behar diet nire bi alabei. Ikastolako gurasoa izatea Iparraldean
oso militantzia garrantzitsua da, Iparraldean euskararen egoera
Hegoaldean baino zailagoa delako, beharbada. Ikastolan guraso bezala
sartzen bazara, badakizu ez dela goizean haurra utzi eta arratsaldean
jasotzeko bakarrik, askoz ere gauza gehiago egin behar dituzu.
Horregatik hasi nintzen Seaskako bulegoan, eta emeki-emeki lehendakari
bilakatu nintzen. Lan izugarria da, militantea, baina oso esperientzia
ederra izan zen. Egin behar nuena egin nuen, besterik ez. Baina aukera
izan nuen Biarritzeko Dantza Festibaleko zuzendaritza hartzeko eta, lan
hori ikaragarri gustatzen zaidanez, utzi egin nuen Seaskako
lehendakaritza, dena batera eramatea posible ez zelako .
Nola gogoratzen duzu euskara ikasi izana?
Nire familian euskara, desagertu ez, baina gelditu egin zen
aitatxi-amatxiren belaunaldian. Nire gurasoek ez zekiten euskaraz, eta
ez ziren euskal kulturan sartu, baina zerbait gorde zen. Txikia
nintzelarik, Frantzian irrati publiko bakar bat zegoen, eta bost minutu
ematen zituzten euskaraz larunbat eguerdiro. Usu larunbatetan
aitatxi-amatxiren etxean izaten nintzen, gurasoek lan egiten zutelako,
eta biziki ongi oroitzen dut nola aitatxirentzat bost minutu horietan
dena gelditu egiten zen, eta nik isilik egon behar nuen. Gerora
konturatu naiz txikitan euskara entzun nuela, ikasi hamazortzi
urterekin ikasi banuen ere. Oroitzapen hori emeki-emeki etorri zait
berriz. Ikasten hasi nintzenean, hasieran aitatxik ez ikasteko esaten
zidan, arazoak besterik ez nituela izango, baina segitu egin nuen, eta
azkenean berarentzat ikaragarrizko plazera izan zen nirekin euskaraz
hitz egitea.
Irratian ere aritua zara, ezta?
Bai, korrespontsal lanak egin nituen Frantziako irrati publikoan,
Hazparneko berriak kontatzen. Eta lehenago Xiberuko Boza irratian ibili
nintzen, arbasoak han izanik, Zuberoako mundu abertzale eta
euskaltzalea ezagutzen nuelako. Astean behin gizarte arloko saioa
egiten nuen, gizarte laguntzailea nintzelako garai hartan. Duela 30
urte gizarte laguntzaileak oso irudi txarra zuen, zigortzaile moduan
agertzen zen, baina nik alderantziz ikusten nuen lana, nire helburua
jendeari ahal guztiak ematea zen, bizitza bere gain har zezan. Irratia
oso tresna interesgarria iruditu zitzaidan irudi hori aldatzeko eta
jendeari bere eskubideak ezagutarazteko. Gero, Biarritzeko udaletxeko
garaian, Euskadi Irratikoak ezagutu eta Iparraldeko korrespontsal
moduan aritzea proposatu zidaten. Hainbat saio egin ditut euskaraz,
baita gaztelaniaz ere Radio Euskadin. Eta orain Iparraldeari buruzko
beste ordu laurden bat egiten dut, hango albisteak kontatzeko.
Gustatzen zait Iparraldea beste ikuspuntu batetik kontatzea. Segur naiz
gero eta gehiago ezagutzen dugula elkar, baina badira oraindik Hego eta
Ipar Euskal Herriko biztanleoi egunerokotasunean arraroak egiten
zaizkigun gauzak. Garrantzitsua da denok elkarren berri izatea eta
informazioa elkar errespetatuz trukatzea.
Zein da Dantzaz Elkarteko zuzendariaren lana?
Hego Euskal Herrian dantza bultzatzea. Horretarako hitzarmen
garrantzitsu bat lortu dugu Ballet Biarritzekin, eta nik zubi lana
egiten dut. Hegoaldean eta inguruetan ez dago balet konpainia
profesionalik eta bazkide garrantzitsu bat behar genuen, profesionala.
Donostiatik 50 kilometrora zegoen Ballet Biarritz, eta orain dugun
hitzarmenari esker, Ballet Biarritzek bere dantzariak, dantzari ohiak
eta esperientzia ematen dizkigu, oso kide garrantzitsua da guretzat.
Horrela, Dantzaz Elkarteak berezko baliabideak ditu orain. Hemendik
dantzari asko atera dira kanpora, profesional moduan aritzerik ez
zegoelako. Joan diren dantzari horiek arrakasta lortu dute, eta ez dute
itzuli nahi, baina zerbait egin nahi dute Euskal Herrian, beraien
esperientzia partekatu. Gure lana jende horrekin lotzea da, bere
esperientziaren zati bat hona itzul dadin. Beraz, sare bat osatzen ari
gara emeki-emeki, kide nagusia den konpainia profesional batekin eta
hemendik ihesi joandako dantzari profesionalekin. Zango bat Iparraldean
dut eta bestea Hegoaldean, eta zubi lan hori biziki gustatzen zait.
Zer da Ballet Biarritz?
Hamasei dantzariz osatutako dantza konpainia profesionala, batez ere
dantza neoklasikoa eta garaikidea egiten dituena, nahiz eta bere
formazioa dantza klasikotik etorri, zeren eta Malandain zuzendariaren
arabera, formazio klasikoa da onena edozein motatako dantza egiteko.
