Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Zorionez, Euskal Herriko arte eszenikoen kalitatea altua da"

Dokumentuaren akzioak

"Zorionez, Euskal Herriko arte eszenikoen kalitatea altua da"

Norka Chiapusso

dFeria nazioarteko jaialdia zuzendu du urteotan, eta ondo ezagutzen ditu arte eszenikoak. Euskal Herriko zenbait antzerki talderen lanak erakutsi dira aurtengo edizioan ere.
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/03/16
Lotura
Argia

Donostiako CNTko idazkari nagusiaren iloba zara. Familian arnastutako askatasun grinak lagundu dizu sorkuntza zaletasunean?

Nire osabarengandik askatasuna ulertzeko modua ikasi nuen. Antzerkizaletasuneranzko lehen urratsak amaren eskutik eman nituen, txiki-txikitan. Bi horiek haziak izan ziren, geroxeago uztartu egin nituen.

26 antzerki eta dantza garaikide konpainia datoz dFeria jaialdira, horietarik hainbat Euskal Herrikoak dira.

Zorionez, arte eszenikoetako sorkuntzaren kalitatea altua da. Ez dira denak kabitzen, baina urtetik urtera oreka aurkitzen saiatzen gara. Esan bezala, kalitatea ez da hemengo arte eszenikoetako arazorik larriena, ez antzerkigintzan, ezta dantza sorkuntzetan ere. Mehatxuak kanpotik datoz: merkatuen ahultasuna, zergak, kanpora ateratzeko erraztasun falta, sare eta zirkuituen arazoak…

Euskarazko antzerkiak publiko gutxitua duela esaten da. Bat zatoz?

Gaztelaniazko ikuskizunekin gertatzen den bezala, euskara hutsezko ikuskizun batzuek antzokiak betetzen dituzte eta beste batzuek ez. Antzezlanaren araberakoa da hori, ez hizkuntzaren araberakoa.

Publikoa hezi beharra dago?

Lorcak ere esaten zuen hori, publikoa hezi egin behar dela. Programatzaileen betebeharretako bat ere horixe da, hain zuzen. Publikoari proposamen ugariak aurkeztu behar zaizkio, kontzeptu ezberdinen aukera eman. Publikoak badu ikasteko grina, proposatzen diren jarduerak –tailerrak, topaketak, entsegu irekiak...– gainezka egoten baitira. Bere ibilbidean dFeriak leihoak parez pare ireki dituenez, ausardia handiko publikoa erakarri du.

Sortzaileentzat publikoaren figura gero eta garrantzitsuagoa da, harekiko gertutasuna nahi dute.

Sortzailea da figura nagusiena sektore honetan. Sortzailea eta publikoa, noski.

Programatzaileek ez duzue ospe onik sortzaileen artean, askotan sortzailea baztertzen delako kudeaketa guneetatik.

Beti egongo da norbait, antzokian nork eta noiz egon behar duen esango duena. Eginkizun hau ez da erosoa, jakina.

Zein irizpidez programatu behar da?

Irizpideak anitzak dira: kalitatea, agertokia egokia den ala ez, publikoaren jarrera, teknika… Baina kontzeptuak ere kontuan eduki behar dira, hots, publiko ezberdinak bilatzea, istorio interesgarriak eskaintzea eta lehen aipatutako askatasun zentzu hori hedatzea.

Donostia 2016 gero eta gertuago dago. Erronka handia da hiritarrentzat. Kultura gosea, premia eta garapena handitzen doan zerbait da?

2016 proietuak garrantzi handia dauka, aukera paregabea delako. 2016 ondoren, Donostian urteotan sortzen ari diren harremanek eta sinergiek fruitua emango dute; prozesuetan oinarrituta eta hiritarren dinamika berriak bermatuta, arterako espazioak eta sentikortasuna berreskuratzea dira erronkak eta etorkizunean iraunkorrak izango dira.

Norka Chiapusso, ezkerretik hasi eta hirugarrena, dFeria jaialdiaren aurkezpenean.
Norka Chiapusso, ezkerretik hasi eta hirugarrena, dFeria jaialdiaren aurkezpenean.

Dokumentuaren akzioak