Kultura transmititzea eta trukatzea Zuberoako dantzak, kantuak eta bertsoak oinarri harturik. Asmo hori betetzeko sortu du Aitzindariak elkarteak Aitzina Biga ikusgarria, eta Maulen hasiko du ibilaldia, apirilaren 19an. Ondotik, maiatzaren 1ean, Miarritzeko Gare du Midi aretoan (Lapurdi) emanen dute ikusgarria, maiatzaren 24an Arrasaten (Gipuzkoa), eta maiatzaren 31n Iruñean. Uztailaren 12an finituko dute bira, Atharratzen (Zuberoa).
Aitzina Pika ikusgarria eman ondotik sortu du lan berria Aitzindariak elkarteak, Zuberoako dantza eskolen elkarteak. Eta bertako kide Maiana Ligetxen arabera, 110 artista inguru bilduko ditu denera. Aitzina Pika-ren formatu bera atxiki dutela zehaztu du, eta hiru ardatz landu dituzte Zuberoako dantza gai nagusi harturik: «Lehenik, Zuberoako kulturan den desafioa landu nahi izan dugu, herrien arteko desafioa handia baita dantzaz mintzo garelarik. Bestalde, transmisioaren erronka mahai gainean eman nahi izan dugu; eta azkenik, trukaketa kulturala nola gauzatzen ahal den pentsatu dugu».
«Lehenik, Zuberoako kulturan den desafioa landu nahi izan dugu, herrien arteko desafioa handia baita dantzaz mintzo garelarik. Bestalde, transmisioaren erronka mahai gainean eman nahi izan dugu; eta azkenik trukaketa kulturala nola gauzatzen ahal den pentsatu dugu» MAIANA LIGETX Aitzindariak elkarteko kidea
Ligetxen arabera, Zuberoako dantzak erdigunean ematea erabaki dute zuberotarrek beren dantzaz «biziki harro» direlako. Dantzaren eta kantuaren arteko lotura «azkarra» dela gehitu du, eta bi elementu horien inguruan antolatu dute emanaldia. Horrez gain, kontatu du zenbait ardatz landu zituztela ikusgarria sortzeko, eta Aitzindariak elkarteko langileak egin diagnostikoaren ondorioz sumatu zutela dantza eta kantu ikusgarria sortzeko beharra. Ligetxen erranetan, hain zuzen ere, Zuberoako dantza eskola gehienetan ibili ondotik piztu zitzaion ikusgarri amankomun bat egiteko gogoa.
Euskaraz aritzeko parada
Zuberoako dantza eskolen arteko ikusgarria ez ezik, Aitzina Biga-k euskaraz aritzeko parada ere ireki du. «Arnasgune guti ditugu gure inguruan, eta dantza ikusgarri hau prestatzean euskaraz aritzeko gunea eskaini nahi izan dugu», aipatu du Ligetxek. Eta nahiz eta kide anitzek elkar ezagutzen duten bertze ekitaldi kultural edota besta batzuetan topo egin dutelako, herrien arteko nahasketa eta adinen arteko ikusgarri bat sortzea lortu dutela, eta horixe ere ospatu du. «Ez dut uste sekula prest sentituko garenik ikusgarria jendaurrean plazaratzeko, baina herri eta adinen arteko nahasketa eta elkar ezagutza kausitu dugula, bai, erran nezake».
Azken urte eta erdian aritu dira ikusgarria prestatzen. Hainbeste artista koordinatzeko, lantaldeak egin dituzte, eta «erregularki» segitzen dute biltzen. Elkarteko bulegoa bi aste guziz elkartzen da ikusgarriaren alde teknikoa antolatzeko, eta gainerateko lantaldeek, berriz, haien erritmo propioa dute, Ligetxek zehaztu duenez. Antzerkilariak lehenak izan ziren biltzen, testuak eta idazketak «lan handia» galdegiten duelako. Dantzariei dagokionez, berriz, iazko martxoan hasi ziren lanean, baita kantariak ere, ikusgarria muntatzeko lanketa baitzuten aurtengo neguan.