Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zuberoa zeharkatzeko prest, maskaradak hasi dira Barkoxen

Dokumentuaren akzioak

Zuberoa zeharkatzeko prest, maskaradak hasi dira Barkoxen

Egilea
Rebeka Parras
Komunikabidea
Gara
Tokia
Barkoxe
Mota
Albistea
Data
2009/01/12

 

Eguraldi ezin hobeaz lagunduta, aurtengo lehen maskarada eman zuen atzo Barkoxek. Zuberotarrek goizetik ekin zioten jaialdiari barrikadekin. Ondoren, kerestuen jokoa izan zen eta eguerdian, emanaldi nagusiari heldu zioten. Ohitura zaharrak oroitzeko asmoz ehun pertsonatik gora hurbildu ziren herriko plazara. Izan ere, hamalau urte luzetan Barkoxek ez du maskaradarik antolatu eta ez da arraroa beraz, aurten, Zuberoa autobusean zeharkatuko duen neguko inauterian gazte ugarik parte hartu izana.

Guztira, 48 gaztek osatutako taldeak hamabi emanaldi eskainiko ditu. Pertsona asko direla onartu zuen bezperan Joanes Etxeberriak. Kabana handiaren pertsonaia hartu du berak eta azaldu zuenaren arabera, hainbeste jende izateak emanaldia oztopatu barik, aberastasuna eman dio. Horri esker, aspaldian ikusi gabeko pertsonaia batzuk parte hartu ahal izan dute. Ondorioz, hartzaren eta ingelesez kantatzen zuen apaiz beltzaranaren pertsonaiek begirada ugari bereganatu dituzte.

Jai eguna barrikadekin batera goizeko 10:00 aldera hasi da. Garai batean barrikada horiek hitzaren zentzu zorrotzenean betetzen ziren arren, gaur egun, arizaleak dantza egiten dute barrikada igaro eta trukean, hamaiketakoa edo aperitiva jasotzeko helburuarekin. «Lehen, barrikadak benetakoak ziren eta herrian zehar batzuk jartzen ziren antzezleak ez pasatzeko. Barrikada horiek garaitzea eta herrira heltzea zen helburua», adierazi du Etxeberriak. Halere, tradizioa urteekin aldatuz joan da eta jada ez da benetako barrikadarik egiten.

Gauzak horrela, kantuz, pintxoz eta ardoz lagunduta hamabi bat barrikada gainditu zituzten barkoxtarrek. Ondoren, kerestuen jokoari hasiera emateko prest, herriko plazara heldu ziren. Ohitura orokorrak dio jokoa emanaldi nagusiaren ostean hasi behar dela, baina Barkoxeko ohiturak aurkakoa dio.

Beraz, herri antolatzaileak agindu ohi duenez, eguerdiko 12:00 aldera hasi zen jokoa. Emanaldiaren atal honetan arazo nagusia, esatariak biarnesez mintzo direla da. Lau kerestuek bertaratutako askorentzako ulergaitza zen diskurtsoari ekin zioten orduan. Ohikoena eginkizun hori bi gizonek betetzea bada ere, aurten andre banaz lagunduta sartu ziren herriko plazara.

Momentu gorena

Eguzki izpiek gogoz jotzen zuten herriko plazan dantzariek emanaldi nagusiari hasiera eman ziotenean. Aitzindari edo dantzarien txanda zen eta berritasun gisa, gorriak eta beltzak taldetan banatuta ekin zioten dantzatzeari. Etxeberriak azaldu zuenaren arabera, bertako dantzari eskola oso zorrotza da ikasleekin. «Dantza eskolak, maskaradak ematen dituenean, beste herrietan dantzariak erakusteko baliatzen du», adierazi zuen zuberotarrak.

«Maskarada bat egiten dela dakizularik -jarraitu zuen- joaten zara beste herrietara zure herriko dantzariak zenbat balio duten erakustera. Horri, garrantzia handia ematen zaio eta Barkoxeko eskola oso zorrotza da. Hemen bada dantzatzeko modu bat beste herrietan ez dagoena. Badakit, hemengo irakasleak biziki zorrotzak direla eta aspalditik gogorki lantzen dutela».

p048_f01_250x128.jpg

Orduan, hizketaldi, perediku, dantza eta buhame zein buhaminak sortutako eromen zalapartatsuak plaza hartu zuen. Pitxu, kauterak, xorrotxak, jaun eta andrea, hartza, apaiza eta beste hainbat pertsonaia agertu ziren. Buhameak mundu osoan zehar ibili ostean ikusitako eta ikasitako guztia umoretsu eta zalapartatsu kontatu zuten.

Ondoren, lehen maskarada ikustera bertaratutakoek kauteren diskurtsoa entzun zuten atzokoan. Horiek, ironia puntu batez lagunduta, Barkoxeko istorio zaharrak berri bihurtzen saiatu ziren.

Azkenik, buhame eta kauterak denak elkarrekin bralea dantzatu zuten. «Bralea dantzaldi bat da», azaldu du Etxeberriak, «Publikoan bildutako neskak, dantzatzeko hartzen ditugu, baina momentu azkarra izaten da hori», gaineratu du.

Joanes Etxeberriak, Xiberoko Boza irratiko kazetari eta Gonzalo Etxeberria margolariaren semeak, beteko du aurten Kabana handiaren papera. Jauna eta anderea, hurrenez hurren, Arño Lexardoi, Jean-Febien Lexardoi pastoral errejent edo zuzendariaren semea, eta Cecile Ordokihandi dira. Pitxu zirikatzailea, Daniel Lagune izango da eta buhameen nagusia, Mattin Agor. Kantariak Christope Galant eta Alain Etxeberri izango dira, inauteriari ahotsa jarriz. Kerestuak Elixabet Urruti, Maddi Casenave, Julien Cabanne eta Allande Latsagaborda dira. Atzokoan horiek ikusteko paradarik hartu ez zuenak, izango du aukerarik, apirilaren 12ra arte eramango baitute maskarada Zuberoan barna.

Dokumentuaren akzioak