Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zortzikoa: alai eta dotore

Dokumentuaren akzioak

Zortzikoa: alai eta dotore

Gasteizko Zortziko berezia dantzatzen dute urtero abuztuaren 5ean, udaletxearen aurrean. Indarra Euskal Kultur Elkarteak berreskuratutako dantza da, duela mende bat idatzitako testigantzetan abiatuta.
Egilea
Juanma Gallego
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2022/08/01
Lotura
Alea

Zortzikoa: alai eta dotore

Abuztuaren 5ean goizeko hamabietan da hitzordua, Plaza Berrian. "Beren eginkizunak bukatzen dituztenean, udaleko kideak kalera ateratzen dira, alkatea eta kultura zinegotzia buru dituztela, Gasteizko banderarekin", azaldu du Indarra euskal kultur elkarteko lehendakariorde Josu Arcek. Ondoren, dantzariak sartzen dira, kalejira moduko batean. Bikoteka egiten dute. Gasteizko musika eskolako txistulariek lehen sarrera bat jotzen dute orduan, neska eta mutil guztiak lotsak alde batera utzi eta plazara atera daitezen. Pixkanaka, plaza guztia dantzariez betetzen da. Zortziko "serioa" abiatzear da.

Serioa, bai. Zehazki, "serio y ceremonioso". Horrela deitu zion beste garai bateko kronista batek, eta bigarren batek ere seriotasun hori aipatzen du. Hortaz, seguru aski, hain serioak ez ziren zortzikoak egongo ziren, baina horiek ez ziren egingo ba udalaren aurrean. Eta agintari instituzionalek parte hartzen bazuten, seguruenera ez lukete egingo hain modu agerikoan. Munduan ez da inoiz egon festa bete-betean harrapatua izan nahi duen politikaririk. Ez bada Boris Johnson.

Gure zortzikora bueltatuz, hogei minutu inguruz hainbat dantza egiten dituzte bertaratutakoek. Ez edonola, gainera, agiri historikoak aztertuta berreskuratutako modu jakin batean baizik. 

Agirietan oinarrituta

Indarra kultur elkarteko kideek 1987. urtean ikertu zuten dantza berezi hau, konturatu zirelako XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako hainbat idazlek halako bati egiten ziotela erreferentzia. "Agirietan azaltzen da udal guztia plazaratzen zela, eta zinegotzi eta alkateen familiakoak ere dantzan ateratzen zirela, eta horiekin batera aritzen zirela herritarrak, zortziko serio bat egiteko".

Honezkero jaietako programa ofizialeko hitzordu garrantzitsua bihurtu da. Hasiera batean arratsaldez egiten bazuten ere, 2004an proposatu zioten udalari Ama Birjinaren omenez egiten zen eguerdiko mezaren ostean egitea, eta hala izan da gaurdaino.  

Oinarri historikoa izanda ere, hutsune asko bete behar izan dituztela dio Arcek. "Lurpetik arkeologoek zeramika pieza bat ateratzen dutenean ere hutsuneak bete behar dituzten modu berean".  Dagoen informazio apurrarekin ezin da jakin zein zen musika zehatza, baina garaiko partituretan oinarritu dira jatorrizko testuinguruarekin ahalik eta antz gehien izan dezan. Berdina egin behar izan dute dantzekin. "Oso zaila litzateke pausu guztiak berreskuratzea, noski, baina ahalegindu gara".

Dena behar bezala atera dadin, abuztuaren 3an egingo dute entsegu nagusia, 21:00etan, plaza ahalik eta libreen dagoen une batean, hain justu. Beti ere, abuztuaren 5ean dena ondo atera dadin. "Gogoa duen edozein pertsona batu daiteke festara". Gogoa eta bikotea baino ez dira behar, eta bigarrena, noski, beti aurkitu daiteke bidean.

Dokumentuaren akzioak