Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zortzi taldek parte hartuko dute EDBk bultzatutako euskal dantza lehiaketan

Dokumentuaren akzioak

Zortzi taldek parte hartuko dute EDBk bultzatutako euskal dantza lehiaketan

Ipar Euskal Herriko taldeei irekia den lehiaketa abuztuaren 15ean eginen da Egun osoko besta bat antolatu du Euskal Dantzarien Biltzarrak Luhuson

Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2003/08/06

«Gaur egun dantzatzen ditugun doinuak noizbait norbaitek asmatu zituen, beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu geroari begira, dantza sorkuntza indartzea», helburu horrekin bultzatu zuen duela urte bat eta erdi Euskal Dantzarien Biltzarrak euskal dantzaren sorkuntza lehiaketa.

Geroztik aritu dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantza taldeak lehiaketa hori prestatzen, eta orotara, EDBk biltzen dituen hirurogei dantza taldeetatik zortzik aurkeztuko dituzte sorkuntzak.



Hastapenean, Dantza Federazioak hamar talderen parte-hartzea espero bazuen ere, baikor zen zortzi dantza talde horiek bildu zituelako.



Ipar Euskal Herriko hiru eskualdeetako dantza taldeak ordezkatuak izango dira lehiaketa horretan. Basusarri, Zuraide, Barkoxe, Luhuso, Ezpeleta, Paue, Mithiriña eta Senpereko taldeak izango baitira. Guztiak talde amateurrak dira, eta bakoitza bere musika taldearekin agertuko da txapelketa egunean sorkuntza eskaintzeko. «Txapelketan parte hartzeko musikaren hautaketa librea da», adierazi zuen Serge Isteque EDBko lehendakariak. Abuztuaren 15ean, beraz, dantzari guztien sorkuntzak epaituko ditu dantzari profesionalez osatutako epaimahaiak.



«Dantzari gehienak Euskal Dantzarien Biltzarra erakundetik kanpokoak dira», adierazi zuen berriz ere Serge Istequek. Hori dela-eta, epaimahaian izen ezagun zenbait aurkitzen ahalko dira; horien artean, Peio Zabala, Mizel Theret dantza sortzailea, Christophe Juste EDBko kide ohia, Xabier Mendizabal eta Biarrizko Baleta taldeko bi kide dira, besteak beste, talde hori osatzen dutenak. «Aurkeztu diren dantzen musikak askotarikoak dira. Talde batzuek gaita izango dute, beste batzuek txistua, baina perkusioaren erritmoekin egina den musika ere eskainiko dute», gehitu zuen EDBko lehendakariak.



Bi orenez hamabi dantzariz osatutako talde guztien ikusgarriak eskainiko dira, eta arratsaldeko seietan, epaimahaiak deliberatzen duen bitartean, «Lembrazas Gallegas» galiziar dantza taldearen ikusgarria izango da. Zazpietan, berriz, erromeria eta dantzaldia izango da, eta arratseko zortzietan Irlandako musika entzuten ahalko da CEL 3 taldeak saioa egingo baitu.



Gaua Kiki Bordatxoren dantzaldiarekin burutuko da. Ikusgarria kanpoan egiteko asmoa daukate. Euria egiten badu, ikusgarri gelan eginen dute.



Euskal Herrian hedatzeko asmoa

A.B.



BAIONA



Aurretik Euskal Dantzarien Biltzarreko arduradunek adierazi zuten bezala, lehiaketa hau bultzatzearen helburua gaur egungo dantza errepertorioa aberastea da.



Duela urte bat eta erdi biltzar nagusi batean proposatu zen lehiaketa hau antolatzea. Gehiengoak, hau da %70ek, baiezkoa eman zuen, eta beste %30 ezetzaren alde agertu ziren. Alde horretatik, Euskal Dantzarien Biltzarraren baitan betiko eztabaida sortu zela esan zuen Serge Isteque lehendakariak. «Geroari begira, ezin dugu beti dantza berak egin. Lehiaketa burutu eta azterketa eginen dugu, eta ikusiko dugu txapelketa Euskal Herri osoan zabaltzen dugun edo ez», adierazi zuen lehendakariak, eta EDBren baitan ere zenbait kide berritze horren aurka azaldu zirela esan zuen.



Hortaz, lehiaketa bultzatzea erabaki dute, eta hainbat arau finkatu zituzten.



Horien artean arau hauek daude: sorkuntzak lehen aldiz txapelketa honetan aurkeztua izan behar zuela, Euskal Herriarekin lotura zuzena izan behar zuen doinu eta gai bat asmatzea, eta lehenago dantzatu gabeko musika bat erabiltzea.

Dokumentuaren akzioak