Frantziako estatu osoan 19 konpainia dira, estatuak sortutako
koreografia zentro nazionalak, eta Biarritzekoa horietako bat da.
Helburua sorkuntza eta hedapena bultzatzea da, eta horretarako zentro
bakoitzak konpromisoa du bere lurraldearekin, Biarritzen kasuan
Akitaniarekin. Sentsibilizazio ekintzak egiten dira publikoarekin
lotura izateko, dantza oso arte ezaguna ez delako. Jende askok erraten
du ez duela ulertzen, eta hori zuzentzea da asmoa, publikoari dantza
erakustea. Azken finean, pertsona guztiak dira dantzariak, karrikan
oinez zoazelarik dantza mota bat egiten duzu, baina daukagun irudia oso
intelektuala da. Jendeak plazera hartu behar du emanaldi bat ikustean,
horrela helduko da dantza ulertzera, eta hori da gure lana.
Ezberdintasunak badira, beraz, Euskal Herriko Iparraldea eta Hegoaldearen artean dantzari dagokionez...
Bai, frantses estatutan sentsibilizazio lan hori aspaldikoa da, baina
Hegoaldean ez da horrelakorik egon. Horregatik sortu dugu Dantzaz
Elkartea, eta arrakasta izan du: azken lauzpabost urtetan bi mila
pertsona pasatu dira gure tailer, mintegi, entsegu publiko eta
eskoletarako emanaldietatik. Beharra dago, eta publikoa sartu egiten da
ekintza xumeak proposatuz gero.
Baina azpiegitura beharrengatik, askotan balet emanaldiak hiriburuetara mugatzen dira, ezta?
Bai eta ez, gero eta lan tresna gehiago ditugu hori gerta ez dadin.
Adibidez, gazte konpainiarekin aurten kasik berrogei emanaldi eginen
ditugu. Seguran (Gipuzkoa) izan gara, han antzokirik egon ez arren, eta
kiroldegian egin dugu ikuskizuna, arazorik gabe. Profesional moduan,
ahaleginak egin behar ditugu edozein lekutara iristeko, dantzaren
militanteak izan behar dugu. Guk diru publiko asko dugu, eta ezin
ditugu herrietako biztanleak baztertu, Segurako biztanleek eskubide
berbera dute dantza ikusteko. Beraz, ahal dugun herri guztietara joaten
gara, dantzaren militanteak baikara.
Berriz ere militantzia...
Bai, euskararekin bezala gertatzen da. Kultura zabaldu nahi baduzu, bitartekoak hartu behar dituzu helburuak lortzeko. Ezin zara mugatu botere publikoei ezer egiten ez dutela erratera. Beharbada hala da, baina nik, profesional bezala, lan egin behar dut helburua lortzeko. Ezin dugu erran publikoa ez dela etortzen emanaldiak ikustera. Noski, ulertzen ez dituen gauza arraroak egiten badituzu, ez da etorriko, segur. Hala ere, beste molde batez eginez gero, gauzak aldatu egiten dira, eta hori egiten dugu guk. Niretzat oso garrantzitsua da edozein lekutara joatea, oso gutxitan gelditu gara hori lortu gabe.
Dantzaren egoera zaila dela entzuten da, eta gauza bera gertatzen da
antzerkiarekin, adibidez. Aktoreak antolatzen dira elkarte edo
sindikatuetan, baina dantzariak?
Bizkaian dantzari elkarte bat sortu da duela gutxi, eta Gipuzkoan bada beste bat gehienbat irakasleak biltzen dituena. Baina bada desberdintasun handi bat aktore eta dantzarien artean. Aktoreen lan tresna nagusia hitza da, eta gustatzen zaie diskurtsoaren arloa; baina dantzari batentzat lan tresna garrantzitsuena bere gorputza da, eta beti dabil hori zaintzen sasoian eta osasuntsu egoteko. Aktoreak kanpora ematen du, besteari egiten dio so, baina dantzariak lehenengo barrura eman behar du, bere gorputzari egiten dio so. Funtsezko desberdintasuna da, zinez. Frantzian dantza oso hedatuta dago, baina, hala ere, kasik ez da sindikatu garrantzitsurik. Aldiz, aktoreek asko aldarrikatzen dute beraien lana.
KOLKOTIK
Balet klasikoko dantzari bat? Ez dakit, gehien gustatzen zaidana estetika da, emozioa, eta hori talde edo emanaldi oso batek ematen dit. Gosaririk onena? Ipar Europakoa, denetarik jaten delako pixka bat. Biarritz ala Donostia? Bizitzeko, Biarritz. Eta lanerako, Donostia. Antzokiko zein besaulki ilara aukeratzen duzu emanaldi bat ikusteko? Azkena. Ezin dut jasan aitzinean egotea, osoki ikustea gustatzen zait. Zer entzuten duzu autoan zoazenean? Irratia eta musika. Batez ere, Lluis Llach, izugarrizko poeta eta gizona iruditzen zait. Zertaz zaude harro? Euskara ikasteaz, beharbada hori izan da zailena niretzat. Aitor dezakezun bizio bat. Oso gozozalea naiz. Zer izan nahi zenuen txikitan? Haragi saltzailea. Zeri diozu beldur? Hegazkinez ibiltzeari, hiltzeko beldur naiz. Iraganera itzultzeko aukera edukiz gero, nor izan nahi zenuke? Ez dut iraganera joan nahi. Amets bat? Alabak zentzu guztietan emazte bilakatzea, gure lan egitasmoa ondo eraikitzea... ametsak errealitate bihurtzea.
|
Dokumentuaren akzioak