Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zortzikoa mara-mara

Dokumentuaren akzioak

Zortzikoa mara-mara

Eguraldi txarragatik, ohi baino bisitari gutxiago izan da Lantzen inauterietako egun handian; baina elurra gorabehera, pertsonaia guztiak atera dituzte kalera herritarrek, eta plazan erre dute Miel Otxin.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lantz
Mota
Albistea
Data
2013/02/13
Lotura
Berria

Kanpoan elurra, baina barruan inauteri. Eguraldi txarrak ohi baino intimoago bilakatu zuen atzo inauterietako egun handia Lantzen (Nafarroa). Kanpoko bisitarik gehien jasotzen duen eguna izaten da asteartea, baina ehunka pertsona joan arren, ez zen izan beste urteetan adinako jendetzarik. Hotzak ez zituen herritarrak kikildu, halere, eta gogotsu atera ziren kalera. Arbasoek eta arbasoen arbasoek egin ohi zuten bezala. Izan ere, lehengo bezain oraingo baita festa. Arkaikoa eta gaurkoa. Garai bateko landa giroaren eragin pekoa, eta puntako teknologien garaikoa. Eta atzo ere izan zen horren frogarik. Argirik ez apenas ostatuko sabaian, eta zapia soinean, txatxu batek besteari galdera: «Aizu, zein da udalaren e-maila?».

Zalantza egin zuten goizean, halere. Ziripot atera edo ez atera egon ziren, eta bazen dudarako motiborik. Elurtuta zeuden inguruak eta herriko kaleak, makina bat ere ibili zen plaza garbitzen, eta ahal zutena egin zuten zenbait herritarrek palekin ere; dena hotz eta dena zuri, eta gehiago zuritzeko itxura zuen, gainera, mara-mara ari baitzuen tarteka. Beldur ziren Zaldikok lurrera botatzean, Ziripoten jantzia busti eta hautsiko ote zen. Ez da garrantzirik gabeko kontua, Joseba Ariztegiren hitzetan. Urteak daramatza pertsonaia horren larruan, eta barrutik ezagutzen ditu jantziaren tolesturak. «Ongi dagoenean, gozatu egiten da, baina gaizki dagoenean, sufritu egiten da asko. Ongi badago, dena masa bakar bat balitz bezala da, eta ez da zaila eramaten, baina bestela, oso nekeza izaten da».

Goizak aurrera egin ahala, ordea, elurra atertu, eta pertsonaia guztiak atera ahal izan zituzten eguerdian: inauteri osoa. Ongi gosaldu, eta ostatuko sabaian jantzi zituzten mozorroak gazteek, eta txandaka utzi zieten bisitariei festaren zati horretaz gozatzen. Hiru pertsona, guztira, Ariztegi Ziripot bilakatzeko. Haren inguruan, iratze multzo eder bat, eta bizkarrean basurde larru bat, mozorroa uretik babestu ahal izateko. Denborarekin, urrituz joan ziren pertsonak, eta ugarituz txatxuak, harik eta zapidunak nagusitu ziren arte. Heltzear zen beren ordua. Kaleratu egin zituzten bisitariak ostatutik, eraikineko atea itxi, eta isiltasun une bat izan zen. Kanpoan, denak adi, zurezko atea noiz irekiko zain, eta sabaitik botatzen zieten iratzea saihestu nahian. Ziripot izan zen ateratzen lehena, bare eta motel, jendea pixka bat apartatu, makilarekin atean kolpe pare bat eman, eta kalean ziren guztiak, zalaparta batean hartu zuten herria. Elur artera egin zuen salto inauteriak.

Zortzikoa, lautan

Denak batera ibili ziren gora eta behera, baina baita bakoitza bere rolean ere. Ziripoten urrats motelak, Zaldikoren eraso ikusgarriak, Txatxuen oihu eta ezkilak, perratzaileen tresnen burdin hotsa, Miel Otxinen aurpegi irribarretsua... eta zortzikoa, azkenik. Zortzikoa, batez ere, mara-mara. Hori da festaren elementu adierazgarrienetariko bat, eta horregatik, lautan jo zuen atzo doinu bera Mintzo Garaikoetxea txistulariak: zortzikoa gosaldu ostean ostatuan, zortzikoa plazan kalean mozorrotuta gora eta behera ibili eta gero, zortzikoa bazkal ostean, eta zortzikoa iluntzean Miel Otxin erre bitartean. Caro Barojatarren ekimenez, 1964an herriko zaharrek Iruñeko Zilbeti txistulariari ostatuan marmarian abestutako doinu bera da Garaikoetxeak urtero arnasberritzen duena. Atzokoa kontatuta, badira 16 urte horretan dabilela.

