Herriko ostatuan zortzikoa dantzatzen dutenak imitatzen ari da Ballarena. Lehenbiziko solairuan hasi dira txistulariak zortzikoa jotzen,13:00etan, eta dantzariek zangoak mugitu dituzte hamar minutuz, gelditu gabe. Adin guztietako dantzariak elkartu dira, eta haien saltoekin hasi da dardarka solairuko lurra, jendez betea. Abiadura geroz eta handiagoa hartu dute musikariek, eta dantzariek geroz eta azkarrago mugitu behar dituzte hankak. Aurpegi gorria duten dantzariek jaka jaurti dute, irrintzi bat bota bitartean. Geroz eta zailagoa da erritmoari eustea, eta lehendabiziko solairua berotuz doa bertan dagoen jendeari eta leihotik sartzen den eguzkiari esker. Azkenean, hamar minutuko zortzikoa eskaini eta gero, ikusleen txaloak jaso dituzte. Txalotzen ari diren horietako bat da Cristian Rios iruindarra. Laugarren aldia du Lantzeko inauterietan, eta bi lagunekin etorri da, tradizioan oinarritutako besta haiei erakusteko asmoz: «Kalejira ikustea maite dut, baita mozorroak ere. Oraindik ez dut ikusi Miel Otxin nola erretzen duten, baina uste dut aurten bai ikusiko dudala».
Nahiz eta tradizioan oinarritutako besta izan, 1936ko gerrak isildu zuen antzinako ohitura. Julio eta Pio Caro Baroja anaien Navarra cuatro estaciones (Nafarroa lau urtarotan) dokumentalari esker berpiztu ziren inauteriak Lantzen, 1964an. Duela 60 urte argitaratutako lanean bildu nahi izan zituzten herritarren ohiturak, hurrengo belaunaldiek lekukoa hartzeko.
Lekukoa gogotsu hartu du Maider Arrasatek, eta, urtero bezala, txatxoaren mozorroa jarri du ostatuko ganbaran. Bertan janzten dituzte mozorroak, «ez pasatu» kartela idatzia duen eta heldulekurik ez duen ate baten atzean. Bihotza «saltoka» duela esan du Arrasatek, eta tripetan sumatzen duela urduritasuna: «Ez dakit nola erran, baina urtarrila hasi bezain pronto sentitzen dut zerbait tripetan, eta gogo handiz hartzen ditut inauteriak». Hainbat kolorerekin egindako arropa zaharrak hartu ditu, eta urtero egiten duen tunturro berria. Tradizioa urtero berritu behar omen da. Txatxo bakoitzak badu bereizgarri egiten duen tunturroa, eta haien artean badakite nor den nor herriko kaleak hartzen dituztenean. «Adrenalina ikaragarria sentitzen dut korrika eta oihuka ateratzen garenean Miel Otxinekin batera. Ni saiatzen naiz umeak gehiegi ez beldurtzen», esan du Arrasatek, irribarre bihurria ahoan.
Arrasateren ahaleginak ez dira oso eraginkorrak izan. Santa Kruz kaleko 35.etik txatxoek sardeak atera bezain pronto, umeen oihuak entzun dira. Beldurrik gabeko ume batek sardeari heldu dio atea berriz itxi baino lehen, aurpegi bihurriarekin, baina korrika ihes egin du txatxoaren aurpegia ikusi bezain pronto. Ate horretatik atera dira zakuekin estalitako arotzak, eta ostatuari begira daudenak beldurtu dituzte: buelta eman, eta aurpegirik gabeko izakia ikusi du emakume batek, eta sakelakoa lurrera erori zaio. Baina txatxoak oraindik ez dira atera; haien sardea ikusi da, besterik ez, eta urduritasuna da nagusi. Ostatuko atean kolpeak ematen dituzte ume batzuek, eta horren truke leihoetatik botatzen duten lastoa jasotzen dute. «Ziripoten lastoa!», oihukatu du Ane Bienzobasek, aho zabalik. Azkenean ireki da ostatuko atea, eta hasi da anabasa. Erratzak eta sardeak hasi dira dantzan, txatxoen oihuen artean. Zaldiko ere atera da Ziripotekin batera, eta haien atzetik Miel Otxin erraldoia. Umeen eta txatxoen oihuak txistuen doinuarekin nahasi dira.
Plazara iritsi baino lehen, arotzek Zaldikori ferrak jarri dizkiote guztien aurrean. Tradizio hori arrotza egin zaio Bienzobas gazteari: «Baina hori ez da zaldi bat!», esan dio amari. Amak azaldu dio Zaldiko zer den, baina Bienzobasi ez zaio zentzuzkoa iruditu: «Nola jartzen ahal dizkiote ferrak, zapatilak baditu?». Hortik abiatu da Zaldiko plazara, Ziripot etengabe bultzatuz eta zapalduz. Kolore uholdea oihuka sartu da plazara, eta Marta Arburuak, hunkituta, argazki kamera atera du Miel Otxini argazkia ateratzeko: «Dokumental batean ikusi nuen Miel Otxinen irudia, eta nire begiekin ikusi nahi nuen». Miel Otxin inguratu dute txatxoek, eta haren inguruan zortzikoa dantzatu dute kolorez jositako tunturroekin. Arratsaldean, ostera kalejira, Miel Otxin hil eta sutan erretzeko. Zortzikoaren doinuarekin agurtuko dituzte inauteriak Lantzen, datorren urtera arte.