Zortzikoa da Lizarragako festetako ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa. Larunbatean egiten dute, mendian dagoen San Adrian ermitan eguna pasa ondoren, herrira jaisten direnean. "Dantzak sekulako interesa eta indarra dauka", esan du Agurtzane Letonak. Egun horretan, txistua laguntzen, kriskitinak jotzen ditu. "Aurten ere, noski. Niretako inportantea dantza bera da. Kriskitinak eta abar dantza egituratzeko momentuan erasten joan diren elementuak dira".
Zortzikoan herriko jendeak parte hartzen du, "herritarra", eta urtero-urtero aurrera ateratzen dute: "Entseguak egiten dituzte, jende berria sartzen da eta ikasten dute...". Zortzikoa bukatzen denean sumatzen den "poza" gustatzen zaio Letonari, "beste urte batean egin dugularen sentsazioa; hori oso pozgarria da". Herrian oso barneratuta dagoen zerbait da, eta horren erakusle da apirilean plazan mustu zuten plaka da.
Kriskitinak
"Istorio oso xumea da, ez naiz profesionala; Lasarten trikitixa eta pandero eskola bat genuen, eta behin Irungo adineko jendez osatutako talde bat ikusi genuen, leku guztietan dantzan ibiltzen zena, eta kriskitinak erabiltzen zituztenak". Hortaz, behin trikitixa eta panderoa jotzea eskatu zieten eta horren ordez kriskitinak jotzen erakustea eskatu zieten: "Duela hamabost bat urte izan zen; hartu eman bat polit bat izan zen". Fandangoa, arin-arin eta kalejiraen doinuak kristikinekin jotzen ikasi zuten, "trikitixarekin egiten genituen doinuak, gehienbat". Horrela ikasi zuen Letonak kriskitinak jotzen.
Kriskitinak egurrezko bi "zatitxo" dira, soka batekin lotua, eta eskuan jartzen dira; eskua irekitzean eta ixtean eta harekin mugimenduak egiterakoan erritmoa sortzen dute. "Erritmoa markatzeko izaten da; kolpe lehor bat: kla kla klaklakla, erritmoaren arabera". Dantzariak hobeto entzun edo eramaen dezaten erritmoa markatzen du Lizarragako zortzikoan.
Nola bururatu zitzaien Lizarragako zortzikoan txistuarekin batera kriskitinak jo? "Hori da zatirik politena". Letonak kontatu duenez, duela pare bat hilabete orain dela 30 urteko bideo bat jarri zuten Lizarragan, eta bertan San Adrianera erromeria agertzen zen: "Bautista txistua jotzen hasi zen; berak doinu bat gogoan zuen, eta bazekien dantza bati lotuta zegoela". Adineko jendea doinu hori jarraituz garai batean dantzatzen zen moduan dantzan hasi zen. "Garai batean zortzikoa, orain zortzikoa esaten dena, gazteek dantzatzen zuten, neska-mutilak haien artean saltsetan pixka bat". Gaur egun, jarraitu du Letonak, aldatu egin da eta "dantza erritual" bat bihurtu da, "askoz ere serioagoa". Aldaketa emateko urte pila bat pasa dira, eta urte horietan dena egituratzen joan dira, "dantza bera". Jantzietan ere aldaketak izan dira, eta "pausu zehatz batzuekin ateratzen ginen plazara". Denboraren poderioz, "gauzak hobetzen edo egituratzen" joan dira, orain dagoen modura iritsi arte, "eta ez du esan nahi hemendik aurrera aldatuko ez denik". Herriko jendeak parte hartzen du, eta bakoitzak "iaioa den diziplina erakusten du". Hortaz, dantzariek dantza egituratu eta erakusten du... "Partitura baino ez genuen, eta harekin doinua eta dantza atera zen".
Duela bost bat urte hasi ziren txistuarekin batera kriskitinak jotzen, "probatu genuen lagutzen eta gustatu zen, ondo ateratzen zen, odno ematen zion dantzari, eta horrela gelditu zen". Hasiera batean Letona ere dantzatzen zen, "baina lesio batengatik utzi nuen, ezin nuen, eta nik zer nekien egiten zortzikoan parte hartzeko? Krikitinak". Horrela hasi zen. "Iruditzen zait xumea dela, baina oso polita". Beste herri batzuetan dantzariek jotzen dituzte, eta "agian" Lizarragan noizbait joko dutela esan du Letonak.