Izan ere, ahazte bidean zen inauteria Lantzen, harik eta 1964an Caro Baroja anaiak agertu ziren arte. Haien lanari esker berreskuratu ahal izan zuten ohitura hura, eta presente da oraindik ere haien itzala herrian. Euskal Herriko hainbat tradiziori buruz dokumental bat grabatzen zebiltzan orduan (Nafarroa, lau urtaroak), eta Lantzen jende zaharraren testigantza bilduta berritu zuten ohitura zaharra. Behin baino gehiagotan azaldu behar izan zieten atzo ere herritarrek bisitariei kontu bera. «Asko jaso genuen haiengandik, baina haiek ere bai gugandik».

Lezioa eta erratza

Eusebio Ariztegik, adibidez, gogoz errepikatzen dio istorioa galdetzen dion edozeini, neke arrastorik gabe. Bere istorioa da, azken finean, baina ez berea bakarrik. Korala da kontakizuna; herri osoarena. Eta horrek erakarri zituen atzo EHUko antropologia ikasleak Lantzera: Caro Barojatarren lanak, eta inauterien sakoneko esanahia ezagutzeko gogoak. Gorka Alvarezek —hirugarren mailan dabil—, azterketa batean nola, hala eman zituen azalpenak Aizpea Leizaola irakaslea adi zuela. Zuzen: «Bandolero bat zen Miel Otxin, eta Zaldikok haren laguntzaile lanak egiten ditu. Ziripotek herriko gizon indartsua irudikatzen du, eta perratzaileak erakusten du kulturak natura menpean hartzen duela». Eta baietz buruaz irakasleak. Eskolan ongi ikasia zuten lezioa, baina atzo ezagutu zuten antropologo gaiek txatxuen erratzen kolpea.

Korrika umeak, oihu txikiren bat ere bai helduren batek, eta argazki kamera asko, ostatutik plazarainoko ibilbidean. Txistulariak erdian, inauteriko pertsonaiak inguruan, eta jendea begira. Ander Esain izan zen txatxu rolean ibili zenetariko bat, eta pozik mintzo zen eguraldia txarra izan arren herrian jasotako bisitengatik. «Guretzako harrotasun handia da gure herrian halako tradizio bati eutsi ahal izatea». Izan ere, berreskuratu zutenetik, aldaketa gutxi izan ditu errituak, eta zinez sinplea da ekintzen kontaketa. Xumea erabat, baina baita ikusgarria ere: gosaldu, mozorrotu, kalean gora eta behera ibili, zortzikoa dantzatu, bazkaldu, mozorrotu, kaleetan gora eta behera ibili, Miel Otxin tiroz hil, zortzikoa dantzatu, eta joan da beste urte bat.

Altsasu. Odolez bustiak ospatzen dituzte Altsasun inauteriak. Momotxorroak adarrak buruan eta ardi larrua soinean ibiltzen dira herriko kaleetan, eta parean topatzen dituztenei txerri odola botatzen diete. Horren aurretik, odolaren erritua egiten dute. / LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS


Uztaritze. Neguaren itzaltzea eta udaberriaren iratzartzea ospatu zuten atzo Uztaritzen, Hartzaro festibalaren azken egunean. Zanpantzar erre aurretik, zirtzilak ibili ziren herriko karriketan, eta haiekin batera, hartza, musikariak eta beste pertsonaia ugari. / GAIZKA IROZ


Unanu. Burdinazko maskara jantzita, etxez etxe ibiltzen dira Unanuko mamoxarroak, eskuan makila daramatela. Etxeetan ematen dietenarekin afaria egiten dute ondoren, eta afaldu eta gero, dantza egiten dute mamoxarroek plazan. / LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS


Gosariaren ondoren, ostatuko sabaian elkartzen dira herriko gazteak Lantzen, eta bertan janzten dituzte txatxu mozorroak. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS


Txatxuak, perratzaileak eta Zaldikoa herriko plazan, Miel Otxinen inguruan dantzan. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak