Dokumentuaren akzioak
Zuberoako haizeak Azpeitian
Hebentik...zubiak egitasmoa gauzatu da asteburuan eta Zuberoako kulturarekin bat egin du herriak
Sanagustin kulturguneko kideek eta Mixel Etxekopar (Gotaine-Irabarne, Zuberoa, 1963) musikariaren arteko harremanetik sortutako topaketak izan dira. Honela, 'Hebentik... zubiak' ekimena ipini zuten abian eta hiru egunotan gauzatu da. Atzo, hirugarrenean, pilota eskolak jaso zituzten Ilunpe pilota elkarteko haurrek eta bertaratu zirenek, Michel Iturria zesta-puntako pilotari ohiaren eskutik. Gero, aukera bera izan zuten azpeitiarrek dantzekin. Dantza-jauziak ikasi eta ikusteko -dantzara animatu ez zirenek- aukera izan zuten. Ordu eta erdian, herriko plazan, hainbat pieza dantzatu zituzten.
Elkartrukearekin jarraituz, bazkaria zuten gero Sanagustin kulturgunean eta arratsaldean, kultura trukaketari amaiera emateko, 'Pilotarhi-tza' ikuskizunaz gozatzeko parada izan zuten.
Hebentik kultur taldekoekin batera, Azpeitiko hainbat taldek hartu du parte estraineko trukaketa honetan, kantuan, pilotan edo dan-tzan, hain gertu eta era berean hain urrun dauden bi herrialdeak batuz.
Egitasmoa pasata, ez dute nahi ordea herriko kulturzaleek ohitura onak alde batera lagatzea eta dantza-jauziak berreskuratuko dituzte. Zuberoako adituengandik ikasi ostean, hileroko hitzordua jarri dute eta hileko bigarren igandeetan bilduko dira dantza herrikoi hauekin gozatzeko. 12:00etan, herriko leku ezberdinetan egiteko aukera egongo da, Itsasi, Sahatsa, Dantza Suelto eta Sanagustinekoek antolatuta.
Dokumentuaren akzioak