Dokumentuaren akzioak
Zortziko; dantza emanaldia atzera eskainiko da, baina formato txikian
Duela hamabi urte eskaini zuten lehen aldiz, eta luzaroan izan zen antzokietan
Juan Antonio Urbeltzek ekoitzi zuen Zortziko dantza ikuskizunak beste ibilbide bat abiatuko du igandetik aurrera. Estreinako aldiz taularatu zenetik —duela hamabi urte— hainbat aldaketa jasan ditu, baina oraingoa handiena izango da. Izan ere, garai haietako handitasuna alde batera utzi eta agertoki txikiagotara moldatu dute emanaldia.
Frantziako nazioarteko folklore jaialdi baterako pestatu zen Zortziko, 1988an. Ikuskizun horretan 200 dantzari eta 20 musikari izan ziren agertokiaren gainean, eta arrakasta handia izan zuten. Garai berrietara egokitzeko aukera ikusi du orain Urbeltzek, eta igandean dantzaldia beste formato batean aurkeztuko da. «Dantzari eta musikari gutxiago izango ditugu, baina kalitatea berdintzeko asmoa dugu», azpimarratu zuen zuzendariak atzoko prentsaurrekoan. Eskaini zituen datuen arabera, 70 dantzarik eta dozena bat musikarik hartuko dute parte ikuskizunean. «Eta kopuruak edozein dantza taldearena bikoizten du; beraz, ez da eskasa», nabarmendu zuen.
Zortziko dantza ikuskizuna atzera taularatzea ere erronka da Juan Antonio Urbeltzentzat: «Erronka interesgarria, aurrerantzean emanaldiak formato txikiagoan eskaintzeko parada ematen didalako». Horren haritik, beste toki batzuetan emanaldiak prestatzeko aukera zabalik ikusten du.
Antzinako euskal dantzak taularatzen esperientzia zabala du Urbeltzek. Harenak dira, besteak beste, Alakiketan, Murixka edo Kondharian (dantza eta ipuinak biltzen zituen ikuskizun arrakastatsua).
Zenbait gehikuntza orijinalari
Urte asko dituen ikuskizuna izanik, oraindik ere aldaketak jasan ditu Zortziko-k. Hori dela eta, Aguraingoa «benetako estreinaldia» dela azpimarratu du ikuskizuneko zuzendariak. Guztira, hamahiru atalek osatuko dute emanaldia, eta bi ordu inguru iraungo du. Tarte horretan sokadantzak, ezpata-dantzak eta Zuberoako dantzak ikusiko dira, besteak beste.
Ikuskizunak aurretik zituen dantzaldiez gain, beste bi gehitu zaizkio: Alakiketan ikuskizunetik Gipuzkoako sokadantza moldatu da, eta Kondharian-etik zazpi ahuntzen dantza, Nafarroako Otsagi herriko dantza bat.
Talde ugaritako musikari eta dantzariak oholtzan
Nahiz eta duela hamabi urteko Zortziko baino pertsona eta azpiegitura gutxiago behar izan, talde eta toki askotatik aukeratutako dantzariek eta musikariek hartuko dute parte. Dantzarien kasuan, gehienak gipuzkoarrak izango dira. Elgoibarko Aritz, Donostiako Argia edo Añorgako Arkaitz taldeetako kideak, esaterako. Haiekin batera, Iturengo zanpantzarrak edo Claude Iruretagoienaren taldeko dantzariak. Musikariei dagokienez, gehienak Argiakoak izango dira, Iruñeko Ezpelur taldekoak lagunduta.
Aguraingo Harresi aretoak 400 lagunentzako tokia du, eta sarreren salneurria 600 pezetakoa izango da.
Juan Antonio Urbeltz; Zuzendaria
«Aguraingoa erronka interesgarria da, dantzari eta musikari gutxiago erabiliko baititut orain emanaldietan»
Dokumentuaren akzioak