Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zubi gainean dantzan

Dokumentuaren akzioak

Zubi gainean dantzan

Lesakan hamabost ezpata dantzari ikusi ahalko dira gaur Onin ibaiaren gaineko zubian dantzan. Emakumerik ez da izango aurten ere

Iruñeak ez du sanferminen monopolioa, eta hori ederki dakite lesakarrek. Jaien egitaraua oso zabala izaten da, baina Lesakako (Nafarroa) jaietan gaur egingo den Zubigaineko dantza nabarmentzen da; 13:00etan egingo dute.
Egilea
Mikel Elkoroberezibar Beloki
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/07/07
Lotura
Berria

Aurten ere emakumezkorik ez da izango ezpata dantzari gisa Zubigaineko dantza dantzatzen, nahiz eta entseguetan aritu diren. Izan ere, antzinatasunaren arabera aukeratzen dira dantzariak. Arratsaldeko esku dantza, jota eta arin arinean ikusi ahalko dira.

Dantza hori gaurko egunez dantzatzen dute bakarrik, San Ferminen omenez, eta dantzaren berezitasun nagusia Onin ibai gaineko zubiaren petrilean dantzatzen dutela da. Hamabost ezpata dantzarik osatzen dute taldea, zubian dantzatzen duen kapitainak gidatuta. Aurten Unai Gurrutxaga lesakarra da kapitaina.

Zubigaineko dantza, hala ere, erritu luze baten parte baino ez da. Goizean goiz (08:00etan) ezpata dantzariek eta txistulariek prozesioa egiten dute elizarantz, eta joan-etorri horietan, dantzariak makil gurutzea dantzatuz joaten dira. Mezaren ondoren, zeharkako dantzak egiten dira, baita Zubigaineko dantza amaitu eta gero ere. 17:30ean, plazako dantzak egiten dira: zantza monona, esku dantza, jota, arin arina eta aurreskua; azkena, kapitainak bakarrik.

Ezpata dantzariak zuriz jantzita joaten dira, txapel gorriarekin, eta bularraldean eta bizkarrean eskapularioak daramatzate, kolorezko xingolekin. Oinetan espartinak daramatzate; orkatiletan, berriz, kaskabiloak.

Dantza horren jatorria argi ez badago ere, XV. mendetik hona dantzatzen dela diote adituek.

Zubigaineko dantza

Gaur, 13:00 aldera, Lesakako Eskolttiki inguruan (Nafarroa).

Dokumentuaren akzioak