Dokumentuaren akzioak
Zuberoako maskarada Donibane Lohizunen barneratuko da, lehen aldiz, UEUk antolatuta
Maskarada ikustekotan, oro Zuberoan gaindi ibiltzera bortxatuak izaten dira. Hala ere, Udako Euskal Unibertsitateak atzotik hurrengo igandera arte antolatu zikloari esker, horrelako ekimen kultural bat Donibane Lohizuneko bazterretan ikusteko eta preziatzeko aukera izanen da hurrengo larunbatean. Inauterien garai hau baliatuz eta azken urte hauetan Ipar Euskal Herriari begira daraman ekimenaren barnean, UEUk maskaradari buruzko ziklo bat antolatzea erabaki du.
Ziklo hau Donibane Lohizuneko Dukontenia gelan paratutako erakusketa batekin hasi zen atzo eta igande honetan burutuko da. Xabier Isasi maskaradari buruzko erakusketaren ate-irekitzean zegoen eta ekimen honen helburua azaldu zuen.
«Azken urte hauetan Ipar Euskal Herriko beharrak eta hutsuneak identifikatu eta horiei aurre egiten saiatzen ari gara. Oraindik egin beharrekoa asko izan arren, gaur (atzo) hemen aurkeztuko dugun egitasmoa lan horren emaitzetako bat da», adierazi zuen.
Ildo horretan, egitasmo honen helburu nagusia ezagutza ezberdinak gizarteratzea dela goraipatu zuen. «Ezagutzaren eta gizartearen arteko zubi-lanak egin nahi ditu UEUk», erran zuen.
Larunbatean ikusgarria
Hau dela eta, jadanik azken garai hauetan Ipar Euskal Herrian gaindi zenbait eztabaida eta mintzaldi antolatzen aritu direlarik, astebete iraunen duen ziklo honen gai nagusia, erran bezala, maskarada izanen da.
Horretarako, herri kutur horri buruzko ezagutza zabaldu nahian, ziklo honen barnean hainbat eztabaida antolatuak izan dira. Hala eta guztiz ere, ziklo honen hitzordu nagusia larunbata honetan Donibane Lohizuneko karriketan agertuko den maskarada da. Gamere Zuberoan gaindi joan den urtarrilaz geroztik aurkezten ari den ikusgarria da, hain zuzen ere, azalduko. Goizeko hamaikak eta erdietan, maskarada honek biltzen dituen berrogeita bost dantzari eta aktore izanen dira karriketan barrikadei hasiera emanez.
Ondotik, berriz, bazkalondoan, arratsaldeko hirurak eta erdietan emanen diote hasiera ikusgarri nagusiari herriko Louis XIV plazan. Maitena Carment UEUko Ipar Euskal Herriko ordezkariak aipatu zuenez, «Zuberoa, Ipar Euskal Herriko lurralderik txikiena bada ere, tradizioa ondoen babestu duena dela erran genezake. Kultura gizarteratzeko daukagun helburuarekin interesgarria iruditu zaigu, beraz, maskarada plazaratzea». Honela, erran bezala, Inauteri garaiko ikusgarri hau izanen da zikloaren hitzordu nagusia.
Txomin Peillen zikloaren aurkezpenean zen maskarada antzerki mota bat dela aipatu zuen: «Dantzak bere lekua izan arren, maskaradaren berezitasuna hitzetan da. Ikusgarriak herriz herri itzulia egiten duelarik, herri bakoitzeko gaiak aipatzen ditu. Erraterako, Pitxurekin batera peredikua egiten duen Kabana pertsonaia oso garrantzitsua izaten da, eta baita bohameak ere», gogoratu zuen.
Zuberoan maskarada mendez mende atxiki bada, berritzen jakin izan duelako atxiki dela erran zuen. «Berritzen dakien ikusgarria ez da hiltzen», erran zuen.
Horretaz gain, maskaradan egiten den kritika soziala aipatuz, «Lapurdiko Inauteri berri baten izpirituak kritiko eta salatzailea» izan beharko lukeela gehitu zuen. Ildo honetan, Donibane Lohizunera etorriz lekuko salaketak egingo zituztela erran zuen.
-------------------
Mintzaldi eta mahai-inguruak, maskaradaren aitzakian
A.B. DONIBANE LOHIZUNE
Udako Euskal Unibertsitateak Donibane Lohizunen antolatuko duen zikloaren ekitaldi nagusia Gamere herriak eskainiko duen maskarada bada ere, beste hainbat ekimen ere antolatuak izan dira. Maitena Carmentek jakitera eman zuen bezala, Dukontenia gelan eskainia den erakusketa ikusgarriarekin batera, «Zuberoako maskaradari buruzko zehaztasunak ukateko» parada izanen dute ziklo honetara hurbilduko diren ikusleek.
«Ikusgarri honen historia eta pertsonaien funtzioa eta ekintzak hobeki ezagutzeko mahai-inguru eta mintzaldiak antolatuak izanen dira larunbata arte», gogoratu zuen.
Lehen mintzaldia, horrenbestez, gaur bertan azalduko dute. "Zer dira Zuberoako maskaradak" gaiaren inguruan. Patxi Laborda UEUko irakasleak eskola antzeko bat emanen du lekuko lizeo eta ikastetxeetan diren ikasle euskaldunentzat.
Arratsaldeko zazpietan, berriz, mahai-inguru bat antolatua izan da, Txomin Peillen, Dominique Agergarai eta Patrick Queheillen parte-hartzearekin.
Hitzaldiak maskaradetan parte hartu dutenekin eginen direnez, eztabaida honetan Zuberoako maskaraden historia jorratuko dute. Azkenik, larunbata arratsean "maskaradak eta sinesmenak" gaiaz Joseba Aurkereneak hitzaldia emanen du.
Hitzaldi hauek guztiak dohainik izanen dira eta Donibane Lohizuneko Dukontenia gelan iraganen dira. «Euskal kulturara hurbiltzeko parada izanen da ekimen honekin», erranez bururatu zuen Carmentek.
Dokumentuaren akzioak