Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zuberoako tradizioa eta modernitatea uztarturik, «Lau buru» ikusgarrian

Dokumentuaren akzioak

Zuberoako tradizioa eta modernitatea uztarturik, «Lau buru» ikusgarrian

Barkoxeko herritarrek antolatu dute ikuskizunA

Komunikabidea
Gara
Tokia
Barkoxe
Mota
Erreportajea
Data
2002/07/01

Aurtengo Pastoralarekin batera, Barkoxeko herritarrek «Lau buru» izenburua daukan ikusgarri berezia eskainiko dute uztailaren 6an eta abuztuaren 17an. Lau zatitan banatua da eta musika, kantua eta antzerkia uztartzen ditu. Historiaurretik 2050. urtera arte euskal kulturak izan duen eta izanen duen bilakaera aztertzen du. Emanaldi hau Barkoxeko Etxahun elkarteko kideek dute martxan jarri. Patrick Keheille-Kanpo taula zuzendaria dutelarik, herriko berrogeita hamar gaztek dute parte hartu ikusgarri honetan. Kantu eta dantzarekin batera, modernitate kutsu nabarmena du «Lau buru» saioak.



Zuberoak uda aberatsa ezagutuko du aurten ere, kultur emanaldiei esker. Iaz bi pastoral iragan ziren, eta aurtengo ekimenak ere ez dira eskas izanen. Hain zuzen ere, aurtengo pastorala Altzürükün antolatuko da, eta, emanaldi nagusi horrekin batera, "Lau buru" izeneko beste ikusgarri bat plazaratuko dute Barkoxen.

Ekitaldi horrekin, Barkoxe kultur mailan daukan dinamika eta aberastasunaren lekuko izanen da berriz ere. Pastoral eta maskaraden antolaketak, eta Barkoxeko Etxahunek ekarri ezagutzak gaur egungo herriaren bizi kulturan eragina izaten jarraitzen dute.



"Lau buru" izena daukan ikusgarria azalduko da Barkoxen hurrengo uztailaren 6an eta abuztuaren 17an, gauean.



2000. urtean herriko dantza eskolako haurrek maskarada batean parte hartu zuten, eta, aurten, ekimen hartan aritu ziren gazteek erabaki dute antzerkia, dantza eta kantua uztartzen dituen benetako sortze-lan bat aurkeztea. Hala, 1998an Barkoxeko pastorala idatzi zuen Patrick Keheille-Kanpo eszena egile izan dutelarik, 17 eta 30 urte bitarteko berrogeita hamar gazte ditu biltzen ikusgarri honek. «Etxahun elkartea osatzen duen gazte multzo batek bultzatu du ikusgarri hau. Proiektua martxan jarri ondoren, hamar bat hilabeteko prestakuntza behar izan dugu. Ikusgarri honen bidez, herrian dinamika bat bultzatzeaz gain, adin ezberdineko gazteak biltzen dituen ekimen nagusi bat antolatu nahi izan dugu», nabarmendu zuten proiektuaren bultzatzaileek.



Lehen taulan, umore eta kolorez beterik, duela 15.000 urte sortu ziren lehen dantza urratsak eta erritmoak dira agertzen. Lehen zati hau lantzeko, Izturitzeko harpeetan atzemanak izan diren lehen txistuetan inspiratu dira ikuskizunaren egileak. Bestalde, dantza erritmoak azaltzeko txalaparta eta makilen soinuak baliatu dituzte. Bigarren taulan, berriz, "Maskaradak XVIII eta XIX. mendeetan " gaia azalduko da. «Taula honetan lehenago egiten ziren maskaradak aipatuko ditugu, garai horretan erabiltzen ziren jantzi eta pertsonaiekin. Lan honetarako, Xahok 1830ean maskaradei buruz idatzitako testuetan oinarritu gara», azaldu zuten. Zati horretan, usaiako barrikadak, besta giroa, dantzak eta beste ikusten ahalko dira.



Euskal kulturaren bilakaera aipagai delarik, gaur egungo egoera azaltzea ezinbestekoa da; hirugarren zatia izanen dugu horretarako. Ikuspegi ezkorra agertuz, euskararen galtze prozesua da agertzen bereziki zati horretan. Hala ere, hirugarren taulak azaltzen duen ezkortasunetik, 2050. urtera heltzen gara laugarren zatian.



Antolatzaileek erran zutenaren arabera, «oso zaila izan da geroa irudikatzea». Izan ere, emaitza guztiz ikusgarria izanen da. Azken parte horretan, 2050. urtean izanen dugun pastoral bat agertzen zaigu. Bateria eta baxuaren erritmoekin, dantza eta kantu tradizionalak rap eta teknoari nahasten zaizkio, tradizioa eta modernismoa uztartuz.



Pastoralaren ukitu nabarmena du saioak

A.B.



BARKOXE



Barkoxeko herritarrek asmatu "Lau buru" ikusgarriak pastoralaren ukitu nabarmena du. Honela, uztailaren 6an Barkoxera hurbilduko den edonork, agertokia pastoraletarako apaindu ohi denaren antzekoa dela sumatuko du. Errate baterako, dantzari eta kantariek makila izanen dute eskuan eta ikusgarriaren banaketan ere bada antza. Hala ere, ikusgarriak azaltzen duen irudia guztiz berritzailea da.



Berrrogeita hamar aktorek parte hartzen dutelarik, herriko jostunek egindako ehun eta berrogeita hamar jantzi berri erakutsiko ditu "Lau buru" ikusgarriak. Bi elementu horiek lotura dute pastoralarekin; haatik, "Lau buru"k, beste hamar bat musikari izateaz gain, argi jokoak, apaindura garbia, diaporamak, abesbatza, dantzak eta beste hainbat berrikuntza eskaintzen ditu. Ikusgarriaren zati bereziena, hain zuzen ere, euskal kultura 2050. urtean zertan izanen den aztertzen duena da. Zati ezberdinen arteko lotura diaporamen bidez eginen da. Sartzeak aitzinetik erosi beharra



Ikusgarria bi alditan emana izanen da, Barkoxeko elizatik hurbil kokatua den pilotalekuan. Bi emanaldiak gauez emanen dira, arratseko bederatziak eta erdietatik goiti. Alabaina, jakinez pilotalekuak 800 bat lagun bakarrik biltzen ahal dituela, sartzeak aitzinetik erosi beharko dira. Hamabi euroan izanen dira txartelak salgai, honako tokiotan: Zinka ostatuan, Maule eta Atharratzeko turismo bulegoetan, Barkoxeko herriko etxean, Fabien ostatuan eta Saru Kafean, eta, azkenik, Baionako Ekhi ostatuan.

Dokumentuaren akzioak